Bostgarren kapitulua
Atea?... Uf idekia! Hobe diat argia ez piztea. Kadira eta mahaiak lurrera igorriko ditiak! Bai, piztuko diat... gehiago kexatuko duk bainan to... hain horretan... logelako atea hertsia duk...
Hi haiz Kaiet?
Bai, bai, ni naun, hago gostuan! natorkin...
Eta orain zer erran? Beharrik ez baita nire beha egon, ni gabe oheratu baita... zer erranen du ni mozkorra jinik, ez diat desenkusarik oraingoan erasiatuko naik... segur, ni ez sekulan mozkortzen eta!
Tristeena horretarako arrazoin onen edukitzea... eta besteri ezin konpreniaraz. Agian erdi lo baita, ez ditak deus galdeginen! Halere... ohera sartu behar diat emeki emeki arrabotsik sobera egin gabe... urrunetik... edana naizela ez dadin ohar!
Ho! Eta Bordaleko Euskaldunen afari hartan? Ni arrunt joana honengana eraman bait ninduten; orduan berak ezarri nindian ohean, desjantzi, irriz, eta gero... ur egosi bat prestatu hiru apirinrekin... afunts ez nauk orroit... gero hala erran zidaian... kasu, emeki... emeki... loak hartu dik berriz... agian!
Nora joana hintzen, Kaiet? Beldur eman ditak, bihar behar diagu hitzegin... gaizki hasia haiz, hi, O! Zer duk edana, hik, zer arno hatsa! E BEE! Ardoa nahi duka orain, ni baino, xarmanki! Plazer egiten ditak, segur!
Ez... barka maitea, edan dinat, damu dinat.
Baina Kaiet, zer gertatzen zaik horrela bet betan? Nork du partida? Zer egin diate?
Bai, horrela... hurbil hakit... berotzen nain heure larru goxoak. Barka alpoarentzat... nazka dinat... ororentzat. Asea naun leporaino-hago, saiatuko naun esplikatzera: Jakizan uros naizela hi ez hatzaidalakotz kexatu. Lehentxoago ere gauza bera; keinka horren beldur ninduan!
Ttonttoa! Zer uste duk ala zahartua naizela jadanik? Erradak erradak zer duan!
Maite haut horrela, hurbil, hurbil! Iduripen goibel bat bakarrik... nazka bat; nazka bat; bet betan sartu zaitan alimaleko hertsura bat. Seiak eterditan jeikitzea, karraren hartzen; besteekin zortzietatik arratsaldeko seiak artz, autokarra eta hirekin... erraztasun guti denbora eskas mintzatzeko eta... egun guzian, goizetik arats lotua zaitan euri hori; lantegiko berinatik, karretik sartzen zaitan. Karrikan gero... bustitzen nain, hozten erroraino ohartu gabe.
Orain ez haut batere konprenitzen. Zer erran nahi duk? Betidanik izan duk hori... lan denborak zailak dituk... baina gaualdietan gehiago profitatu behar ginikek, bakantzak prestatu oraindanik garrantzitsua duk, gogoaren laxotzeko! Ez diagu basak bezala bizi behar gero! Horretan ados nauk hirekin osoki... Mtxu... o zer izerdia kopetan, sukarra, biharko eri haiz hi! Ez duk estonagarri, gau guzia kanpoan egona, xoxoa hi!
Bai, hala naun, bai naski, haugi gainera, bero egin nazaan!
Kaiet, xoxoa, orain hori egin! Beranta diagu; ni abantxu loak hartua bait nintzen!
Bai, bai orain nahi dinat; otoi maitea, hotzak hila naun!
Ileak moztarazi ditiat... nola kausitzen nauk?
Bestaldean ez itzanala hain labur, baina biziki pollita haiz halere... maite haut... barnez... debru suge angela HI zer egiten dun?
Kaiet ttipia ez ditu sugeangelak maite?
Bai bistan dena: ile beltzarrenak, begi perdeak bereziki... larru goxoa dun biziki sugeangela batentzat; haiek ez katak baditizten naski!
Ez, horrela! Ausiki nazake horrek! Janen nauk hik egun batez... Ezpain peza bat eramanen ditak!
Lau eskuk balio dik mundu guziko hiztegi guzia; on egiten dik norbaiti hurbil izateak... berotasuna ematen dik... aspaldi duk ez nuela hanbeste desio ukan... hain bakar baitnintzen egun guzian... eta honek ezin konpreni nire erranahia. Esplikatzen ez jakinki eta... uste nian galdua zitzaidala.
Sehaskatzen, urrunekatzen naik bere beso beratzetan; ukaien indarrez haizatzen dizkiak neure idea beltzak, Ezpain musuz betteek ikusten ditek neure burua, ele goxoenek baino segurkiago; aho urak eztitzen ditak neure petsa.
Kaietxu! Zertan duk gogoa? Erakuts begiak, gezurra diotenez jakiteko... beste norbeiti pentsatzen baduk debru maitea, hi, urkatzen haut... beha nire eskuak... beha! Tinkatzen badut lepoa... hausten diat...
Ez, ez geldi! sobera min eginen liken. Bihotza atera iezadan hortzez, hil nahi ba naun!
Egin nezakek berdin... heure niretzeko beti, ez hakidan eskapa gehiago, sekulan; ez hakidan joan mozkortzera bakarrik basurde zahar bat bezala... erakuts hortzak! Berdin halakatzen ari haiz! Maite nikek senar basurde bat, usaiakotik ateratzeko piskat, beste guziek ehizkatuko liketek eta hura, beti oihanetan, garaitzale!
Ez, nik ez dinat basurde bat izan nahi! Irringarri baita basurde bizitzea, besteengandik baztertua, urrundua, haizatua. Libertate horren beldur naun; gainera andre arras desurus hinteke. Basurdeak... umeak egiten dizkion eta gero eskapa...
Zein idea bitxiak halere, basurde ikusten naik horrek!
Min egiten duta horrela, enetxo? Zein bortitza naizen!
Bai bortitza haiz; kasu egin ezak, hausten ba nauk ez duk besterik kausituko ni bezalakorik... aise-ai! Kasu!
Barka... mina! Hamar otoitz eginen dinat eta... izartxo bat kenduko dinat ortzian, hiretzat eramanen. Zergatik begiak hain zabalik ditun, zerbait galdu... zerbait xerkatzen dun!
Ez, Kaietxu, ez diat deus xerkatzen... baina ezin konpreni diat zergatik hainbat tinkatzen nauan, usaian baino gehiago...
Hi, ainitz maite haudalakotz bakarrik, nire begiek jenatzen ba haute har itzan eta nahi dunana horietatik egin... itsu banintz egun guzia gidatuko nindukan... maite niken itsu izatea, esplikatuko huke mundua eta niken hari begiratzerik Neronek.
Zer egin behar nuke gizon itsu batetatik, ez bait ninduke farrez ikusiko ere... bai... horrela segi ezak... atsegin zaitak... zikina nauk eta bustia ez duk hastiro?
Maite haut osoa!
Iduri likek urean gaudela sartuak, gauez larruz aldatzen gaituk, ez diagu egunazko azala; uste diat gauazko arraintxo batzu garela: egunaz ez gaituk bizi, loerian gaudek; hotzak desigiten gaitik, larrua eta haragia, euriak karraskaturik uzten diguk... gauaz aldiz, beroan gaituk, jendeen gandik urrun, bakar ixurtzen, sendimenak atzarririk, komunikazio beratxeman batetan. Haren besoak itsasontzi goxo bat dituk, pidaia batetarako.
Azkarregi haut niretzat! Urtuko haut bestenez hilen bait nauk... gizontxu... indarrak erreko dizkiat...
Eztitzen naun enetxo, basa nintzainan...
Ito gaituk... nekatua nauk; ur hegia haiz, erezko emazte! Maite dinat pentsatzea neure burua heurean, loak hartzen entzutea, hatsa apaltzen hasten zainean, jainkoak daki heure ametsetan, nora eroriko haizen; zein mundu debruzkotan, edo zein lur loretsutan! Hori zain behar... hain trukesa naun.
Ederra haiz lo, soegiten dinadala ez dakinalarik... zer bakea; gau on maitea ni atzarririk, hi ametsetan eskapi, baina gorputzen zubia, beroa, niganatua... loak hartzen nau... ni ere...
© Jon Casenave, Mattin Larzabal