Hiru. Leihoaren begi zabalduetatik begiratzen bata, beste biak ertzeetatik, bi belar gaizto bailiran.

        Zopa ketsua mahaian. Magnetofoi beltzetik sortzen den musika iluna, musika dzinbi dzanba belarrietan jota, buru muinetatik paseatzen.

        Han hirukok zeruko inpernuaren solasaldian. Bi hitz bota eta hurrengo laurak ixildu. Abioi bat. Musika berriaren zarata. Bi edo hiru txori.

        Zopa eztarritik pasatzen poliki, amultsuki, gure zulo kazkar hori ferekatzen, ahaztu gabe mihia, pixka bat erre, glub, barruraino.

        Berriz zalia bete, plateraren alde batetik bestera, paseo batean, zopa tantak enbarkatu burnizko submarino aerodinamikoan, lurrina apurtu bidean, bat edo bi erori, besteak, horik lagundu nahirik urduritu, alperrik! Zalia gora, ahoraino, ezpainen kontakto bustia, harridura, hortz gogorrak, polizi txuriak, saltoa ondo emanez leku on batetan erori ahoaren barrenean.

        Pittin bat mikatza, leihotik, bai ikusi dut begiratzen ari zaidala, ez nik zerura begiratzen nuen, bueno bai hortaz konturatzeko nik ere begiratu egin dut.

        Zopa barruraino sartu da. Serbiletaren koloreek jolasten dute nere begietan, ausartuko banintz begiak altxatzera, ez naranja eta berdea dira, baina, poliki nire sudurretik sartu dira, baina bidaian begietaraino iritsi dira, biletea balio izan zaie, ez zaizkit elkarrekin etorri, bata ezker aldetik, bestea erditik hilargi betea dibujatzen duenetik.

        Bai, berdeak hilargiaren izpi bat jaso du, eta izarraren hankaren azpian etorri da. Ez du pentsatu besteak bakarrik uzten zituenik, etorri da eta kitto.

        Mahaia plastiko baten azpian apresatua dago, biluzik ederra litzatekeena, zoro alkandora honekin atsoa, plastikoaren zimurrak aurpegia itsusitu egiten diotenak, plater guztiak hankaz gora botako banitu? Orduan, mahaiaren edertasun naturalak ikusteko aukera izanen nuke.

        Lagun bat hurak bustiko luke, besteak ardoak. Espektakulu mundiala.

        Ez, zopa bukatzeko bi goilarakada falta zaizkit, eta hauek izaten dira zailenak. Horretan kontzentratu behar naiz ongi egiteko, nere arreta guztia jarririk ez bainioke neure buruari barkatuko hots txikienarik ere sortzea.

        Badijoa azkenaurrekoa aurrera, stop, mihiaren puntarekin topatu da, mihia alderdiratu, goilararen ezker aldera pasa eta pausoa libre utzi.

        Gaurko zirko hontan, presaka bizi diren zopa edale guztiek, ez dira seguruenik plateraren hondoaren koloreaz jabetu, ez baitute astirik izan, azken goilarakada, hots, plateraren hondoa erakusten diguna, hartzeko.

        Ba rito bat behar lukeen operazioa betetzera noa.

        Nire lagunak ez dira mementuaren garrantziaz ohartu. Aurrera begiratu dut. Ez da hilargiaren bidea ikusten. Hor daude kamamila erdi ustelak, jardineko arbola, telefonoaren kableak, pareko etxearen leiho itxiak, eta balkoian trizikloa, baina zerua ez da agertu zoparen azken pausoen lekukoa izateko.

        Paisajeak Himalaiako tristura gogoratzen dit. Ez, ez pentsa inoiz Himalaian izan naizenik, baina pentsatzen dut zuk hau irakurtzean hori pentsatu izan duzula, eta hori eta Himalaiaren tristuraren edertasuna izan dira hartaratzeko arrazoiak.

        Zoparen lekukoak hemen eta nik ezin erabakirik hartu. Orain sartu beharko dut zopa ahoan, ala segundu batzuk gehiago itxoin beharko dut, agian atzeratu beharko nuke, nire lagunen hizketaldia beroa izan arte, orain epela baita ala beharko du ixiltasun guztia?

        Kezka honek egiten dizkit indarrak ahuldu, ezin dut goilara eutsi, plateran utzi behar dut.

 

© Maripi Solbes