Eta aitzinean itsasoa. Neronek ere ez dakit zein den ilargiaren asmoa, baina nolanahi dela, ipurditik ebaki behar dut itsasoa. Hondorik gabeko erroitza. Harriak bota eta saltoka beheruntz ez ikusteraino, hotsa ere ez entzuteraino, harriak saltoka. Eta aitzinean itsasoa. Neure hegoez arraunka itsasoari ezkatetatik eutsi apar zantzuari izarrak darizkiola (besapeko algetan kilika) legoak eta legoak urrun itsasoko meteoroa. Eta aitzinean zure begiok, itsasoa. Neure burua bota dudala esanen dute. Baina ez dute somatu ere eginen zure begietan barna sarturik saltoka erori erori erori egin naizenik, zure geografia harroa auskultatu dudanik, ene deiadarrak bihotza hotzikaraz jantzi dizunik, musuaren simetria hautsi dugunik, oroimena elkarri erauzi diogunik.

        Eta zurekin sekula guztietarako. Biok. Gu.

 

 

© Koldo Izagirre