Leihotik ari naiz begira.

        Adar berde, berde bat begi bistan. Bustita dago. Baina sekulako kolorea du. Euriak busti du. Adarraren makiltxoek oso kolore iluna hartu dute uraren eraginaz, eta atzerago ondoko etxearen pareta gorria ikusten da.

        Hau guztia, txoko argitu hau, euri tartean fijatu da bi segundu nere kopetan eta aldegin baino lehen, Josu soldado hori bururatu zait irrifarrezka.

        Eta ez nituelako bi segundu hauek pasatzen utzi nahi, luma esku artean irristatu baino lehen, hartu dut luma, kapusaia kendu, eta trentza hau lotzen hasi naiz.

        Egunak eta egunak pasatzen dira gaurik izan gabe.

        Txori azkarrenak udaberriraino heldu dira, eta bere kolore berde horitsuak ekarri dituzte kantutan.

        Hanketan zekarten lazo urdin batetan irakurri dut asko gizontzen diren mutilak ez direla berriz umeak izaten. Eta txoria izateko eta tankeen gainetik ibiltzeko, bonben usainen beldur izan gabe umea izan behar dela.

        Ume Josu, udaberri honetan, hartu lore asko, eta gorde zure buruaren txokoetan, horrela bakarrik ezingo da kearen eragina zure bihotzeraino iritsi.

        Asko maite dudan Josu hori imajen bat besterik ez da une honetan. Imajenak askotan, filmetan bezala, biziak izaten dira, beste askotan bizia etengabeko imajen bat da.

        Noiz izango dut zure sudurra ikusterik, amona mantangorri bat duzula puntan? ala bira biraka derrepente blish blash, plunba.

        — Ay va! Kaixo Josu, nola hemendik?

        Hau bolara ez da?

        Ez dakit zar pozoin arrarua duzun baina oso imajen politak ekartzen dizkidazu burura, eta idatzi nahi badizut ba momentuan ikasten dudana kontatu behar dizut.

        Konta iezazkidazu zuk ere, zure uneak, zure bizia, zure ilearen usaina, nolakoak diren ikusten dituzun eguzki izpiak.

 

Bueno, tori,

hartu musu lotsati hau.

eta atzean datozen

beste musu lotsagabeak.

 

 

© Maripi Solbes