Xiberuko mendi sakaratura joan ginen, Orhiko arbola zaharrek lo etzanda egiten zutelakoa egia ote zen. Oihan beltzean barrena abiatu ginen bertako artzainek gorrotoz begiratzen zigutelarik. Oso gerora konturatuko ginen geure profanazioaz.

        Ez zen gezur hutsa. Han, tontor inguruan, arbola ihartu batzuk ageri ziren. Gauaren zelatan jarri ginen, eta iluntasunaren zamak etzan erazi egin zituen. Hiru ziren.

        Gauaren erdian arrastaka inguratu genituen, eta bizkar gainetan jasorik itsas aldera hartu genuen mendiz, inork ikus ez gintzan.

        Hondarribian harrapatu gintuen egunsentiak eta itsasoan landatu genituen arbolak, lur bazterretik hogei legotara.

        Letra nagusiz anuntziatu zuten egunkariek: Kantauri itsasoan sagarrak arrantzatzen ziren. Aranzadi elkartekoak ere ibili ziren azterketetan, baina inork ezin zuen esplikatu haren zergatia: itsasoan ez da arbolarik.

        Xiberuko mendi sakaratura joan ginen berriro, ezkutuan. Gure zain zeuden lehengo hiru arbola zaharrak, etzanda. Aste betean iraun genuen zelatan. Ez ziren behin ere zutitu.

        Hondarribian itsasuntziek sagarrak garraiatzen jarraitzen dute.

 

 

© Koldo Izagirre