Bazen mundu bat, non, bakoitzak telefono bat zeraman zintzilikatuta.

        Telefonoaren aurrean pareta bat, atzean bi begiak, sudurra eta aho zabal eta apala zuen jendea.

        Zabala, hitz asko egiteko, apala, hitz iturriak, hitz errekak eta hitz hibaiak inori kalte ez egiteko.

        Telefonoaren bitartez, tratoak, elkarrizketak, ezkontzak, adiskidantzak egiten ziren.

        Maitasuna zen gauza bakarra telefonoz egin ezin zitekeena. Horrek biziki kezkatzen zituen herriko agintariak. Suposa dezagun, batek maitasuna egiteko gogoak izan, neska edo mutila deitu, ezagutu, baina, eta hemen zetorren beldurra, elkartzerakoan, ferekatzerakoan, musutan, zer egin telefonoez? Non utzi? Aurpegi aurrean? ezina! Eta, nola kontrolatu orduan? Gainera, arriskugarria litzateke bi pertsonek bere amets eta pentsamenduak elkarri azaltzea.

        Kroska haundi honek, benetan itzaltzen zuela piska bat gure telefonoen edertasuna.

        Mundu guztiko naturaren desorekatze jaia izan zen. Haren berri gogor eta nabarmenki hartu genuen telefonotik, guztiok bat sentitzen ginen gure herriko lantegien aurrerakuntzarekin. Badakit hau ez dela une egokia esplikatzeko zertan izan zen jaia. Baina bere ludiosotasuna eta bere koloreak ez didate aipatu gabe uztea permititzen (lajatzen).

        Jai hartatik bi hilabetera telefonoak, ez ziren lehen bezain ongi ibiltzen. Zerbait gertatzen zen.

        Berri-paperak telefono uzte batzuen berri hasi ziren ematen. Harritu egin nintzen. Ez al zen denbora asko ero guztiak baztertuak izan zirela gure mundutik? Nork, ero batek baino, egin zezakeen, telefono uzte edo mozte bat?

        Azken pentsamendu hau uler dezazuen, esplikatuko dizuet zer den guretzako telefono bat. Hitz bitan, gure buruaren zilbor hestea da. Beretik formazio guztia heltzen zaigu. Hamar, hamabost urte dugularik, egunaren edozein momentuan, gauaren edozein insomnio garaian, zenbaki bat markatu eta edozein gaiz (beti gure formazio integralerako ona izanik noski) nahi dugun informazioa ematen zaigu.

        Mens sana in corpore sano delako hori, ongi daki gure telefonoak, eta horregatik, gure arnasa eta tensioa dakielarik, edozein momentutan agindu bat bidaltzen digu jimnasia, deporte etab. egin dezagun, zein den onuragarriago une bakoitzean argituz.

        Telefonoak ere ezkontzarako bideak, edo eta errepresio eta moztasuna gainditzeko eta kortejatzeko formulak ematen dizkigu. Horrela milaka jendek bizitza alai eta osasuntsu bat osatu dute.

        Telefonoa zerebroaren ordezkoa da, honek bere egin beharrak ezin dituenean bete, gure buru aurreko aparatoak hartzen dio txanda, gure pertsonaren funtzionamendu beti ezin hobea izateko.

        Guzti hau ikusita nola izan zitekeen gazte batzu telefonoak bere burutik kentzen ari zirela?

        Eroak bai, baina nola ez zituzten ba manikomio batetara eramaten?

        Oh!, txotxolkeriak hasi naiz esaten, urteek ez dute barkamenik ematen. Nere gazte denboran ezagutu nituen nik manikomioak edo eroetxeak, literatura zaharrean azaltzen den modura, baina izenez ezagunak izanez gero ere, inork ez daki gaur egun horrelakorik zer den.

        Barka iezadazue, pixagalea sortu zait. Berehala etorriko naiz.

 

Banago, berriz gelara nentorrela beste gauza bat bururatu zait eta esperientzia nik neronek egingo banu? Inori ezer esan gabe noski. Horrela bakarrik jakin nezakeen, nire buruan dabiltzan galdeen erantzuna. Alde teknikoak sartuko lirateke orduan. Deskonexioa nola egin? Ohartuko al ziren zentraletik telefono bat deskonektatua izan zela? Edo hobe, zein telefonoa deskonektatua izan zen jakingo zuten?

        Guzti honek garrantzia asko zuen niretzako, ez bait nuen inondikan ere, inolako araudia hautsi nahi, eta nahiz eta deskonexioa ez guztiz legala izan, zilegitasun guztia eman nion nere buruari, egin behar nuena, esperientzia moduan izan behar baitzuen.

 

 

© Maripi Solbes