Loak hartuta zegoen. Bere hatz bustiak sentitu nituen gertu, magalean. Tanta bat edo bi zirriztaka mandalaren puntaraino. Goiz gorria, tomatez margotutako platera zeruan zintzilikatua, hitz guztiak itota goizeko loan.

        Cariaren itsaso leuna leihotik. Txakur negartia hanka tartetik. Gorputz baten pisua bihotzean.

        Poliki zapia atzeraka bota, poliki, kontura ez dadin, mugimendu dantzalariekin, fermuki eta azkarki bere buru azpitik eskuak atera, ilarrak alderatu, eta ame txikiak erauzten diren eran, ilarrak zuritu.

        Pattarra merkea. Basoa bete. Eztarria bete. Burua bete. Zapelaitzak eta arranoak begi bistan.

        Muskerrak, sugandilak, sugeak, lo guztiak, zapelaitza ahoratuko zuenaren atzetik "panoravision", "circuito cerrado", "conexiones interestelares, en buen estado".

        Berriz hizkuntza arrotz hori, nire imajinak piztutzen ari ziren artean, interferentziak, egunerokoa, ezin lortu bat batean irudien koherentzia, bah! bihar izango da.

        Berriz pattarra, berriz eztarria, berriz begiak, berriz burua, berriz... Kontuz eskuekin, esna ez dadin, bai, agian amets zikin eta lizun zoragarrienean dihardu, ez nuke barkamenik izango, ez nitzateke ausartuko berriz bere ilea ferekatzera esna baledi. Eska niezazkion bere azken loreak, moreak, berdeak eta txanpainak, baina zaurituko banu?, gainera, nola altxarazi burua, eta horrelako mezu gogor batekin betirakoz bere hatz lore lepo-motzaile etsipen eta ezerezean amildu? ez, nahiz eta larrosa gehiago ez izan zeruan, nahiz eta izarrak lehertu eta basamortuan izkutatu, nahiz eta atzo busti ninduen uhin eta jalousa ez itzuli itsaso amorantearengana, nahiz eta zure trentza ez gehiago ikusi, nahiz eta nire leihoan burdinak harri eta musika burdinetan hïl, eta leihoaren lorea ximeldu, erlojua tanke batekin geldituko dut, eta orduak lasterka bidetik joan daitezela, inoren jabe izan gabe, inor ez daukatelarik morroi, ez eta erlojuaren orratzak ere, orduan.

 

 

© Maripi Solbes