Ez ateratzeko esan zigun artzainak, eguraldia ilun zegoela, haize zoroa zebilela. Kasorik egin gabe, motxilak hartu eta bidean gora abiatu ginen. Artzain zaharra bordan geratu zen, gazteongatik gaizki esaka.

        Nafarroako Arantzatik gora Mendaur. Tontorrean Trinitate ermita, eta beste aldean, behean, Ituren, gure helburua.

        Ordu erdi bat ere ez genuen eginen mendian barrena, elurra hasi zuenean. Atzera egin, inondik ere ez. Nora jo ordea, bi metrotara ez zen deus ikusten. Hartan ginela giza-irudi bat ageri zitzaigun ondoko pinuen artean, bere elurrezko besoaz bidea erakusten zigularik. Eta handik.

        Beste bitan galdu genuen arrastoa, eta bietan elurrezko txorimaloa azaldu.

        Lau egun igaro genituen Trinitate ermitan: zopa egiteko elurra urtu, hankak berotzeko sua egin. Boskarrenean atea jo zuten: eguzkia ageri zen, eta han, ehunen bat metrotara, elurrezko irudia, Iturenerako bidea seinalatuz.

        Berriro eman zion elurrari, berriro galdu ginen. Gure bidezain zuria azaldu zenean, lepotik heldu eta kolpe-ostikoka desegin genuen: elurrezko jantziaren azpian, artzain zaharraren gorputz izoztua.

 

 

© Koldo Izagirre