Pailazo bat zegoen herri batetan. Armistizioko egunean jaioa.

        Ez zeukan, ez sudur gorririk ez aurpegia txuriz estalita, pailazoek ohi duten bezala.

        Egun batez hirirako bidea hartu zuen.

        Hara eta hona zetorkigun, farrez eta algarez, txistez eta dantzaz, bolatinak, birak, izarrak, dizdirak...

        Ez genuen hartaz berri haundirik jakin.

        Alde batetik fidatzeko zen informaziorik eman zezakeen pertsonarik ez zegoelako, eta bestetik gure estatua hain haundia zelarik miaketak hasiz gero, oraindik bi urte pasata, azken herriaren berriak iritsiko ez zirelako.

        Hiriko enparantza nagusian, zaharrak, zerriak eta barazkiak lagun, eguzkia zeruan dirdir zegoela, errepresentazioari ematen zion hasiera.

        Aurrena gizon errena eta maingua, karitatez, borondatez eta purgatorioko arimengatik bost zentimoko sosak eskatzen zituena, horrela pitinka-pitinka betetzen zuen eskuan zeraman platertxoa.

        Errenaren historiak (eta gehienbat platertxoarenak) jendea aspertzen zuenean, bira eman, aurpegia zeharo aldatu, eta Behe Suarnietako kondea balitz bezala, sorginkeriazko zaldi izerditu eta irrifarretsua hankartean zeukala, bere bidaia eta abenturak hasten zen kondatzen.

        Marko Polo pasatutako herri batetik, izan zuen herensuge haundi batekin burruka, aurretik ezpata batez, esku hutsez; gero nola zintzarritik heldu zion eta hango hezur bat mila puskatan txikituz bere ahotsaren jabetza lortu zuen; eta nola piztia haren begi batekin mundu honetako pozoi guztien antidotoa lortu zuen.

        Gero emakumeen mundutik pasa zen. Han emakumeak ez zituen inork zapaltzen. Guztiak beren gogoz eta nahiez bizi ziren. Ziotenez bakoitzaren betebeharra nahi zuena egitea zen. Baina gauza txarrik bazen mundu hobe ezin hartan, betebehar hori derrigorrezkoa zela. Gauzak horrela ikusirik, hanka egin zuen eta dagoen lekura, Behe Suarnietara, iritsi zen.

        Han jauregiaren soldado zaintzaileaz, eta mila eta ehun eta hamaikako gauetan egiten ziren festez mintzatzen zitzaigun.

        Nolaka aho zabala, nolako ilusioz betetako begiradak jende artean. Xorta luzearen neskatxa, beti begira, eta begira eta orduak begira, ia herensugea, soldadua ala dantzaren musika ikusten zuen sasikondearen begietan.

        Sasikondea, une batez desagertzen zen, eta jendea gertatuaz ia konturatu gabe, mekanikoki, ondoan zegoenaren ahoa ispilutzat hartzen zuela, ikusitakoa komentatzen, imajinatzen eta arresten hasten zen.

        Brumm! eta zeruaren mandataria bihurtzen zitzaigun. Hemeretzi arkangel, hogeita hamazazpi kerubin, ehun eta hirurogeita bost aingeru eta bostehun saindu eta sainda bere ordenapean zituelarik.

        Hara bidaltzen zuen pailazoak, hiru arkangel eta bost kerubin. Hemen berriz, lau aingerurekin aski, iraultza aztarnak sustraitik kanporatzeko. Eta azoka enparantzan, gora eta behera aingeruak eta santuak, jendeak lekua uzten, zerriak alde batera jartzen, sainduak eta abar pasa zitezen.

        Buru garbiketak, detentzioak, inpernuratzeak. Pailazoa, zeruko fauna, lurraren jabeak eginda.

        Farre eta farre, zoroak bezala enparantzan.

        Pailazoak, lurretik trapu zaharraren paketea biltzen zuela, pausoka-pausoka, atzetik hilargia, aurretik eguzkia lagun zituela, hauzo bateko enparantzaren bidea hartzen zuen.

        Milaka eta milaka agerraldi izan zituen hiri haundiaren enparantzetan. Berak beti aurpegi ezagun bat ikusteko itxaropenarekin.

        Mila egun joan, eta hauen atzetik mila gau, mila ogi zati jan, mila aldiz trapuak bildu, mila aldiz mila aurpegi ezberdin.

        Ez! ezin zitekeen hiria hain haundia izan. Arrazoi bat izan behar zuen hark! Arrazoi bat izan behar zuen bere lanak! Mundua mugitzen zen oso azkar bere inguruan, bera hiriaren eguzkia zela? ala berak mugitzen zuen jendea, berak egiten zuen jendea lekuz aldatzea, ingurunetik bidaltzea?

        Beti farreak eta algarak, beti eskaleak, kondeak, emakumeak, merkatariak, beti zerriak eta oilandak.

        Eta estatua? Nork agintzen zuen estatu hartan? Erregeren batek? Konde batek? Poztu egin zuen ideiak, pentsatuz bera, mila aldiz mila aldiz mila aldiz mila... aurpegi guzti haien jabe izan zitekeela.

        Baina, eta galdera berri bat bururatu zitzaion, nola izan zitekeen berak, farrea sortzeko jaioa zen batek hiri nagusiaren unibertsoaren gidari, soldaduena, umeena, praileena, agintariena, harakin, arrantzale eta merkatariena, ero eta mozkortiena, homosexual, gazte eta txoriena, ikasle, jostun, haize eta poetena?

        Horrela balitz zergatik pailazo odolgoseti baten aginduak betetzen zituen jendeak?

        Bere pentsamenduekin buruan eta poliki, inork esana ez zedin, bere trapu zaharrak lurretik bildu, eta enparantzako guztiak hildakoen ametsetan utzi. Berriz, hiriko enparantza berri baterako bidea hartuz, jendeak oraindik bizirik zirauen tokira.

 

 

© Maripi Solbes