Sentitu ahal zara inoiz loreen artean, maindire zuriek zure gorputza enturatzen?

        Eta hildakoen negarra sentitu duzu behatzen artean?

        Bi sentimendu hauek, errealitateak bizi eta heriotzarena bihurtzerakoan, ura eta odolaren arrastoa uzten dute lur gainean.

 

                Hau bidaia bat da,

                treneko bidaia bat.

 

        Goizean, oso goiz, bostetarako esna nintzen, beldur bainintzen ez nituela rinozeronte orratzdunen orroak entzungo, horregatik bi ordu pasa nituen ohean buruko ariketak egiten.

        Batetan aldameneko etxeko amonarengan pentsatzen, bestean musuen gustoan, bestean ordua eta denboraren tiranian.

        Zazpirak eta hogeita bostetako autobusa hartu, bi gizon, zigarro bat eskuan, ahoraino, goizeko hotzak eta birikaren erresuminak eragindako estula, bestea, abrigo barruan oheraturik, bufanda, estalki moduan, ahoa tapatuz, sudurreraino, burua okerturik, begi bat bestearen zentinela, eta bere ondotik pasa naizenean, buruko astinaldi batez, begi bat besteari nere pasadaz ohartu dio.

        Eguzkia, poliki, poliki, agertuz joan da, urrutian ikusten den marra urdinaren atzetik. Nik nolabait bere gozoa sentitu nahiean, uhin bero bat sentitu dut burutik lurreraino.

        Bai gaur, gauza askoren bila noa, nere ilusioa oraingoa da zazpi t'erditakoa. Horregatik ilusio hori bizia egiteko (Ez baitago hïlik sortzen den ilusioa) oraingoan idazten ari nauzu, badakit hau aspaldian gertatutako gauzak direla, baina bizirik dirautenak eta zuk (bizitza ez dituzula) oraingoan irakurri behar dituzu, ez bait zenuke bestela inolako ilusiorekin irakurriko, pentsatuko bait zenuke.

        — Dagoeneko hila eta hilobiratua dagoen une, egun bat saiatzen ari da kontatzen, zertarako? ez al da konturatzen bere memoriaren errejistroan dagoena bost axola zaigula? Alperrikako ahaleginak (eginahalak) eta bitartean mundua biribiltzen.

        — Tipa honek jakingo ote du bakoitzak bere artxiboaren giltza irentsi egin behar duela?

        Bai, badakit guzti hori pentsatuko duzuela, baina ez dago problemarik, ez naiz hemen hasiko ez nere burua goratzen ez justifikatzen, ez bait dago zer justifikatzerik, eta hau irakurtzen ari bazara, ondo dakizu zergatik hartu duzun hau eta ez ondoan duzun diario Vascoa edo Octavio Paz, edo Hesse-n Sidhart-a madarikatua, "el árbol de la ciencia" edo Garoa.

        Juzgatzen ari natzaitu, eta agian ez zaizu batere gustatzen, molestoa zaude, roilo hau begi bistatik aldentzeko gogoak dituzu, baina hemen jarraitzen duzu, une agradable bat pasatzeko gogoekin, ideia berri bat aurkitzeko itxaropenarekin, zure une triste hori itotzeko esperantzarekin, gero Joseba ikusiko duzun ilusioarekin.

        Ez? ez dala hori? Benga, benga, denok dakigu, ezertan ezin duzula orain burua finkatu, erlojuaren orratzei nola haizea eman pentsatzen ez bada, beno, baina bitartean lerro bat edo besteren esanahiaz enteratuko zara, ez damutu, Joseba ikusi eta gero, gaizki ateratzen bazaizu, irakurri berriz.

        Baina ilusioa duzulako Joseba ikusteko, orado ulertzen zaitut nik ere ilusioa baitut historia hau kontatzeko.

        Emakumetaz eta ez dut ia konturatzeko denborarik izan, pasa eta azkenaurreko eserlekuan sartu naiz.

        Oso azkar pasa dira herri loak, lantegi esna arazleak, bi aldetako pretensiorik gabeko arbolak, eta ia konturatu gabe, hiriaren sudurretatik, kotxez betetako zuloetatik sartu ginen.

        Han, txaka, txaka, kea eta zarataren artean (nahiz eta oraindik goizeko zortziak izan) autobusaren azken geralekuraino.

        Handik, eta doinu bat txistukatzen ezpainetan, semaforoen artean, hiri basoaren bidetxiorretik barrena, jauzika, korrika, jendearen aurpegi tristeak ikusten, kotxeen arrankezko Drum ezagunak, batzuetan bi monolito handi artean, zeruaren zati bat (de a 50 el metro) ikusten dela.

        Horrela, El Boscok garai batean ezin imajina zezakeen paisajean, geltokiraino.

        Geltokia ere ez da mundu zorridun honetatik asko ateratzen. Lehen mendeko izan nahi duen ate baten aurrean, emakume bat zigarroak, karamelu eta txikleak ari da saltzen.

        Nik neurtu gabe ia bi ala hogei pauso ematen ditudan, azkar oso azkar, hor, nire aurrean ikusten nuen lerroan jarri naiz.

        Txartela hartuta, feriazko mundutik gertuen dagoen mundu hau hasi naiz begiratzen. Banku batetan bi emakume helduak, solasean ari dira, bakoitzak plastikozko bale beltz bat duela ondoan.

        Baleak, bi kider beltzak dituzte, eta batek kiderretatik fermuki heltzen du poltsa, inor kentzera joango balitzaio bezala horrelako zaku handi eta itsusia.

        Nire aldamenean "conejo" bat eseri da. Uste dut conejo guztien begirada duela, eta ia ez naiz ausartzen begiak gainean duen trapo zaharretik paseatzera.

        Han bikote bat txotxolo plantan, hemen beste bat baina hau diferente, neska, mutilarengandik oso gertu, beren musuen zaporea hobeto dastatu nahi balute bezala.

        Presa daraman gizon bat, edo behintzat, presatuaren irudia azaldu nahi duen bat, atera da kafeteriaren atetik.

        Bi monja (badirudi ez direla bakarrik ibiltzera atrebitzen), hiru ume txikiekin dagoen emakume bat, maingu bat, edozein herritako hiru gizon, bi neska gazte, paumak bezala hornituak.

        Guzti hau horrela, eta oraindik zortzi t'erdi jo gabeak.

        Aspertu naiz aurrean dudan burnizko bi orratzen zuzenki begiratzen. Altxa eta eskailerak igota, tren aldera bideratu naiz.

 

 

© Maripi Solbes