Kafe likitsa. Argi bat piztu. Maite zindudalako ezagutu ninduzun egun ketsu hartan.

        Zure begiradari izpi alai bat zeriola nere begiekin jolasten, beste mementu askoren solasen truke. Behatzen duintasuna, poxpoloek bihotza lehertzen. Neri, beti bezala, bat eskaini, zigarroaren taupadak sentitu behatzen tartean, txikitan bezala, kalean genbiltzala indioen fletxak gure buruan erortzen zirenean, kurarez ondo pozoituak.

        Eskua luzatu, Gin-Kas erdia. (Atzo pixka bat lotsatu egin nintzen zu ikusi zintudala, lehendabizi zure ezpain bustiak sentitu nituen, gero sekulako hutsune madereroa). Gin-Kas eztarrian zintzilikatu, goraka bultza, txistu pixar batez ito eta sudurraren gordian, pausoka, hilen bidea hartu hilak ez bait dira zerura joaten, gure azpian daude, gure kakaren usaina gogora arazteko, bada ez bada ere ahanz ez ditzagun.

        Tabernaria, baxuak garbitzen, mandalarekin eskuak ondo lehortu eta ea bihar arte gelditu behar ote genuen, ahotsa eskuak bezain lehorra zuela.

        Mementu hartan, horixe pasa zitzaidan burutik, eta ametsgarri ideia hura suntsi ez zedin, hitzez arraposturik eman gabe baietz adierazi nion.

        Eskailerak gora. Paretan espainia zirudien tatxa, eskuarekin barandila helduz doinu armonikoaz hornitzen nuen irudia nere barnean.

        Zuri poltsikotik heldu eta ate aurrean eskuarekin bizarra ferekatu, ezpainak, masailak, begiak, kopeta, ilea, bizarra ahoarekin zure hortzekin pare eginaz mihiaren ballet eroaren hasiera. Zure eskua nere bularraren beroa bi latuz, nik lepotik oratu gertuago sentitu nahiz.

        Botoi bat askatu, bi, hiru, abenduaren haize hotza ez zuen ahantzi nahi gure gorputzak, gu kokots luzeak, Van Gogh-ek enamoraturik hartu egin izango zituen modeloak.

        Haize deunari borrokatzeko gogorik gabe, gu artilezko maitaleak izara eta ohe arropen beroa bilatuz.

 

 

© Maripi Solbes