Seigarren kapitulua

 

Utzi genuen autoa infernuko zubi ondoan, Bidarrin, ostatu batetako aparkalekuan; noblia ostatua; goizeko hamar t'erdiak nonbait gu heltzean. Mezatik landa, berehala abiatu ginen, DONAPAULETIK; egun xoragarri baten abiadura, janpoan jateko xarmanta. Irisarri Orzainen barra joan ginen hamar lagun egunaren pasatzera.

        Infernu zubitik elizaraino gaitzeko patarra! Oinez joan ginen pilota plazarra. Jakin bagenu, autoz iraganen genukeen, dena den asti guzia ukanki... gero berehala bidea galtzen zen funtsetan; bide gorrasta huna, udaberri euriak haztua, errebidea utzi orduko. Iragan ginen harrizko hesietan, portala pasa ondoren heltzen peldoate batetako bordaraino.

        Gero zinez pattarra! Iratze gazte eta ihazkoen artean, ardien bideska, eta eguzki pura! Iraganago eta beroago, buru belarri bizkarrak gero ta gorriago hurbildu balitzaio! E! Besteak laister zihoazten; beti solasean bazterrei so egon gabe, hain batetatik hara harana agertzen beherean, etzana, harri alimaleen babesean metatua zirudien.

        Orain gaztenondoen aldi; han eguzkiaren arraioetatik aldaratuak ginen: Etzian iraunen, bagenekien, baliagarri ziren gaztenondoak, hatsaren hartzeko piska bat. Gorago idortea hasten: gauzen bakantasuna airearena bezala; lurra zilatua barnetikako harriek: Denboraz haziak, gorriak, gogorrak, ixilak, eta besteak beti solasean, etzuten prezatzen mendiaren handitasuna!

        Zerua, hunkigarria hemendik, antsigarri bere luzetasun mugagabearekin; itxura arras sesitua. Hargatik burua apaldu behar, gero eta gehiago, bideska gogorrago baitzen, aldapa zutagotzen. Ardientzat egina zen, ez gizonentzat, edo artzainentzat, ardierdigizonak baitira, zikirotzen direnak, aberen hurbiltasunean, mendi ixilpean!

        Bordak orain: Ordoki bat mendi mazalean. Koralek hutsak tenore honetan, bistan dena ardi eta gizon taldeak gainetan belarka, horak haien inguruan erausika. Gailurretan daude artaldeak, eguzkira beti, artzainak eguzkigizonak dira.

        Gero ituritxo batetan gelditu giren: zer freskura zena, harri burdinezko ura, garbi garbia, sabelera zeraman barre bizi hotxa; lurrarena. Nola iragaten dira hain gora, indarrak ez berotuak ere! Goratasun hartan eguzkia gauzez eta jendeez arduratzen da, amoroski. Dena baliaratzen du bere zuaz; harri alferriak berotuak, ezin eskapa haren besarkada indartsupetik. Ur bakanak, hemen mirail, gardenak, zilagarriak, argi oihartzunak.

        Lehen gailurreraratzean, burua makurtu nuen leize bati buruz, neure ezkerrean zena zilobeherean bazen hiliki bat, pottoka batena, erreka baten hegian, aztapar bat urean sartua: erraz zen gertatu zitzaiona pentsatzea. Saiek gose direnean horrela, beren harrapakina lerrarazten dute ziloraino hegalkoka eta beherean jaten dute gostuan.

        Ertzotua, bestek hiltzera ekarria, besteren petzero, besteen bazkarri. Laisterka, hegalen kargatik eskapatzeko, leizeraino, bihotza pil, pil, herioak leizeak deitua, aintzineko oinak hutsean ari goiti, bularra behitirantz, bihotza geldi, azken laisterraren oldarrak sesiturik. Ziloratzea, haragiak lehertzen, min ekartzen, denbora apaltzen... agortzen.

        Hiltzea bestalde baino goxoago daiteke mendi honetan. Erorikoa luze da, beherean ixiltasuneratzea. Hiltzean, bizindarrak orotarik eskapatzen dira, beste bizileku bat bilatzen dute, segidan bilakatzeko. Hiltzen bagara toki hertsi batetan, etxean adibidez, bizindarrak eskapi nahian, lauzarin aurka doatzi, murruen kontra; han daude preso, gaiztotzen gero eta gehiago, beste biziak atakatuz. Aldiz mendian aiseago eskapatzen lurreratzen prestuki, peko uren bilatzeko, nahastikatzeko. Ez nuke nahi preso hil!

        Beranta bildu nuen, besteak hatzeman behar nituen; etzen sobera on bakarrik egotea leku horietan. Nork daki zer eragiten dien hiliki batek zainei, kanpoan horrela. Hobe besteei hurbiltzea eguraldia histen ari baitzen, mendian maiz gertatzen den bezala. Hedoiak zirurikan heltzen ziren itsasotik iparlara gailurretan zapartatzeko. Oraindik goiti ortzantza hamar minutatan. Jadanik lehen xortak erortzen hasiak, harriskak bustitzen hasiak; besteak bordara sartzen ziren aterbe eske; alta ez nuen sartzeko gogorik, bizindarrak ziztatu nahi nituen; gorago abiatu nintzen; gelditua nengoen beste leize baten hegian, are gorago, are handiago. Aroa hozten ari zen bet betan; etzen hotzikara damaten horietarik, baina hotz handikor, sarkor freskatzaile bat. Eurixorta beroek, lodiek, joegiten bortizki, aurpegian. Zerua idekika, artetan, kraskadurek jo egiten zituzten harri leizak. Burua apaldu nuen... jauztiriak terreiatu zituen begiak. Harrileizearen erdi erdia zilatzen zuen bortizki. Handik zerion, xurigardena, sorginezkoa, neure begietaraino lotzen zituen hari ezin ikusiak. Nahi ta ez segitu behar jarioa sorgitik erortokiraino. Beherean, ziloa beltza, bustia; hutsa, betearen estalgi mintiera: ortzantzak ertzo egin ninduen, burua hutsik, gorputza beheitigura, ez atzetikako bultzada baten gatik, handik aztapar bat papoan lotu bait litzait. Zangoak gogortzen ari, oinak lurperatuak, eskuak harri lerrakorrari loturik. Ihardoki nahi, hutsaren deiari; aireratzearen arintasuna, bihotza aldiz punpaka. Biak guduka buruan ta!! aaaaaah

        —Kaiet! Kaiet! Zer gertatzen zaik? Izitu nauk horrela oihuka...

        —Barkatu! Ez dakinat zer izan den...

        —Izerditan haiz, xoxoa! Ainitz beldur ukan dukek!

        —Pasatua zaitan... orain, loak har hadi... lasai!

        Zer amets zikina hargatik! Nondik atera dut hori nik? A, bai, orroitzen nauk! Bitsi duk jiten bait zait bi urte berantago... jin zirelarik nire bila, arrunt hoztua hatzeman ninduten, biziki beldur ukan zitean... besteek. Halere zer amets! Erortze hori, soka bat bezain luze... sukarra badiat, zintzurrean min, biharko eri, dudarik gabe... loak artuko naik berriz... agian... are...

 

 

© Jon Casenave, Mattin Larzabal