Teilatutik hasiko naiz beti neure etxea eraikitzen, bi aldetako Otxagiko teilatu laino-urratzailea edo hiru aldetako Bizkaiko teilatu kopetiluna, belarrian entzuten dudana teilatuaren gainean predikatu behar ez badut ere. Eta ametsen hondakinez egindako orea maniatuko dut bizkarteilak itsasteko, itsaso egiteko.

        Edo lau aldetako Burgeteko teilatua. Beti teilatutik hasiko naiz neure etxea eraikitzen. Hegoak bildutako mitxeleta geldiraunkorrak, ateosterik gabeko denboraren bisagra herdoilduak, itsasotik desterratutako untzi kilaz gora etzanak, ilargiaren irristaleku eurizaleak, neronek ere beren miau urdin galdua teilen artean bilatuz sonanbuloak izutzen dituzten zinkezko katuen bihozminaren mensajeak bilatzen ditut zuen ezkata bakoitzaren pean.

 

 

© Koldo Izagirre