Bederatzigarren kapitulua

 

Zazpiak! Oraino bederatzi oren Marie-France etxera itzuli baino lehen. AH! ez errana dik eguerditan jinen dela, oraino bost oren. Ez, ez nauk barne honetan egonen, ezin diat jasan; medikua pasatu eta joanen nauk itzuli baten egitera.

        Zazpiak eta bost: posta piztuko diat, berriak entzunen ditiat; ez, ez! hori ere ez, ixiltasuna nahiago diat; nahasiko naitek beren historia mentsekin. Atsulutuki ez loak har, bestela kaka berriz has daitekek; hobe dikeat argia pizturik uztea, ez delarik ongi ikusten gogoaren galtzeko arriskua badagok. Ohean egon behar diat halere medikua etorriko den artean; ez lukek pozik inoiz zutik aurkituko banindu!

        Autoen herotsa! Ez nian inoiz horrenbeste hauteman orain artino, hain ongi entzuten zirela gelatik ez nian behin ere pentsatu; erran behar zazpiak eta hamarretan ez naizela ardura ohean; ez dituk pasatzetik gelditzen auto debru horik, erotzekoa ere dukek; erogarri bai, kanpoan herotsa, barna iluna, eta haik, etxearen inguruan itzulika, presaka, bortizki, murruen kontra, sartzeko gutizia; atera bide bat bilatzen bait lute, nik bezala.

        Euria ere berriz hasten, denbora hastiroa, nazkagarria; tenore honetarako kanpoan egon banintz, jadanik bustia nindukek, osoki, zapatak hantuak, atorra umia, brrr... Pentsatzean ere hotza sartzen zaidak; onak baditik barnean izateak, halere, ez balitz horrelako leherdura izugarri hauxe!

        Medikua finen deneko behar diat gela hau apur bat arrinjatu; zerbaitetan bederen denbora iragan dezadan, neure gogoaren zigortzen jarraitu gabe ohe maltzur honetan; gauza bakoitza bere lekuan, hori hori segurtzaile; hainbat egin baneza neure buruaz! Beste zerbaiti pentsa baneza, haur bat nauk, badakiat ez dela posible itzultzea. Etxean zer egin? Aitamen bizkar; etpa Marie-France ez lezakek konpreni!

        Koines, zer emanen nuke zenbat hilabete zaharrago izateko: negu ustel hau pasaturik. Ez nukean aditu behar, hobeko nukean joanik lantegira halere, segur hemen ez dudala eguna iraunen; tenore honetan... zer ari ote dira? Zortziak hogei guti, hamar minuta sartuak direla: jadanik aldatuak jantziz, segur makinak ari jo; herotsarekin ez du pentsatzeko. Denborarik, parentesis artean egun guzitarako, eguerdiko bazkariaren kenka txarra bakarrik jasatzeko.

        Han bederen, ez haiz bakar sentitzen, besteei ez mintzaturik ere. Aldiz hemen... nahiago diat oraino han, ez nauk mendekiopean sentitzen; ez ba nau ere inork konprenitzen, lantegiko bakartasuna, jendeen artekoa, nahiago diat. Han orenak neurtuak daudek... makinen uhalek; hemen aldiz, nik izartzen; neure etxean nagok; eta ez neure etxean, ez neure etxean batere gaizki bait nago hemen; gehiena etxeratzeko gogoa baina hori ere, ez logikoa; kaka, ez aterabiderik pentsatu arau beltzatzenago. Dena den lantegian ere berdin izanen zukean, ez dik babo gezurrez mintzatzea neure gogoari; hain hemen baino ez hobe, ez nauk honerako egina, ez ninduan hemen bizitzeko, noizbait aitortu beharra hori ere...

        Han ezina izanez, hemen ukatzen diat. Ez nauk halere garratoin baten gisa biziko: murru herstsiegi hauen artean —hisiatzen ditiat—; ezin ixurizko euri batek bustia; hil ala bizi naizen ohartuko ez diren jendeen artean. Zaila zaidak onestea baina hiltzea hobe, horren kuraia aurki ba neza... Dring... Dios! medikua eta nahasketa hau gelan!

        —Ebe! gaizoa, zer gertatzen zaizu? Gripatua zinela erran didate!

        —Boo! ez da deus, marranta piska bat, gaizki lo egina ere...

        Koines, ahal bezain laister joan behar lekek horrek!

        —Ez duzu sukarrik ainitz!, egon beroki bi egunez, bero beroan horrela... Bera Joanen da jin bezala; eta har artagailuak, paperean izkiriatu ditudan hauk; ageri bat nahi duzu lantegiarentzat?

        —Bai hobe da...

        —Boon, lau egun pausa ematen dizut; berriz bi egunen buruan pasatuko naiz!

        —Zenbat zor dizut?

        —Oo! Dena betan eginen duzu, egon beroki!

        Kakin arazten naik, horrek, xehatuko dioat manupapera; hori ere asto banda horretan, bizi interes gabe baten atzetik: ez naik beretuko segurik, berantegi datorrek; neure buruaz... hori artemana... ikaratzen naik baina funtsez hori duk hoberena; laister egin... Marie-France-k ez baitu hor izan behar, bestela, segur, gogoz aldatuko naizela. Eta horrelakorik ez! Buruhauste bera geroxago berpiztuko baita.

        Bederatziak eterdi! Loak hartua nengoan harri bat bezala, ohartu ere gabe; neure buruaz egitea ez diat niretzen... Koines, ez duk hain erraz! eta ondorioei pentsatzen hasiko banintz, orduan segur nindukek ez naizela atrebituko.

        Leihoak zabalduko ditiat halere aintzin, gelako leihoak; egunaren argia preziatuko diat ahal badut; zenbait auto pasatzen ikusiko, zenbait buru on presaka bere aterkinaren pean, oinak urez berduran. Kilometro baten luzetasuna behin ere izartu duten, ez dakiat; denak hemen diztanzia erotzen ditek: bide bihurriek, karrika hersiek, eremu tapatuak, zapatuak, ustelduak, umiak!

        Halere eroa nauk ni! Horrelako ekintza bat konda duk, gehiago pentsatzekoa duk. Amak nola hartuko duen nork daki? Min izugarri bat eginen diokek, hori segur; bi hilabete honetan ez bait nau ikusi ere, iragan astean sartu beharko nukean, ororen arrinjatzeko aintzinetik. Aita, hark merdeka kausituko naik; ez bait naute elizan ehortziko, hari, horrek diok minik handiena eginen; berriz ere semeak desohoratuko dik; zer axola zait niri horien erlisio itxurazkoa, ez naik inoiz konsolatu.

        Eta Marie-France-k? Mementoan ez dik deus konprenituko; hats bahitua egonen duk nire kausitzean, ez dik inoiz jasanen... Hilondoan nola naitekeen ez nauk konturatzen ahal deus ezin konpreni! Ez naukek bizirik, eta hila nola naitekeen ezin pentsa; alta ez diat orain atzera eginen!

        Baah, urkadura garbiena oraino... Hari elektrika! Bai berogailuaren arrinjatzeko hartu nuen hura bera xehea baina azkarra bolegiaren atxikitzeko. Ez dela sofrikariorik edo... Urkatzean... Fama... bitxi halere norberak bere hiltzea prestatzea; ez uste niretzat denik.

        Bai hortxe lotuko; ez baitu hausteko arriskurik bederen, Baah... goiti egitekoa ikusgarri hau... sartuko denean... ez pentsatzea hobe... agian ez baitu minik eginen... Sobera...

 

 

© Jon Casenave, Mattin Larzabal