Udazko gorputz biluziak, behin eta berriz deusereza sudurretik, pentsakizun dorrea eta paperezko ohartxoa.

        Luma honen experimentu berriek ez dituzte eguneko izar txuriak ez eta gaueko hodei lurrinak bilatzen.

        Komuna baino leku egokiagorik bada serafita antzerako basamortu ipui bat kontatzeko, trapezioaren hegoak, Aliziaren lepoa ala pilota baten ertz beroa.

        Adieraz niezazkizukeen loreak zapuztu dira, bi ale irrixtatu dira nire eskuetatik, eta lurrera iritxi gabe, magalean, gonaren laguntzaz tolestatuz han kulunkan kuluska luzea amets zilar horiz beteta osatu dute.

        Ez naiteke poliki, ihesketaz, umeen jolas etengabeko eta arinez bezala mintzatu.

        Presaka banabil, lantegiko tximenearen kea banintz bezala, ez da gaur postariak ez duelako utzi amodiozko karta bat eskaileren zoko ilunaren buzoian,

        ez! eta berrogeita hamar mila bider ez!

txoriei galdetu nere ibiltzearen arrazoia, haiek baitakite gora iristeko, haizearen bide urdina hartzeko, pentsamendua ez dela aski. Bateren baten eskuak fuerte heldurik une bateko bidaia egiten da

        baina handik itzuliz gero azukrea eskubeteka hartu behar da, eta bidean ikusten diren hibaitxo eta harrixkei ale bat beren zilbor hestean jarri, alferrikakoa bihurtzen da bestela bidaia eta hori ezina dugu, ez baita hori gure nahia.

 

 

© Maripi Solbes