Algarazko uneak, belarrietako loreen gisa joan dira.

        Kalearen habian arrautzatik sortu gabeak diren amets lotsatiak, buru berdearen zabaltze hestua, haizean amildutako historien sehaska.

        Nire bular beroaren pisua, ispiluetako irudi hori borragomaz ezabatua, une honek asmatutako ortzadar bustia, atzetik adats luzea eta luma kizkur maitearen dirdira.

        Gorputz egunekotasunaren laudorioa; betiko kartzela matematikoaren gorespena, grina piska batez ezin itotzezko bizia, barakuiluaren harrizko oskola.

        Bai begia, bai lepoa, bai esku luzeak, bai aluaren gaineko ilea, bai belaunak, bai, bai, bai...

        Ez bait gara konturatzen hauek ez ditugula gureak haragizkoak izanik lapur ahalezkoak dira, eta maltzurrago eta tritakorrago dena sal eta luatu daitezkeenak.

        Gauaren saguxahar urdinez ari ginen, baina beti zerbait interesantez ari garenean bezalaxe, asmo ahul eta kaskarinak alde egin du gure aldetik eta gaueko txalupa erromantikoaren ondora hurbildu da.

        Ez da historia hau kontatu beharra nuelako hau idatzi dudala, baizik eta alderantzizko historia errelatatzeko gogorik ez nuelako, hau geldi bedi gure arteko sekretoa bezala zeren juntakoei, gizon langile eta errespetagarri horiei, beldurra diet.

        Ez esan goiko baratzeko gezurrak ez direla hazi, azkeneko euriek eta atzo arratseko kazkabarrak hondatu egin dituzte gure gezur zoro mardulak, bertan hil dituzte gure esperantzak egonezia eta ajolagabezia sortu dira gure baitan, ez ginateke Operara joango jakin bagenu holakorik gertatu behar zuela.

        Txalupa berdearen izen galdua, nonbait hor, arraien magalean dago, urak eramana, izenak ez baitira, eta ez litzateke batere egokia bihotzeko gauzak izendatzea.

        Lokarria hautsiko da: gaur, bihar, datorren hilabetean, eta izenik gabeko txalupa izenaren bila joango da, txori moko-luze, hego-motz batek lagunduko dio bidean eta izarretan izenaren hizkiak aurkeztuko dizkio.

 

 

© Maripi Solbes