Zazpigarren kapitulua

 

Oi, zer dut buruan: Pff! Zer buruko mina... baldokitara tiratzen ditak. Ohea itsaso haserre bat diat orain uhinak urrundik jiten, ohea kordokatuz, nire bururaino. Itzulika, azpitik goiti; leizea berriz...

        Zer erorikoa! Lehentxoago baino emekiago doa, milaka lumek jaistea eztitzen balute bezala; luma handi horiak, paretetatik atariak; xori handi batenak, ez dut ezagutzen zein, xori mitiko, seguraz ere. Pareten koloreak! Ez nintzen hauteman oraino, behako batetik bestera ez dute batere kolore bera; orain gorri azkar eta eztia betan; ziloska ttipienak ikusditzaket, harriaren oldeak, kolor buztan desberdinak bere baitan nahasiz joanki; ekai suge. Lumak harri meten mihiak mihi ibilkarriak; beheretik goiti ni pasatu eta, gibeletik aintzinera eztitasuna ugariago beti jaitsiz, airea iraganen balitz nire erorikoaren emekitzeko.

        Hara hora lumek berazki; esku eztiak bailira, buruz beheiti itzultzen, ni Leize burua dakusat klarki; burua urean lehertuko zait, ja, ez da zilo bera, pottoka hilarena hemen. PLUF... burua errekatxoan! Ileak bustiak izanen ditut; ez hemen garbia da ura; funtsik gabeko ur hotx bat, ileak ez bustitzen.

        HUM... luzea zen eroriko hori! Pottoka hori geldi geldirik nire ondoan; ausartuko banintz... burua jasoko nuke, so egiteko; ez nagoke beti burua urpean. Horrek ez du usain txarrik ere, sai harrapariek ez dute andeatua. Hemen peldo urdinez tapisatua; ez batere gaua hemen, alderantziz eta argi urrada ezti bat, nondik datorren ezin jakin.

        Egon ninteke luzaz hemen; lurra arraroa izanik ere laketa da; zinez neka da hemendik jeikitzea, bitxi zait ixiltasun hori, luzea, betea, gainetik behera erorka.

        ...Zer dira datozkidan pitxileria horik? Niretzat heldu dira naski; nolakoak diren, ez nuen behin ere ikusi horrelakorik, mamu! To zer zango dituzten, hain ttipiak eta oilo oinez bururatzen gainera! A! Ibiltzeko jenatuak daitezke, azkarki! Bi kilometro orenean horiek, ez gehiago! Behar diren guziez hornituak dira, segur, familia handiak egiten dituzkete; piska bat saguak bezala, maiz sabeltarra urtean!

        Zer papo alimalea! Ile luze bihurtuez estalia; eta mutur hori! hori hargatik! Sudur alimale bat estaiduna, zaharrek gainera, luzeagoa dute, handitzen dakiokete zahartzaroan. Begi horik gorri gorriak, betespalik gabe; begitarte xora bat ematen diete. Ez dira denak bezala eginak horik, buruan lumak dakarzkite, luma xume koloretsuak... O baina hartzen naute, eroak dira ala!

        Ez diet deus egin nik! Lehenik nork bidaliak dira ba? Euskaraz ari diren ere ez dakit, egiazki laminak balira, elkar solastatuko genuke, baina kontrario saldo bat baldin hada xahu naiz.

        Sokak eraman dituzte horik!... Baina estekatzen naute mamu horiek! Eta ez goxoki oraino! Ez nituen haien eskuak ikusi... hiru behatz dute azazkalik gabe.., halere ez da norbera preso ezartzen deus erren gabe! Eta... orain altxatzen naute, beren buruen gainera, nora naramaten, jainkoak daki!

        Oooo! Lurpeko portu hori! Nork sinets? A! Dakusat ongi zer eginen didaten, ontzi handi horretan emanen naute; nola gizaki hain xumeek eraiki ditzakete ontzi hain handiak? Menturaz biziki langileak dira... hori errana zidaten, banekien. Bidaia arras laketa litzateke soka hauek ez banindute hain tinki atxikiko!

        Harpe baten pareta umiak! Bide hau... ardura erabilla... denetan baitiara argixiriak! Arribadan garateke, ari dira kexatzen, zer dute bada... niri beha horrela? Mihia moztu diekete edo ez diete mintzatzen erakutsi. Aa... hora heltzen gara... jaisten naute eta... nik dakita nora naramaten...

        Orain oilo oin bi lerroen erdian pasatzen naiz: karrituak. Badute merezimendu harpetan bizitzeko halere horiek!! A... orain bazter honetan pausatzen naute su handiaren ondoan... nork daki nola erabiltzen dituzten presoak! Halako hartz handi hori, erdilumetua burua, horien buruzagi daiteke. Niri datorkit... oo... ez da betargi HOW! Ez du oilo oinik horrek, bestek baino bi aldiz handiago-nonbait han! Hemen ere esklaboak ba dirateke... oo hori euskaraz ari da.

        —Gai-po xo-po Kaiet-to! Barkamenak-po zor-fto dizki-po-agu-ttu. Agian-po lamina-tto asto-tto horiek-po ez-tto di-po-a-te-tte min-tto sobera-po-rik!

        —Ez duzu deus Basa-jaun!

        Aitamak buhameak edo kaskarotak zituen horrek; mintzatzean ageri da aise!

        —Deitu-ttu ba-tta gaituk-pu nolaz-pa-bait-tto har-pa-tu-ttu na-pa-hi-pi, he-pe-rio-po. Sor-po-gin-pi zien-pe-zia eza-pa-gu-ttu na-pa-hi-iti hik-tti. On-po-har-tta-tu-pu hau-pa-gu-ttu huts-pu-aren-tte ikas-pa-gai-pi ja-pa-kin-tti hik-tti. Ero-tto-riko-po-aren-tte ga-pa-ran-tzia-tta, orai-pi ja-pa-kin-tti. Gero-tto ema-tta-nen-pe bo-po-tere-tte oro-tto: hets-pe be-pe-giak-tta, tiara-tta go-tto-gotik-pi-pan bar-ha-nean-pa, duk-ttu «bel-amets» boi-po-tere-tte sor-po-gia-tta.

        —Bai, jauna, nahi dut ezagutu betikotasuna ematen duen zientzia beltza.

        Pipari tiratuago eta eroagotzen naiz: nork daki zer erretzen duten hemen, horrela buruaren galtzeko. A... hara non ezari duen xapel handi bat zuri-gorria; hartzotz batzu bazterretatik dilindan. Azkenean, belaunikatzen da eta erraten dit haren gainera iragan nadin eta histaklok eman. To! Airatzen gara, jainkoak daki nora eramaten nauen horrek! Dena den ez nuera sekula ikusi horrelako zaldirik airean joaten eta denak! Debruen botoreak dituzke «Basa Jaun» honek! Urus naiz, honen ikasle izateaz. Hara... helduak gara! Ho... larre zabal, argi zabal urdin-gorri baten pean. O... zenbat den hemen hartz buru! A ez... ez dituzte denek hartz buruak zenbaitek oilo buruak, besteak suge-luma, basurde mutur, baita gizaburuak ere; emazteak bereziki.

        —Kaiet-tto he-pe-men-tte Ake-pe-larre-tte. Hiri-tti pla-pa-zer-tte, zuhur-ttu-tzia-pa, tran-pa-zen-pe-tte-tzia-pa, kasu-pu! Ez errara-pa «JESUSMARIAJOSEPE» edo-tto ma-pa-dari-tti-katua-tta iza-pa-nen-tte...

        Lehen egiteko gauza: har kea ahoan... bai hori errara dit nerau aireratzeko... hum... zer goxotasuna... zein gisakoak diren... eskutik hartzen naute... kea gehiago... hum... aldatzen  naiz papi guzitara! Lehenik pinpilin pausa... oo Pinpilinpausa emea!! Zein polita den! Nahi nuke elekatu eta...! Miru handi horrek?? Gizon-miruak... janen du ene pinpil... Fite! Zerbait egin behar dut «Jesusmariajosepe» bestenez!! KRRRRRRRRAK? BRUUUUUUUUM!!!

        Zer egin dut kolpe hori! Denek hatzeman naute... Begiek... Begiek hilko naute! segur... odolez beteak batzu, oihuka, odol beltza zazpi sorgitatik jario, jaits ahala: ausikiz naramate; min egiten du... min... batzuek haragi pezak daramazkidate... Poto horri estekatzen naute. Zango-beso-burua sokez estiratuak kurutzean; buruak bereziki min egiten dit... sokak goiti tiratzen nau iletatik. Dena ilun da, pindar gorri batzuekin; gaztigutzat burua soinetik hortzez xehatuko didatela, errana dute: dilindan utziko dutela, ustel dadin... AAA... Atso zahar hori, ahuntz soinekoa, zangobata, hurbiltzen... hurbiltzen?... bihortz du... Hilen nau horietaz... AAAAAAAH!

 

 

© Jon Casenave, Mattin Larzabal