Teilatuetan gaindi nenbilen ehizan katu errezaleak harrapatu nahirik. Telebisten adar ihartuen atzean ezkutatzen nintzen.

        Baina katuek pipak itzalita zeuzkaten eta zaila zen inor atzematea. Gau iluna zen. Euri zintzarra hasten zuen; urduri ari nintzen jartzen.

        Itxoiteaz asperturik, piparen baten ahotik barrena abiatzea erabaki nuen. Aldameneko bat ahozabalka hasi zen. Jauzi batez sartu nintzaion kontura zedin baino lehen.

        Goitik behera amildu nintzen. Lurrera iritsi nintzenean, kebideko errautsez eta kedarrez eginiko katalarrua nuen soinean. Nire aurrean, gela handi zahar batetan, nerau bezalako mila katu zegoen, eta farre egiten zuten.

        Handik aurrera teilatuetan gauez ibiltzeko baimena banuela esan zidaten.

 

 

© Koldo Izagirre