Batzuek ezpatak irensten dituzte, irentsi behar izaten dituzte; besteak trenbideetan jartzen dira arrainketan; nik berriz izarrak enboteilatzen ditut, adibidez: aukeratzen dut izarra, bibote muturretik heltzen diot eta beherantz erakartzen dut, kometa bat biltzen ari banintz bezala edo, mozten dizkiot bibotearen bi adarrak guraizeekin eta sagardo boteila huts batetan sartzen dut.

        Zenbaitetan itsasoaren hondoan bilatu behar izaten dira izarrak; halakoetan arreta handiagoa eduki behar: amuan gau pusketa bat ipini eta Haizkibel atzean jarri arrantzan, goiz aldean hobe. Boteila han bertan eduki, eta sartu baino lehen ongi lehortu izarra.

        Izar boteilekin keinuak egiten dizkiet urrunean doazen untziei, eta denak, bat banaka, nire ateondoraino datoz eta hementxe jotzen dute azpia, eta benetan esan ahal dut kapitainak direla untzia lehenik abandonatzen dutenak.

 

 

© Koldo Izagirre