Mundu honetako gauza ederrenetaz mintzatzerik ez balego, ez ginateke Baztango komuneetara joanen, hemen, bertan, etxe parean, telebista handi batekin aurrean, izugarrizkoa zirrildoa utziko genuke lurrean armiarmek eta txingurriek jan zezaten. Baztanen bada bai, Amaiurreko azken etxean, komuna berezia, kultura handik botatzeko egina da eta.

        Zigan komunarik ez, nahiko lekurik baitago bazterrak zikin ez ditzaten. Batzuetan asko, besteetan ia deus ere ez, oraindikan ere deusik ikus ez dezakeen eremuak, une batetan bizirik iraun zuenak, inork busti ez zezan.

        Konturatu naiz Donostiako kaleetan euskara hil egin zela ni jaio baino lehenagotik, hilketak zaratarik gabe izan ziren, berririk ez bait dut izan, ez garai hartako kroniketan, ez etxe eta herri tradizioetan.

        Hala ere nik badakit, behin batetan herri hau Euskal Herri barrenean egon zela eta inork ez dit hau ezeztatuko, zeren ni eskolara joan nintekeen beldurrez inor bazegoen ere, Diputazioko liburutegira joaten nintzen, orduak han igaro, pentsakizunak gorpuztu, ideia bat edo bi biribildu eta une berean eskatu eta leihotik biraka aldenduz agurtu. Ideia bat edo beste nahasi egiten ziren, eta ahoko txistuarekin bat eginik, indarrez botatzen nituen. Gero kalea zikin ez zezaten mihiarekin jasoz etxera eramaten nituen eta han guztiak etxekoei bihotz zabalik eskaini.

        Noruntz joan zitekeen ez nuen nik pentsatu nahi, bere bularrak ihartuko zituenik ez genuen uste, azken esperantza bat gelditzen zitzaidan niri, azkenean zapi puntarekin, tanttak, banan bana lehertuko zituela. Gorputza tanttaren dirdira gabe.

        Ilea bustirik hala ere, oraindik perfumea nolabait gordez, sakonki usaintzen nituen iristen zitzaizkidan haize ahokadak, ikusterik ez nuelako, hura jasotzearekin susmatzen nuen gorputzaren alde sensibleenak dardaraka. Poliki, poliki behi baten irudia osatu nuen nere irudimenaren aurrean, baina, hura, hura ez zen hari zegokion usaia, goxotasunaren misngoskeria gazia, xamurtasunaren sentipen garratza, guztiontzat, hilketa egunerako, leporaino betetako kopa kiderra luzedun tontuna.

        Gutun hau inork irekiko balu, ez dezala zikin. Hitz laburretan esanikako bi mila urtetako kontuak, adieraz dezakete bakardadearen segundu bat, nekez izanik ere, zeren bigarren segundurako kopeta izerditua eta esku gorrituak bi mila urte haien bataioa ospatuko da.

        Deabrukeria zirudien hitz jokoan, Jainkokeriak dira, hau aipatzeke ez dezagun utz ze txotxolduta eta zoratuta dagoen mundu honetan benetan garrantzia duten hitz zentzugabeak gorosti eta minberaren usaiaren beldurrez beti zokoratuak gelditzen baitira, erotuen jokaleku bihurtuz.

        Ez nazazula horrelakorik aipa, nire sabelean hazitzen ari nintzen monstru ttipia abortatuko baitut, ixil zaitez, nire monstrukumea atera ez diezadaten, behinik behin kentzekotan burua utz diezadatela.

 

 

© Maripi Solbes