Gogoratzen dizkidazu lepo luzeen sugeak, zure behatz tartean ixurtzen diren ke hodeiek nire ilea bustitzen dute, ile mehe batekin jolasa egiten dute eta ahaztu gabe gorputzen zabalera superfiziala, mototxaren puntta ukitzen dute.

        Ez nizuke horrelakorik aipatuko, orain, hemen, gela honetan ez banengo, nire inguruan keak jolasten du, doinu asper bat ateratzen da poliki magnetofoiatik, mahaian chiclets' ADAMS clorofila, H.U. paketea, baso hutsa.

        Giroarekin jolasten duen kea ez doa Lutxanako lantegietan produzitzera, hemengo haizeari zirriak egiten gelditzen da, han ez baitzukeen ulertuko ederra jaiotzearen zentzua, han ez dute Van Gogh-en koloreek balio, han umeak ez dira gudatan jolasten, han oxigenoaren konpainiakoak direla imajinatzen dute, iturrietan ez dago ur freskorik, umeek ez dute beren merienda kalean jaten, "Txokolate Mayoz a la taza", ez, han kotxeek jaten dute beren merienda, semaforo gorriak, naranjak eta berdeak.

        Berriz, keak itsas ertzea dibujatu du.

 

                    Azkar ardoa.

                Irristatu egin zait

                behatzen artetik.

 

        Zergatik ez dago kerik zeruan "Vía Láctea" ikusten dudanean? Zergatik ez dago kerik arrano urrun bat agertzen denean nire begi bistan?

        Zergatik ez dira keaz uxatzen loreen koloreak?

        Baina kea lanbroarekin ere nahasten da, itsasoarekin libertitzen da, ekartzen digu zaharren izpiritua, misterioa eta edertasuna sortzen du.

        Ez, kea ez da bakarrik hilik bizitzeko jaio, bizirik hiltzeko ere bai. Ez da, ez sua, ez ura, ez iluntasuna, ez argia, ez emakumea, ez gizona. Su-ketik haizea, laino-ketik euria, maitasun-ketik negarra,

 

                eta beti hitzik gabeko

                        musika hau.

 

 

© Maripi Solbes