Mairua zen, afrikano horietakoa, kolore berdekoa behintzat. Piontzan aritzen zen, baina benetako abilezia neskak izarratzea zuen.

        Lana amaitu ondoren bide ertzean geratzen zen bokadiloa jaten, eta ilundutakoan sastrakadi baten atzean ezkutatu eta bakarrik pasatzen ziren neskei ateratzen zitzaien. Ez zien hitzik egiten, ez baitzegoen gizarajoari ulertuko zizon kristaurik, baina zera erakusten zien. Eta neskak izarratuta.

        Ikustekoa omen zuen zera.

        Eta ilunabarrero, gurasoen ezkutuan, herriko neska guztiak sastrakadi haren ondotik pasatzen ziren. Neskazahar kafesnezaleen elkarteak ere gau-peregrinazio bat eratu zuen, aingeru hark mirari orokor bat egin ziezaien. Erretorearen arreba ere izarratuta gelditu zen. Zenbait emakume ezkondu ere, alkatearena eta, hasi zen ilunabarretan etxetik ateratzen, txokolatea hartzera, ziotenez.

        Fama handia hartu zuen mairuak.

        Herriko jaun prestuek ordea ezin zezaketen halakorik permiti: mairu arrotz madarikatu hura nahasle bat besterik ez zen, erreboluzioa jarri nahi zuen bazterretan. Neurri gogorrak hartu behar ziren. Han abiatu ziren, eskopetak bizkarrean, zakurrekin.

        Zera ebaki eta zakurrei bota zieten. Arrastaka eraman zuten herriraino; plazaren erdian utzi zuten, biluzik eta odoletan. Biharamunean, gorpua ikusirik, espantuka eta marruez hasi ziren emakumeak. Kontzejupean jarri zuten maindiretan bilduta, aldare moduko baten gainean. Kandelak piztu zizkioten. Haurrek leihoetatik kuskuseatzen zuten.

        Gau hartan, herriko emakumeak izar banaz erditu ziren.

        (Lo harrapatu zuten sastrakadi atzean. Lau tiro jo zioten postaz. Abdullah zuen izena.)

 

 

© Koldo Izagirre