Isilik oso, dorpeki, fermuki, bikotea besarkaturik dago itsas bazterrean. Ez hitzik ez ferekurik: besarkaturik. Mutilak, hogei urte, harrika itzali du farola. Euriak kristal hotsa itzali du, amodioak euria itzali du. Bikotea haizeari hatsa ohostu nahi dioten arbolen itukinen azpian itzali da, mantso eta poliki. Gaua auzpez etzanik dago, eta izarrak ez dira iadanik ametsaren semaforoak, ilunaren aurpegiaren orein itzaliak baizik. Eta itsasoak, aitzinean, bikotearen sekretua hausnartzen du haserre eta ozenki.

        Egunen batez ipurditik ebaki beharko dut.

 

 

© Koldo Izagirre