Hemen, zuen egia guztiak lokatzezko txispak dira.

        Pentagrama aldatuta dago, eta ukiezinezko teklak bihurtzen dira pianistaren behatzak. Dena zuek nahi izango ez zenuten bezala da.

        Hibaietako ura, euria bihurtuta, gora, bai, gora, gora doa.

        Armiarmak begira gelditzen dira nola beren sareetatik, non bekatarien gaitzak maiz gelditu ohi diren, ur tantak, apurka, helikoptero helize bat balitz gainean, bata bestea, bestea, ikustatu egiten diren.

        Neskei aspaldian norbaitek galdutako liburu batetik jartzen zaizkie izenak. Batzu 2x2=4 dira, besteak berriz, 5.9=45, 6:2=3 eta bada izen xinpleago eta informalago duenik: ?5, 2, ??, 9i eta horrelakoak.

        Laborategiak baditugu, zuek gazte enamoratuak deitzen zenutenak (barkatu baina latinezko izena ahaztu zait orain eta mahai aurrean dudan nahaspiloan kontsultagailu elektronikoa bilatzea aski zaila izanen litzaidake) ongi aztertzeko. Ni horrelako batetan nabil lanean; han, gazte hoien espermatozoideak eta obuloak jartzen ditugu, eta erreziklaje prozesu baten bitartez, norainoko pertsona normalak izateko kapazitatea zuten, aztertzen dugu.

        Batzuetan benetan, harrigarrizko kasuak agertzen zaizkigu. (Jeneralean ez dago kasu bat bere osotasunean ezagutzeko posibilitaterik izaten, baina nik prozesoen koordinatzaileen zuzendariarekin "Pacte d'amour" bat dut egina eta hortaz jakin ditzaket gauza hauek).

 

 

© Maripi Solbes