Zure bila noa, oso poliki lainoen artean. Irristatzen zaizkit jertsetik eskuak bustitzeraino.

        Miatzen ditut poltsikoak harri ttikia topatzeko. Oso poliki biltzen duen papera erauzten, beroarekin txunditu editen dut.

        Oso sakoneraino sartzen da. Biraka hasten da buru gainean dudan argia, eta uso bat bihurtzen denean itsaso zabala agertzen da dantzalari eta belarria moztuta duen gizon bat.

        Baina, ez, ez da Van Gogh, aurpegira begiratu diot eta ikustean bere begietatik ateratzen ziren bi barraskiloak bakoitzak lore bat zuela adarren artean konturatu naiz etxegintzako langile bat zela.

        Usaitu dut karea eta igeltsoa, urez nahasten denean, haizea ere usainekin bat egiten duenean, giroari ematen dio bere burnizko kolorea.

        Nork zezakeen pentsa horrelakorik, atzo bertan, (goiz ala arratsaldea berdin da) tripaz gora, etzanda, plaian eguzkia hartzen zeudelarik? Eguzkiak ez du behar adinako indarra, usaimena pizteko, gogoratzen naiz nola behin, eguzkiak gora ume jokuetan parte hartu nahi zuelarik, urruti jaurtikia izan zen, eta orduez geroztik Artizarrak, gero eta argitasun handiago du.

        Haritz asko daude nire sudurraren bi aldeetan, baina inoiz ez dut pentsatu ni basoaren zentroa izan nintekeenik, nahiz eta batzutan hala iruditu, ez baitziren ez Koperniko ez Galileo berririk jaioko ni nere okerretik ateratzeko. Alperrikan izango zen orduan ezagututako gezur bat sinistu, eta zai egon, ea noiz iritsiko ote zen gure salbatzailea, zapi zuri eta garbi batez sudurreko mukiak kentzeko.

        Haritzen artean, zeru izpiak pasatzen lira, beldurturik batzutan, zotinka eta negarka gehienetan.

        Basoak bere odola erakutsi du, eta xurgatzeko prest dauden zomorroak bat batean etorri dira. Ezin zaie ikara kendu, ezin lasaiturik gabiltza Behekoerrekako haritzak.

        Zer kontatuko zenioke zuk zure lagunari odola xurgatzera doazela baldin badakizu? Tonto plantan jarri ala kubo batetan mundu guztiko presenteak eraman?

        Zer orduan?

        Ondo. Zuretzako problemarik ez bada, haitzur bat hartu, eta etxe ondoko soro eta baratzak landu. Jarrai zaitez etengabe kamioien zama arintzen.

 

 

© Maripi Solbes