Hautsontzi urdinaren alferkeria nagusitu da nere behatz tartean. Aspaldiko azukre koskorraren azula desitsastua eta dentsitate ahulezko txanpoia bere azpian besoak loturik adimena galduta ontziaren hondoan. Gurutz giltza irudi astuna llaberoa ahoan txintxilikatua daukala eta gertuzko egurraren kresala arearen konsistentzia hauskorra ezin dastatuz.

        Boligrafoa eta luma karnabalaren gizatzarrak, etzanda, ehortzita, (gazte hiltzea hobe baita okerragoa zer den ezin jakin ahal izateko). Hilargi amandrea dutela sudur puntan, begiak izpi leun batez estaltzen dizkiela orainoko luzea den bidaia jakin ez dezaten.

        Ez dago kaleko amorrazione izkutuaren agerpenik, kolore eza sartu da leihotik eta ikaragarrizko iluntasunean suntsitu gaitu, zaunkak eta irriak biraka aldendu dira leihotik ia ezereza, lurralde gabeko errenak bere erresuma sortu du, baina bisuts arrotz madarikatu batek bere insolentzia gazteaz haizea hornitu du.

        Horrelako pareta txuriak ez dira inoiz dantzaren mirariaz jabetuko, ezin dituzte hautsi beren marra beztuak, ezin gaitezke jarrai fantasiapeko mundura, han marrek ez dute paretik osatzen, marrak giristino txikien katexima zaharra dira. Galderen erantzuna, borobil osatu eta osatu gabeetan, negar ontzietan eta eliz traktoreetan ematen diete praileek neskei, mojek mutilei. Neskamutilek berriz errespontsabilitaterik gabe marra berde horixkak, erantzuna bezala kantazko pistola lotsagabea dute, deusetarako balio ez duen zilarrezko pistola.

        Trenaren prozesioak bere kandelak itzali ditu, gaua ez baita otoitzaren laguna. Ortzi du jauntzat, gizonik balego hontaz sinets dezakeena, bestelaz, gaua gauaren jaunak haize morroiari bere abileziaz, kandelen azken arnasa dantza luze batetan ken dezala aginduko dio.

        Eta txingurriek, trenaren moldez, formaz, eraketaz eta kolorez suplantatu dituen munstruari beren madarikazio guztiak eskaintzen dizkiote, eta beste zerbait eskaintzekotan, beren ahoaren girlia, bitsa zuria, gorrotoaren errekatik, desesperazio tunelen azpitik pasatzen den hortatik, elektrizidadezko baporean azken erregalu eramanen zioten.

        Gaua haurdun dago. Galaxia ez ezagun bateko mediku bibotea etorriko da. Umea bi zentimetroko ahate pentsakorra, eta bere pentsamentu tartean egunaren giltza dakarrelarik, bere amaren odolezko zauria sakonduko du, eta ama odoleztatuz eguzki berriaren sorlekua determinatuko du.

 

 

© Maripi Solbes