Ez neska, hau ez dun masturbabatzeko unerik egokiena, ez ahal haiz konturatzen jendea begira ari dela, eta badakin hori bekatu ez bada ere, bateren bat harritu egin litekeela hi horrela ikustean.

        Bai Fadnek erran zidan atzo. Inoiz ez nuke horrelakorik pentsatuko, hain gazte tinkoa izanda! Pertsona arrunt batek hori egiteak ez ninduke harrituko, baina norbait izatera deitua zena, ez, benetan, zenbait gauza ulertezinak ditut gizonaren ahulezia ikusita, garai batetan Niestze-k arrazoia zuela uste nuen, baina konturatzen naiz gauzak diren bezain gogorki ez zituela argitu.

        Arnasarik hartu gabe, klaxon bat ere entzun gabe, idatzi dut horrelako diskurtsoa, beldur bainintzen ez ote zitzaidan heriotzea iritsiko hitz burdin hauek bururatu baino lehen, baina zoritxarrez pultsoa lehen bezalakoa da, murrin bat egiten dit ispiluan ikusten dudan neskatxak, eta ez zekinat zer erantzun, seko lehortu da nere buru hibaiaren euria, horrelako bide luze grizabalean, harkaitzak deus gehiagorik ez eta tarteka belarraren salbuespena bi edo lau kilker gordetzen dituela bere aterpeko seaskan.

        Txakur bat edo bi paseatzen dira hibaiaren iturbidetik begi batez aurrera begira eta bestez gaineko ile gorriari.

        Zaunkak, karraxi meheak, txantxangorri gazteak buruaren larrean galdu dira, uztarik gabeko lurreetan, truka ezinezko trumoiak, aldagaitzazko aire Vals-ak frekuentziarik gabeko mugimenduak, indardun luze zuloak, hilez betetako hartz harriak, Erronkaritik ekarriak, eta hirian hiritaz guztien pozez eta algaraz zutitutako irudia ia ia egiazko arramazka nabaritzen zaiela beren gorputz hipotetikoan, baina badaezpada ere hartzari laztan bat ere egin gabe.

        Ardoa ixurtzen da hartzaren begietatik, hiritar mozkortiak ari dira edaten, tanta bat ere galdu gabe, irrifarrea, ez zaie jelatu, ebaki egin zaie ezpain tartean eta odolka, alkoholezko odola dariete ertzeetatik kamisara bi tanta iristen dira eta eskuaren bi erdiko behatzekin beheko ezpaina altxatuz kokotza ukitu eta alkandoraren botoietan ahantziz, besarkatu eta nolabait bustitu.

        Emazterik ez duen mozkorra, hartzerik ez du izango, emakumeak ez baitira kolorez eta usainez erosten, diruz baizik, eta dirua dadukanari ardotan ibiltzeko, ahitu egiten zaio beste jolasetarako. Damutzen bada ere jainkoaren Miserikordia miserablerik gabe ez da ezer izango, eta berriz, apaizaren eskutik erdiko bidea jarraitzen ez badu, mozkor irrifarretsu horren azken egunak ez dira seguruenik zure jauregi handiaren izango, eroetxeak hotelak bilakatuko zaizkigulako.

 

 

© Maripi Solbes