Gizona kitarraren hots eztia besarkatzen ari zen. Aldamenean bost edo sei euli. Liburuaren azken orria ezin leitu, han zegoen ilexorta nahasiaren neskatxa. Leihotik ikusten zen bidetik gizon handi bat zetorren. Bidearen azken aldean bi harkaitz eta haien aurrean bi malko sakonak; bi ur putzuak, gizonaren figura erdian oihaneko Neptuno basatia zirudiela.

        Uhalde handiaren egunean ere, horrelako gizon bat pasa zen ate aurretik. Abe Maria esan gabe, sukaldeko beste elementu bat bezala genuen. Ez zuen hitzik bota. Madarikazioak eta deabruaren aipamena nabari zen nonahi, etorri bezala aldegin zuen, azkar baina presarik gabe.

        Guztion buruetan hitz epelak biraka ari ziren. Ez, ez zen gaurko gizona, ez behin hartakoa. Beldurraren eraginez atera ote zitzaizkidan hitz haiek. Azkeneko negarra, lurraren ura bezala, itsasoaren petrolioa, oso neketsua izan zen lehortzeko.

        Neskatxak burua altxa eta leihotik so egin. Begien keinua aldatu derrepente, beldurrarena ikusiz bere begi zurietan. Azken eguzkiaren azken borobil horia, arratsaldekoa zela pentsatu nuen. Gizon hark ez zuen ezer berezirik, bizar luzea eta ile ugaria kontuan hartzeko gauza bakarrak ziren. Ez zekarren txakurrik, ez astorik, ez zaldirik, zergatik bideratu etxe gaixo paren urratsetik?

        Mendi labanari begira, nire begiradak, kitarrarik ez zuen gizonarekin topo egin zuen. Alde egin zuen berehala, ebasten harrapatzen den lapurraren gisa.

        Gizona lasai, azkarki. Hilargiaren argiaz neur genezakeen haren abiadura. Gorputzaren erdia ipunpean gelditzen zitzaiola, bestea nabaria agertzen zen gure begi bistan. Ezker aldean zorro bat zeraman. Handik zintzilikatzen ziren hainbat soka eta lokarri mehe.

        Bidearen moztasuna ez zen oztopo, hixtoria oso bat egiteko bidalariaren arimaz, nondik ote zetorren? zein zen bere helburua? Armiarmaren sarea bezala osatzen nuen neure pentsamenduaren erreka, batzuetan harkaitzetan kolpeka, besteetan arranoaren hegaz egiten lausotua begira, besteetan azkenik hibaitxo antzera. Hixtoriaren hariaz lotzen nuen paketea.

        Neskatxak, begirada galdurik, liburua utzi gabe, atsoek errosarioa errezatzen duten modura. Mototxa, soka lodia, bizkar gainekin, bi edo hiru behatzekin mahai gainean joka, aurpegiaren keinua ezin asmaturik, (beldurra, negarra, ausardia, bakardadea, loa, dardara, nekea, ezer eza...). Kantu mehe bat ezpainetan hasia, eroria, galdua.

        Sutondoan dagoen txakurra ez da aldaketaz ohartu, ia zurrunka, belarri biak eroriak, erne egoteko itxurarik gabe. Maitaleen bere xamurrean dagoela dirudi. Honetan aire soak ez du inorekin topo egin, guztiok lehoarekin ari baitira. Sorginaren esamesa gainean dutelarik, ez dezakete adimena mugi, finkaturik dago, ernalezina.

        Hilargiaren gazta puska zuri zuri zuriak zeruan utzi ditu bere apurrak, apurrak din din gauaren behatzen artean agertzen dira, lainoak lo hartuta daude aspalditik, kexatzerik ez dute, ez baitira zintzoki ibili euri garaietan Antares, Zefeo, Polux, Andromeda eta gainontzeko konstelazioak, epairik gabeko zeruan epailari.

 

 

© Maripi Solbes