Zeruko haizearekin nahasten ziren arrainen kantak arratsalde hartan.

        Arratsalde hura ez zen goizeko lorpen bat, hilargiari lapurtutako bat baizik. Horregatik arratsalde hartan ezin zitezkeen gauzak geldik gera.

        Musikaren ke horia saltoka zebilen, adarrez adar, azkar batzutan, lainoa bezala besteetan.

        Baina hautsi zen derrefente, zinparta batean, zarataren erregea etorri zen, energiaz kargatutako gurdi arin batetan. Begi bakoitzean, perla more batek dir dir egiten zuen, begiaren ozeanoak ikusten uzten ez zituelarik.

        Bustita zegoen arratsaldea.

        Itsas ertzean gizon batzuk, oskolak eta panpin urratuak biltzen zituzten, gorri kolorezko egur zatiak, eguzkiz betetako zapi borobil batzu. Gizonek ez zuten elkarren artean hitzik egiten. Hitza beren pentsamenturako gordetzen zuten. Izkutatzen zuten esku tartean bere begirada galdua. Indarrarekin maitatzen zuten, baina itsasoak ixil arazten zizkien beren penak.

        Oso korrika loreen artetik, ipotxa atera zen. Bere irrifarrea erakutsi eta sugearen mugimenduarekin, plaia eta gizon guztien gainetik kokatu zen.

        Harek bazekien, arrunt ongi gainera, arratsalde hartan, ez zuela deus ere egiterik, hala ere jarraitu zuen, plaia eta gizonen buruak ikaratzen.

        Etorri izan bazina momentu hartan! Diferente arnastuko zenuke orain, bai, askoz ere hobe dastatuko zenuke oxigenoaren mikatz gozoa.

        Ez zaitez damutu, inork ezingo zuen hori egin arratsalde hartan, tontotuegiak zeuden zegoenekoz hiritarren birikak.

        Ezin ditut zure hitzak soportatu, faborez, ixil zaitez. Bai, hobe horrela, utzi poliki oso poliki musikari bidea libre sar dadin zure belarrietatik ferekatzen indartsuki edo ahul buruko oztopoa.

 

 

© Maripi Solbes