Zortzigarren kapitulua

 

—Kaiet zer da? Zer debru pasatzen zaik bada?

        —Bi Hortzen bakarrik nahi zidanan lepoa aurdiki eta zer hats kiretsa zerion!

        —Zer derasadak? Erotu haiza ondarra ala?

        —Bai, bai, segur ez dudala gaizkirik egin... Hegalnoak hain urdinak zitinan, hala fede hil nadila hunki badut!

        —Zertaz ari hatzait, nortaz? Zer duk ikaran horrela?

        Izerdi hau nolakoa jauzi zaidan? Nolakatu naizen! Mundu bat buru barnean, zerk sarrarazten ote du? Ala gaueko indar gaizkigileen jokoa bakarrik: jendetze hori dena, kanbiakorra, osteka metatua, firrindaka bazter guzietan; iratxo andana horiek baliatzen dikek gogoaren loa. Sar eta jartzeko enparantzan huts horretan non errealitate piska bat har baitezakete.

        —Baina erradak zerk hartu hauen?

        —Oo ez dakinat, menturaz aments gaisto bat...

        —Alta izutu nauk, badakik, ikusi bahu nola hengoen! erranen zukean jan nahi hindutela; eta hori guziarekin oraino goizeko lauak...

        —Pasatua dun orain, lo egin lasai, barka!!!

        Ez nioan eraitor amets hura, eta hori duk bortitzena! Pinpilin pausa emerno bat nahi nuelako, mundu gogor bat hautsi dudala, eta bi hortzeko sorgin zahar batek ausiki nahi ninduela... nola salatuko diot hori? Nola sinetsaraz diezaioket neure ikaratzeko askitto egiazko zela; horik guziak neure zomorroak dituk, neure gauaren, eritasunaren, sukarraren umeak. Dudarik gabe, haren mamuak desberdinak dituzkek, ez gaistoak bederen, ez baitut inoiz oihuka entzun, ez dioketek gaizkirik egiten, zomorro arruntak; niretzat bezala ez hain beldurgarriak, ez hain traidore. Neurek atzetik izorrasten naitek; lokarrarazten didatek neure adimena, neure mesfidantza burtxoratzen, eta beti soka tira galtzen nik azkenean.

        Halare aitor dezadan, ez ditudala arrotzak; neure kreazioak baizik, oro iragan betekor batetatik ateraiak: buhamekari basa jaun hura... harriak botatzen nizkiean, nik ere buhameei haurtzaroan... eta halako atso bi hortzdunak etxez etxe bait zebiltzen mozkorrak, zareen saltzeko; askotan trufakatu nitian emazte haiek! Mamu haik merezituak ditiat, baina oro betan jin behar: adimenaren eritasuna, egunean, eta gauaz saltsa lo barnean.

        —Kaiet, azpirina bat nahi duka? Buruan min duk? Ez bahintz lehenago euripean ibili ez zitzaidakean gertatuko, deus ez huela buruan, segur nauk.

        Eta... edateak ez hau arrinjatzen; hori ba dakik, aspaldi. Zer duk? Grinatua haiz? erran zerbait! oo ta ez baduk deus erraten, loak hartuko naik berriz!

        —Ba! ez dun hori zer nahi dinat erran! Aments tzar bat berriz; dudarik gabe ardoak burua nahasten... jadanik errana dinat, loak har hazake.

        Gaixo Marie-France! Niri tokatzen zaidan horren erratea, hiri esplikatzea; nitaz grinatzea goizeko lauetan menbro, begiak lo pizuan. Baina jakizan, ez naiten heure tisanek, azpirinek, ni sendotuko. Heure esku edo perekek ez didaten burutik aterako fantasma haik, lapar zaharrak, harri zaharretan lotuak. Esker mila hire ezpain beroentzat, beren pottez nire barne oiharzuna apaltzen bait didate.

        —Arras bustirik duk kopeta; erakuts hire eskuak... umiak ere, haugi estalgia gaineratuko diat, ez duk horren gainera hotz hartu behar... hatorkit lo egitera niri... deus ez duala nahi segur haiz... lauak eterdi. Bi oren eterdi lo egiteko bakarrik; gainera hi ez haiteke lanera joan, hainbeste sukarrarekin... gero ikusiko diagu dena den.

        —Milesker Marie-France. Hobeki nagon, tinko horrela, laster loak hartuko gaitin, hain gorputz beroa daukan.

        Bai hik lo egin behar dun, hik mamu onak ditun heure gauean, pausatzen hauten mamutxoak; nork daki zer historio mota asmatzen duten hire kontrintziaren husteko hire atzean? Nola ari dira bada hain garbiki xahutzeko eguneko oharmen, sentimen, sendimen, hire burua betetzen hidatenak. Nik aldiz, ez ditiak begiak hertsi behar! Bestela ametstzar batetara joanen nauk, edo hobeki mamu tzarrek nire hartzera jinen zaizkidak. Begiak ez herts! Hara ni bezalakoentzat mamus; tentazione goxo horri ihardoki! Goxoa hastean, bai, segur, gaistoa gero. Gela honen ikuspegi orokor bat atxiki behar egin ahala luzaz, gaubera oso osoki; Goizargirarte gelako gertaera guztien berri jakin behar diat. Nire begiak espazio hain handiaren inguratzeaz nekatuak diratekenean, metodoz alda. Adibidez berinen zurabea fitsa, hori dena nire zainen ez loak hartzera uzteko.

        Kuraia galdegiten dik begien ez hersteak. Batez ere aintzinetik jakinki denean luzaran bestea nagusituko zaiala. Bestea, etsai izengabe eta ainitzkor hura, bere begiez begiratzen hauen iraunkor hura! Zomorro horren aurrean begien ez apaltzea, behar hada fantasmen etortzearen debekatzea dukek; lehenagotik pentsatu beharra.

        Akidura sano bat: osoki heztua den akidura, osoki nahia. Bortxazko loa gaitzets, lau ordu luzeen eta lanarte hertsien gatik jinikako hura, gizon normalari; hogei ta lau orduro zortzi oren lo egitea onartzen duena, bizi normal baten eramateko hamasei orenez.

        Karioegi duk, karioegi: izpirituaren pairamena onartzea, gorputzaren pausarako. Loa droga goxo bat duk, eta gana, putasa bat, segur; biak hautematen ditiat neure inguruan, sensazio bigunez neure menbroak betetzen, neure odoletik ibilki, hori bera pizatuz, lokarrarariz. Hortze daudek, nire kontzientziaren zikitatzera prest; begiak ez ditiat apalduko, burukatu gabe ez nauk errendituko; begiak hertsiko banitu, berinen zurabetik begirada kenduko banu, nigan osoki sartuko litzaitdake gaua; eta ez nindukek gehiago gorputz hori baizik, hautsia, izerdiz bustia; izpiritu hori bortxatua, kontzientzia hori galdua, desarrinjatua, zoratua amets gaitzen gatik.

        Badakiat aintzinetik zer gertatuko den begiak hertsen baditut; bestearen behakoa zaidak nagusituko, niragatuko, ni baitan jarriko, nire menbro, zatiak oro geldiaraziko, ohean itzatuko beren kutxan hilak iduri; orduan erreza diokek buruaz jabetzea murgilarazteko. Hortik nire bailaren loa; argitik kukuturik, buru gibeliko ongarritegiaren idekitzea dukek; eta hainbat oindun zomorro pertsona hilaren loari tiraka; gizon lotuaren herioari. Irrinarriena oraino ez baita atsegin gabe; ez dukez pidaia txarrena, atzartzea baizik. Ha! Ametsean erortzea zer atsegina; galtzale izatea onartu denean, bestearen behako bortxatzailea onetsi denean, gauaren bortxadura kontzientziagan, orduan erorikoa gozo duk, edo iragatea... ez diat behin ere ongi ikertu.

        Momento hartan barneko eremua nahasten zaiok kanpoari. Eremua fitsaturik ez duk gehiago, behakoz barrandaturik, edo hobeki errateko behakoz atxikirik; eremuak hor hartzen dik bere egiazko mamia: ibilkari, urkor, gogor, gorri, beltz, perde... egia erran neurririk fitsatu gabeko eremua.

        Aments gaisto baten lehen haitada hau duk: eremuaren itxuraldatzea fisiko batasunaren haustea. Gero bakarrik datorkik «La ménagerie»; eta hori dena murruak zulokatuak direlako. Usaian «La Ménagerie» inoiz ez duk leihotik satzen, gelarena izategai baita. Gero datorkik abere gudaloste horren aintzidaritza, heure barneko armada hori. Lehenak nahiko normalak berdin, heure ama, aita, arreba, laneko lagunak, beti gaistekerian; hoberenean lumaz jantziak ere, «Trikolataryptusko» lumak gehienetan, bai segurki; Txarrenean lau hazka heldu dituk lanjerosak; Haien haizatzea errex zaidak, ez baitute indar handirik. Bigarren uholdea duk gaistoena hor loaren neurri horretan, ez ditek ez er molde itxura jendezkorik; okerrak edo hiru begitakoak, begitartean ditek beren malezia guztia eramaten. Murruen barneko beren egonaldi luzetik atxikia ditek gezal usain bat tzarra; jarraitzen edo aintzinatzen dituena. Bigarren haitadako horik luzeak dituk, liskatsuak, eta hainbat denbora daramatek gelaren aireaz ohituraren hartzeko. Eraginkortzen dituk zenbait denboraren buruan; ainitz foratakoak... Horrela handi ttipi daitezkek nahi bezala, nola gerta.

        Hire hartzeko, luze zabalean tiratzeko egiten ditek: hi bizi, hila beti, ohart hakion munduaren hausdurari; amentsaren kenka horretan zikean margolariak «Saint Georges Terrassant le dragon» margoa eratu.

        Hirugarren uholdea, azkena beharrik ezin izartuena duk. Egiaren errateko formarik ez dik, bakarrik presentzia bat, sakailtzaile segurrean hau; horri dagokiok zor jendezko eremuaren errauste azkena; Bigarren haitadakoak pentsamenduaren zantzu guztia kendua bazuen, honek gizonari kentzen diok bere azken azken berezitasun hura; haren mugak «Expérience de ses limites!» bortxaz loak hartua nauk.

        Hau bitxiena: Neure zomorroak niri bakarrik jaukitzen; inoiz ez ditek Marie-France hunkitzen edo mamurik badago, niretzat bakarrik, hastetikako bitimak badituzketek; habil jakitera nola hautatzen dituzten... Larruaren kalitatea ala izpirituen makurdura, bietatik badukek. Hori baita, dudarik gabe bizi baten funtsezko ondarra. Bakartasuna. Heure hezurren muñaraino partaide haiz munduaren usteltasunean, hori nahi gabe, prefosta; egia erran nor liteke urus, norberaren gau guzietako hiltzeaz?

        —Kaiet! Zergatik jauzi egiten duk horrela? Uste nian atzartua hintzela edo niri mintzo; norbaiti buruz ari, denaden!

        —Huuum, zer... zer zen?

        —A! Barka... atzari haut? Uste nian zera...

        Atzarlariak jo dik, seiak eterdi duk, jeikittzeko tenorea!

        —Ez naun batere ongi! amets tzar andana bat egin dinat, etalo guti!

        —Ba! Hi... badaz geroztik... makur habila, erakuts kopeta! Seguraz ere sukarrean haiz; ez duk estonatzeko atzoko jokoaren ondotik... nork daki non egona haizen... hago beroki, eramanen diat termometra...

        —Marie-France ez dun balio... astelehena piska bat... deus besterik!

        Kaiet hago hor, ba natorkik berehala.

        Are! ez nauk ohean egotekoa, zoratuko nauk ondarra; egun bat osoa bakarrik, aro neketsua duen gela honetan; laister neure mamuaek jana nindukek, nahiago diat oraino, lantegiko aroa, beteen hurbiltasun; bai eta ere hiltzea bera, zomorroen aurrera joaten baino!

        —Har ezak sukarra Kaiet, ni banoa begitartearen ikuztera.

        —Bai nahi dunan bezala, baina lanera joanen naun, ez duda.

        —Nahi nikek to! eri ba haiz, ohean egonen haiz mugitu gabe, hi ere besteak bezala!

        Zer gertatuko den? Ba dakiat segur aintzinetik hemen egoten ba naiz: gela hau inguratuko diot egun osoan, nitaz nire usainaz presentziaz, gogoaz oso osorik; ez hemen egon ezin diat inola ere, baina astaña horri nola konpreniaraz? Harentzat eri bat eri duk...! Hura bera ere arrotza zaidak; zer aitor diezaioket sentitzen dudanetik? Deus! Musu batez arrapostu edo aintzinetik prestaturiko erranaldi bat! Neure burua bederen soporta baneza; Hori ere ezin diat, erotzen ari nauk, oro nire kontra jaukitzen zaidak azken hautan. Laister burura nadin nahi nikek, on ala tzar baina joan dadin behin betikotz zapaldura inpresione mintu hori; denak lehertzen, zangopilatzen, larrutzen eta ni erdian, deusetaz ez nor, multzo huts bat; dilindan; helburua galdu diat!

        —-Erakuts termometra! 38,7°! Eta horrekin lanera joan nahi! Erotua haiza! Eginen hukeen guzia bronxita on baten harrapatzea! Osasuna lehen, gaizoa!

        —Marie-France osasuna bost axola zaidan niri, hemendik eskapi joatea dinat gutizia, fuera; jendea ikusi, neure eskuetaz zerbait egin, zerbait egin bai.

        —Nioean eri hintzela nik! Orain hara, zernahi derasak; uste nuen baino hitsago duk... ez duk buruaren galtzeko ordua gero! Lanerakoan mediku bat deituko diot; oraingoz egon beroki, dakarkiat esne beroa eta roma!

        —Bai, milesker orotaz...

        Zortzi oren baino gehiago bakarrik... zortzi baino gehiago erortzeko ondarra; hemen, egun, kenka honetan baldin banago, deus ez dik ontuko! Deus ez diak argituko.

        To! Har ezak heure esne beroa; bi azpirinak ere ez ahantz, hortxe eman dizkiat, gau mahiako ezkinan; ilunpean nahiago duk ala idekitzen dizkiat leihoak?

        —Ez, ez ilunpea nahiago dinat...

        —Boon... medikua igortzen diot beraz!

        —Uste dun zinez balio duen!

        —Prefosta! Bakarrik artatuko haizela uste duka!

        Eguerditan pasatuko nauk... hobekitu haizen ikusteko; egon xintxo, eta astakeriarik ez egin!

 

 

© Jon Casenave, Mattin Larzabal