Laugarren kapitulua

 

Dring dring

        —Hi haiz? Jadanik oren bat beha nintzela; nora joana hintzen hainbeste denbora? Ez diat maite horrela egotea deus jakin gabe.

        —Barkatu baina gauza garrantzitsu bat ba nian egiteko. Orain, naski, ez din ainitz balio.

        —Egia, Kaiet, baduk aurpegi bat; ez dakiat egun hautan zer gertatzen zaian?

        —Bai, deus, sar gaitezen.

        Koino, neure emeia arrunt hoztu zaidak! Nola abia dezaket solasaldia? Zaila izanen duk, ni hoztua eta bestea hastetik beretik koskan. Alta erran behar dioat gaur ala batere ez; bihar berantegi, arrenkurarekin berriz kenka txarra finen bait zait; beste egun ilun bat. Ez horrelakorik aski, aldez edo moldez atera behar diat tripakomina!

        Eta... hau zertarako dut? Emaitza bat orain? Nola eskain? ez dik ulertuko; niri buruz jenatua izanen duk. Enganatu dela nire berarentzat ohartuko duk, damutuko zaiok. Ez horrelakorik ez diat nahi!

        Haren lehen emana duk konda bakarrik, orduan egiazko begitartea zian, orain bortxaz lasaitu behar likek emaitza baten gatik. Jo aintzina, ez nagokek honela, bestenez sukaldera joanen duk, lanean hasiko, elkarrizketa zailago izanen zaidak abiatzeko. Hobe genikek gelaratzea xokoa egokiagoa baita! Hala nian pentsatua ere, geure etxean solastoki bakarra logela duk. Goxo goxoa, emazte goxotasun bat.

        Gela ttipi ttipia oro tapizatua. Gorptsarentzat goxotasun berezi bat. Botzak dabiltza ezti ezti. Bai, han diagu hitzeginen lasai lasai.

        —Ken ezak paltoa; arrunt bustia duk! erituko haizenean berantegi izanen duk.

        Behar bada, ez dukek hain koskatua ere, edo nire osagarriaz arrenkuratzen duk usaian bezala! Duela zortzi egun etxeratu nindian larruraino bustia; orduan ere nitaz grinatu zian; aldarazi nindian berehala. Alta biharamunean... ohean!!!

        —Bai maitea, kenduko segidan! Badun minuta bat, zerbait erakusteko ba dinat!

        —Ez dia zinez igurikatzen ahal? Neure zaia lisatu behar diat, orain hasia nauk, bihar goizeko prest izan dadin.

        —Ez, ez utz hori; geroxago eginen dun: Gauza inportantea dun... haugi gelara...

        —Gelara tenore honetan, zer duk hik gaur? Zinez bitxia haiz; hainbeste misterio!

        Ee be! Ez dakiat batere nala har hori!

        Batzuetan iduritzen zaidak ez dutala Marie-France ezagutzen. Nitaz beste bizi bat balerama; egun arrunt bat bizi izan balu bezala. Geure gaualdiak zein kanbiatu diren! Galdu dik ohitura lanetik landa logelan egoteko elkarrekin lehen bezala; eztiki hitz egiten genian, hemen, ohean etzanik elkar besarkatuz... perekatuz... eta orain, ez jakin ere nola gauza erraz bat aitor! Nola hasiko natzaio? Zer eginen duk lehenik: Gauza emanen ala ikustatea eskainiko? Ez bata, bestea are gutiago naski: Gaizki doak afera!

        —Orduan, Kaiet zer?

        —Ekarri dinat zerbait hiretzat... hara...

        —Ea, zer den bada? Niri emaitza bat! Ez nian uste horri pentsatuko huela gehiago!

        —Bai badakinat, ez dinatala ainitzik egin.

        Egia duk sobera ahanzten dituk horrelako gauzak; azkenaldiko eskaintzaz ez nauk orroitzen ere... aspaldi zukean segur. Zer zen bada? Geure bizia ez zitzaigunean hain bat hoztuko, eguneroko gauzatxo hauei kasu egin banie. Hauteman beharra jadanik, arras hunkitua izanen zela horretaz.

        —Zer Kaiet zozotua haiza, maitea! Hori? Oro urrez! Odola bezain kario duk!

        —Oo! Batzuetan ahanztekoak ditun diru arrazoinak. Aspaldiko partez!

        —Errak soberakina ez duk guretzat egina, dena urrez... amak ikusiko balu begiak kliskatuko litizkek gutiziaz; izugarri ederra duk!

        Bere ama sartzen badit orain! Azen ontzeko! Hara gauza on bat egina orain; bederen ez dik erranen ez dudala deus eskaini; Halere, aldi bat emaitza bat eginen eta... koskatu behar bait zuen! Horrela ere ez diat bada, pilota punpera ekarri.

        Piso aldaketa badoak autzara ferratzera orain. Balio zian, to, ekarraraz nezan logelara!

        —Marie-France! Ez dun uste zerbait andeatzen ari zaigula!

        —Baina zer erran nahi duk? Andeatzen?... Hi ez haiz ontsa egun ee... ageri dik!

        —Behin, serioski mintzatu nahi eta, hi kexu!

        —Kexu? Ez batere; baina egun hauetan zernahi historia egiten duk!

        —Ez dun senditzen bata bestegandik urruntzen ari garela, ez dun gehiago hasieran bezala...

        —Bai, bistan duk, leku honetan, errana nian bai... aspalditik; hastean berean to! Nola gintezke bizi, hemen, hertsi, beltz, beharrik berogailua ba diagu!

        —Horrengatik. Alda dezakegun bizi tokia! Nahi badun bihar berean bilatzen ahal dinagu leku berri bat seguraz ere, geure elkartasuna hobetuko duken.

        —Urrus nauk hori pentsa dezaan hik ere: bederen jendakiak etxera gomitatuko ditiagu ahalgerik gabe. Orain desohorez nagok. Hori huena arrenkura? Hainbeste misterio gauza ez deus horrentzat! Zinez bitxitua haiz ee!

        —Baina ez dun horrengatik bakarrik... Nola erran?... ez naun ala ulertuko uste dinat...

        —Errak beti mutikoa! Zertarako gara bestenez, baldin ez bada elkar laguntzeko? Ez dugua beti egin hori?

        Iruditzen zaidak ez garela ber gauzaz ari biok; edo bestela ez duk deuseei ohartu; ez dakik zenbat gosta zaitan gaurko eguna eta, ez banindu ulertuko azkenean? Gaizkiago gaitezkek berdin orain hemendik goiti... ez banintz hasi bederen!

        —Ea, Kaiet zer duk?

        —Goizez gero ez naun batere ontsa... zerbaitetaz konturatua naun... ustegabean gero eta urrunago gaudela gu elkarren gandik; izitu naun piska bat eta... nahi ninan aipatu berehala... ez dun sendi hik horien solastatzeko beharra?

        —Nik aipatua nian aspaldi... hona jin baino lehen nik nahi nian beste bizi leku bat...

        —Ez, ez dun hori bakarrik...

        Ai, zer ertzolilia naizen! Nola nahi duk konpreni dezan lantegiko akidura, janaldien mekanika, ahohandiren ziliportak, eta ere euriaren sorginkeria —bai— jendeen hurbiltasun pizua, karrikaren hotza, autokar aspergarria, jantzi bustien hotzikarra. Eta oraino gutiago Donapauleko orroimen lotgarriak... nitaz trufatuko lukek... «hi! Zein sentimentala dudan hau hemen!»

        —Dena errana duka orain?

        —Bai, nik uste; ez dun garbi nire buruan... euriak hoztu nain dudarik gabe...

        —Biharko joanen zaik, haugi musu bat; neure zoroa hi! Zinez hi oraino, hain bat bezala deusentzat mila misterio... zer esku hotzak... ez, ez ken hori orain, afaria prestatu behar diat, gero, gero, nahikoa denbora diagu!

        —Bai, maitea, uzten haut; baduta aizina zerbaiten egiteko afal aintzin? Atera behar dinat mementotxo bat.

        —Bai, bai, orain jakina baitut, falta haiteke gostuan! Ez dudana maite, jakin gabe egote. Baduk ordu bat afal aintzin.

        —Ez naun hain luze izanen. Gero arte.

        To euria beti on eginen ditak, lasaituko agian piskat. Zer lastima! Ez dik deus usaindu ere; eta orain ez diat gehiago suerterik ukanen horretaz mintzatzeko; alta aldeko solasa eman dioat; dena den nola esplika ez nikean jakinen, gehiagorekin grina sortuko baizik ez bait nukeen. Hobe horrela!

        Argi ikusi behar likek halere, pisoz aldatzeak ez duela gure afera arrinjatuko; nire bizitik osotik ateraia dela. Ontsa lukek konprenituko balu. Segur nauk ez dela berantegi guziaren salbatzeko.

        Ez nikek onartuko geure artekoa harreman mutuetara muga dadin; posible zaiguk oraino elkarrekin bizitzea, batak bestearen funtsezko grinak partekatuz... Bai hastean bezala... hori konprenituko balu? Ala hasierako elkarradi hura faltsua zen? Gorputzen batasunak sortu ilusione bat baizik, eta egunerokoak hilen zitzaigukeen elkarren gutizia beroa? Zenbat denbora atxiki dezaket hori dena ni baitan? Zerbait pasatuko duk, goiz edo berant ateratuko duk, alde bat edo beste... baina nork konprenituko du? Ez balitz goizeko jeikitzearen mekanika, arratseko seiak eterdiko mekanika, ez lirateke memento ttipi hainbeste eskapatzera utziko, ahulkeriaz.

        Ez balitz jeikitzea, joatea, lana, karra... makina hura... geroni pentsatzeko aizina litzateke; kasu emaiteko, ohituraren botatzeko: Jestu, hitz mekanikoaz...

        Hobe diat edatera joatea, beste zerbaiti pentsatzeko. Kaka! Horretara joaten ba naiz, besteak aurkituko ditiat... Bo, berdin, ezagunak ditiat; Neure buruarekin egotea baino hobe duk haiekin hitzegitea.

        —To! Beha nor sartzen zaigun! E be, Kaiet, laister enoatu haiz heure andrearekin, ala etsai bat bahuen etxean?

        —Ez, ez. Zerbaiten erostera jina nauk, eta pasatzean... gelditu nauk hurrupa baten edateko.

        —Hum, mum! Usia txarrak, txarrak, Kaiet, kasu; nola hartu du emaitza hire Marie-France? Ala ez diok erakutsi oraino?

        —Bai, bai arras urrus zen, bai...

        —Ez duk estonatzeko horrelako gauza baliosa! Inork ez zian gaizki hartuko. Oro urre, horrela, ez dik nornahik eginen... niri ez zitzaidaian gogoa pasatuko ere.

        Nik neure andreak, bakoitzak erosten dik, bakoitza beraldetik ari gaituk... horrela ez gaituk bata bestearen oinetan ibiltzen inoiz. Hastean ez zian horrela baina, orain berak ainitz nahiago dik eta... funtsean lasaiago bizi, bakoitza bere eremuan.

        —Bai, ulertzen dizut...

        —To, Kaiet, beha ezak: Nireak sekulan ez dik onartu jin gintezen ostatura elkarrekin, zeren ez dik gutiziarik sendi. Bi mundutan bizi, zer nahi duk... ni lantegian egun osoa, hura etxean halabaina...

        —Bai... ez desarrinja nirezat, segi ezazue partida gostuan.

        «Aho Handi» hi beti besten gainetik, heure burua agertu nahi, besteen arrenkura guzien pentsatzalea. Egun guzian aski ikusten eta... joanen nauk, bai, segidan!

        To, jadanik bostgarrena edaten dudala; ez diat usaiarik, kalte eginen ditak; alta ez nauk berehala sartuko! Laister sendituko dik besteak edana naizela! Neure barneko hau nolazpait kanporatu behar diat.

        Nor ote dira horik? Jarraikiko natzaiek piska bat, bederen tartean ez diat edanen. Koino! Zer buruko mina! Gizona nire adintsua dukek... ongi emana, ez dukek langilea, erakasle horgaindi menturaz bere begilagunekin. Bai, bai, esku ezkerra dena jestu ageri dik... andrea entzuten dik profeta bat bezala; ontsa iduri ditek elkarrekin, problemarik gabe, seguraz ere. Gizon hori, ez dukek jeikitzen seiak eterditan; gero lanean akitzen, etxeratu eta mintza daitekek lasai andrearekin; ez duk ezindua. hustua, bustia, hoztua, zangopilatua jendeen artean.

        Behar zen aizina hartu dikek, horrek, andrearekilako arlaren ez handitzeko; maite nikek mintzatzea horretaz elekatzeko. Ha! Nitaz trufatuko duk, ez bait naiz aski goiz bermatu... UU/PLA! Oindibetan trebukatzen banaiz orain,... xahu naun... Marie-France... ahantzia hindudan... hiru ordu jadanik... nola da orain, kexu segur... eta grinatsu gainera! Hobe hoberena balitz nire buru hausten goxatzeko. OO KAKA! Berriz gatu horren gainetik... iduri zian nire beha zela geroztik... ez diat giltzarik hartu ere, atea idekirik utzi baituke agian... ez dik batere maite horrela loegitea... to, ontsa nauk orain...

 

 

© Jon Casenave, Mattin Larzabal