Hirugarren kapitulua

 

—Saint-Genès, azkena!

        —Bihar arte Kaiet! pasa ezak gau on bat.

        —Bai gisa bera.

        To! Euria gelditua duk, ez baita goizegi; ez diat batere maite etxeratzea jantzi bustiekin. Ernatu behar diat, Marie-France-ekin mintzatzeko; hemendik pasatuko nauk, urratsa luzatuko diat, neure poztura honen kentzeko... hirugarrena ezker Cours Alsace-Lorraine hau diat hartu behar.

        Segur niganik zerbait igurikatzen duela Marie-France-k. Zerbait aldaketa, funtsezko bat, osoa behar genikek egin! Nik diat hastetik geure bizia gaizkandu; gainera ez nian sekulan pentsatu elkarrekilakoa luzakor izanen zenik; funtsera eta ez nian behin ere egiazki konsideratu neure egoera; hor duk, to, makurra! Klarki salatu gabe atzera so neuzkaian begiak! Kate elastikoek hara terreiatzen ba nindute bezala. Aise nindian Marie-France-k ez konprenitzen!

        Alta zer nuen igurikatzeko handik?

        Deserriratzearen uhaina, lanaren oldeak gaitik hona eraman, onartu behar diat hori goiz edo berant, bestenez hastetik ustelduko diat neure bordaleko bizia. Ez diat zuzenik maitearen bizia andeatzeko. Askotan ez dita erraten haur bat bezala gobernatzen naizela, borontaderik gabe, eginekoa jasanez. Horretan arras zuzenean duk, behar diren deliberoak hartzen baitira elkarrekin bizia hastean. Orain hauteman baitut neure minaren iturria, zerbait egitea niri duk. Hori duk gizonki aritzea norberarentzat eta besteentzat berdin.

        Eebe, trafiko hori karrikan, ontsa egin diat karra Saint-Genès-en utzirik; handik oinez bost minutarena diat etxera heltzeko, karrean aldiz, tenore honetan, kasik laurden bat.

        Ideki behar dioat bihotza Marie France-i! Emaztek ardura dohain bereziak ditiztek horren ontsa senditzeko. Gainera hartaz behartu naizen aldi oroz, lagundu naik arras zintzoki. To! Ford lantegitik kanporatu nindutenean bezala; nik Donapaulera joan nahi nian; hark erakutsi zidaian garbiki, han aitamen bizkar biziko nintzela, ez ninduela langabeziaren soldatak haziko. Beharrik hor baitzen orduan, bestenez? Ontsa izanen nindian to; aitamek ez bait zuketen deus erran nahiko; ez ziketean ulertuko, hori, segur. Azen ontzeko, galduko nikean, heineri egonen zukean.

        Sei hilabete honetan, sei hilabete jadanik, bizi eskas bat daramagula: Nik beti erraten sartuko naizela, hark ez baitu aditu nahi ere. Zerbaiten begira ba geunde bezala. Ez banintz ohartu... haustura, bakoitza bere eskualdera; hark baitik aipatzen lekualdatzea sei. Hilabete honetan... arrazoin dik, behingoan jarriak gaituk piso ttipi hori hain beltza diagu, asmo beltzenak eragiten dizkiagu, hain zaharra duk non eriarazten bait gaitu.

        Hirugarren estaian piso handi bat hartuz ainitz aldatuko zaidak. Gorago nukek, argi gehiago sartuko zaiguk etxean; eremu asko oinentzat eta, berinak idekitzean bazterra zabal geure begientzat: Errak, hirugarrenetik beste bistarik dukek!

        Ez orain bezala, begiak karrika zikin horri josiak, karrika jende hertsi eta presatuez gainditua.

        Proposatuko dioat beha egon gabe, urrus izanen duk; Behar diagu orain geure elkarrekilakoa mamitu, zutik ezarri bide onean, emanez konfort eta geroari buruz segurtamen gehiago. Hori duk, berehala aipatuko diagu; Kariago dukek, bainan beste zerbaitetan galdua harrapatuko diagu. Eguneroko zorion xumea, moltsa haupatuari nagusi zaiok.

        To! Harritarazi behar diat, ikustate bate eginen dioat; aspaldian ez zitzaidaian gertatu!

        Zer debru eskainiko diot? Segur izan behar nauk plazer eginen diola; Egia duk ez naizela gogoetatzen haren atseginaz!

        Alta, hark, badik beti oharpen molde horik nirekin; Nik sekula kasu handirik; Pena egiten diokek menturaz ni ikusteak hain urrun.

        Ernatu behar diat zerbait hautetzera, usaian segidan sartzen eta, kezkatuko zaidak bestenez.

        Joanen nauk «Victorie» plazarantz; Hor gaindi baduk zernahi deu da, bitxi lukek hor deus hatzemaitea eskaintzeko; Zaia bat beharbada! Zeinkoloretakoak dira horik? perdeak ez zaizkiok gustatzen, ez ditik maiteko...

        Baa! Zaia bat ez, jadanik baditik zernahi etxean! Hobe lukek berak hauta lezan. Usain on bat. Ez dut idea txarra, baina ezagutu behar... eta nik ez diat behin ere hautatzen hark erositik ari nauk beti; eta dendariak zer aholku emanen dit? Ez nahikek esplikatzen ere.

        Eta joia bat? hortxe ezkerrean, bihotx bat lepoan ematen dena urrez; bitxi duk halere lepotik erabiltzea horrelakoak, tiratzen ditek eta hozten... funtsean ez duk niretzat, hari plazer egiten badio... Oo! ez dela erraz zerbaiten hautatzea, ez dakiat deus haren gosturik, arrebarentzat errazago lukek, segur.

        Ere, niri bakarrik Marie-France-n gosturik deus ez jakiteko. Dudarik gabe aipatziak zizkidaian alta usu baina ni beste nonbait...

        Ez, bihotx bat ez du aski: Aski gisakoa eginen dioat, ohituren hausteko.

        —Jauna, beso ustai hori nahi nuke!

        —Zein, hau ala hura?

        —Ez ez, hortxetako hori: Dena urrez da ez?

        —Bai, so egin markari.

        —Maiz erosten dizute?

        —Ez jakizazu aski karioa da, baina emaitza ohoreskoa da biziki. Neska gazte batentzat ez?

        —Bai, ez dakit maiteko duen!

        —Jende gutik gaitzetsiko luke, ederra da, baliosa.

        Bai, horrelakoa dik behar. Emaitza ez balitzaio gustatzen ere, ikustatea preziatuko dik. Orain eskain molde bat estudia: Ez sobera ezazola, harrituko duk, nik ez ohiturarik. Nola? Nola egin sobera alegiazkoa ez dadin izan?

        Sartzean segidan eskainiko dioat afariaren prestatzen ari delarik, bere hala gainera joanen natzaiok, eta deus erran gabe musu batekin eskura emanen dioat. Seguraz ere harritua geldituko duk apur bat; gero hortarik landa, kezkadura pizka batekin idekiko dik aurpegia bertan argituko zaiok. Berdin besarkatuko naik pasionezki ez dik batere ohiturarik, gaixo maiteak halabaina!

        Ez. Ez zaiok horrela eman behar! Hitzak ere zerbaitarako dituk; jakinen dik ez dela suerte bat bakarrik: bi hitz askiko dik nire deliberoaren konprenitzeko. Funtsezko aldaketa baten gogoa dudala, aldaketa oso bat; bide luzarako batetan finkatuko duen zerbait, eta ez gehiago egunean eguneko iraupen txar hau; hori igurikatzen dikek, guaitatzen, segur nauk.

        Ez. Eleketa bururatu eta eskainiko dioat. Hobe.

        —Marie-France utz ezan sukaldea minuta bat, haugi gelara.

        —Zer gertatzen da? Bitxia haiz gaur.

        —Nonbaitik sofritzen?

        —Ez, ez, nahi haut elekatu, zerbait proposatzeko badinat.

        Pausatuko dik ganibeta pataten artean, lanzaia kenduko, musu bat emanen didak bere buruaren segurtatzeko piska bat. Han ohe gainean hitzegitea errazago dukek; aurpegia perekatuko dioat, neure isiluneen betetzeko. Elkar ulertu eta, pisoz aldatzea erabakirik, orduan eskainiko dioat beso ustaia. Horrela seguretik ari naizeka hautemanen dik. Harrituko duk, dudarik gabe; funtsean, berebaitan oso urrus. Eskertuko naik, begiz lehenik eta gero saiatuko... luzaz begiratu ondoan.

        —Nire muttiko ttipia zozotua haiza? Maite haut; zozo bat maite diat.

        Piskatxo bat egonen zaiok begira, niri so eginez tarteka. Begietan bilatuko aldaketa bat bateko horren segurtamena; gero ohean egonen gaituk berdin, luzaz. Oren batez elkarri mintzo, apal apal, eskuak gorputzean laisterka. Lehenago bezala. Aspaldiko panez, to! Biguntasunarren hatsa ahantzixea baita geure artean.

        Ha! Kapable gintezkea horrelako gauzen? Nire hutsez balitz handitu geure arteko arla? Betiko ahantziak balira lehenagoko ele bigunak? Ez lukek arras nire hutsa: Hiri hau idortzalea, lantegia, lana, azantza; ahanzter diat euria. Iragan guzia zukatzen duen hura! Elkarrekilako hotz hura ere etzena bera jin?

        Sartu zitzaiguan ohartu gabe; deus etzian egin hark ere. Aintzina aritu duk geure bizia, menaiari on batez legez, etxea onkailuz asez, baina itatxurak ikusi gabe, edo... ikusi nahi gabe. Ez zikean aski indarrik borren aipatzeko; deparen hausteko etzian arriskatu nahi.

        Hala! Berriz asmo beltzataratua nauk. Ni. Hain urrus ninduan berehala sartu behar nian neure emaitzaz sobera pentsatzearen ordez —horrek naik errausten— Pentsatzea beti ondorioak igarri behar aintzinetik, zer xorakeria! Naturalki ez balira aski arin etortzen! Kurri joanen nauk, ideen argitzeko.

        Buru hau hustu behar diat. Bestenez ezin bizia dukek neronentzat eta besteentzat; horrelako egunen bizitzeak nazka ematen baitit. Aire freskoa piska bat...! Marie-France-n aintzinean, kuraia behar diat, jadanik beranta bildua eta. Euririk ez dik egiten.

        To! Kaka! Zertan eman dudan oina? Gatu bat... gatu bat lehertua hor! Hirian! Nork debru ukan du gatu baten lehertzeko asmoa hemen? Gaisoa, lepo erdi erdian pasatu zaiok berebila, min bat izugarria egin dakiokek segur! Aski duk ikustea haren irri dolugarria!

        Nonbaitik ere, xantzarik ez diat nik! Delibero on baten hartzeko orduan... krak... zerbait seinale etortzen zaitak, seinale gaistoa beti. Abere gaixo horrek orroitarazten zaitak iturrian hatzeman nuen hura ITURRIEIHERAN itoa-zuzen zuzena bi egun Bordalera abiatu baino lehen.

        Hura gainera, espres erahila zitean: Soka mehe batez urkaturik lehenik; hatzik uzten ez duten soka horietarik. Gero urera bota zitean, burura zedin, gatuak zailak ditak hiltzeko. Beharrik ez bait nion deus erran amari, zerbait sorginkeria beltz gogoratuko zitzaioan. Jakin balu, hala fede, ez nindukean joatera utziko.

        Hori, ez duk oraino izugarri, baina urkaturik? Hastiro gintuztean arrunt hauzoek dudarik gabe, hainbestetaraino hala ere, gure iturria andeatzeradino! Gatu haren buruaz orroitzen naizenean... bitxia duk hala ere urkatu baten burua; hantua zian muturra, begiak zabalik sofrikarioak desgutaturik; gainera iturriko ur hotza etzian deus gabe egin gabe egon: Ureztatua zian gaistoki buru hil hura, ihardok ez zezakelarik gehiago. Zulo guztietatik presaka...

        BRRR... ordu duk ahantz dezadan horrelakorik.

        —To! Haiet, karrikan oraino! Ez duk hire orena alta! Usaian etxen hago tenore honetan.

        —Bai, ahantzia nabilak.

        —Andreak kanpora eman hau ala? Arras bitxia haiz.

        —Ez, ez. Uste gabe bat egin nahi dioat. Beso ustai bat erosia diat. Idekitzeko beldur ez banintz erakutsiko niake.

        —Emaitza bat! Aspaldi... to... ez diotala eginik neureari. Beti amodio bero orain ere hi?

        —Bai uste diat!

        —Zer astakaria! Balio balu!

        Hori duk, behingoan ni ez nauk ohartu nahi amodiotan naizenik. Norberaren andrea etxeko horniduratzat ikusia duk urte zenbaiten buruan.

        —Haugi hurrupa bat hartzera! Kaiet! Bost minuta bakarrik, igurikatuko hau, bai, piska bat!

        —Bai baso bat bakarrik, odol gaisto eginen baitu.

        —Usatu beharko dik noizbait, bihar edo etzi. Bai, gaixo KAIET! hastean, ateratzen hasi naizenean bakarrik, erasia zenbait entzuten nian; baina orain, jakizak ontsa futitzen dela.

        Pizten dik telebista eta hor egoki, haurrak huxatuz ixilik egon daitezen.

        —Nik ez nikezu nahi horretaratu, hargatik! Ez duzu bizi bat horrela ere!

        —Baina, zer nahi duk egitea hiri pito honetan! Ostatura lagunekin joaten duk nire plazer handiena orain; piska bat solastatzeko. Zer egin bestenez, telebistari so egon? Zer dago ordu honetan? Haurren emankizuna bat bakarrik. Dena den, lanetik landa, ez nakiokek lan bati abia, zortzi ordurekin nahikoa badiat...

        Arrazoin balu ere, ez dut horrelakatu behar! Marie-France eta biok ez diagu hain errekara lerratu behar! Hau behar bada, hain behera jaitsi dukek bera ohartu gabe ere. Kakaren erdian gero, ez dik aski indar eduki zutitzeko. Ni beldur naiz, ez dela sekulan mintzatu horretaz bere andrearekin; bistan duk kasu gabean lerratzen dela konpreni eskasera! Beharrik, tenorez konturatu nauk, gure amodioa hirian barne arras airatu gabe.

        —Zer hartuko duk? Ricard bat?

        —Ez garagardo bat, plazer baduzu!

        —Mutikoa, andreari emaitza baten egiteko piskor agertu behar haiz,... partikulazki ondorio orren edukitzeko!

        —Zer errateko orain? Ez naukek emaitzeei kondenatua zerbait onik ardiesteko!

        —Bai, gazteak zarete oraino!

        —Har ezazu beste bat! Etxekandrea, berriz bota.

        —Bai, gostuan, nik badiat aizina hurrupa batentzat beti; milesker Kaiet! Besteek ez ditek biziki luzatuko, etxetik eskapatzeko... gau oroz diagu hemen karta partida bat: Galtzaleak paga; horrela geure andreak lasaiago dituk etxeratzen garenean...

        Zer adin du honek? Hogei ta hamabost, ez gehiago zer nahi gisaz. Badakia nolakoak diren bere andrearen begiak? Berdin kuraia eskasez galdua dik partida; honek ere Arla handitzera utzi dik ohargabean, berdin egun euritsu batez ixilik egon zelakotz andreak elekatu nahi zuenean. Hiritarra ote du andrea honek ere? Egun guzielakoez aparte ez dukek arrenkuratzen; nola jasan ixiltasuna bestenez?

        —Errak Kaiet, aditzen duka ala futitzen haiz?

        —Ez, ez barkatu, ahantzia ninduzun piska bat.

        —Aholku on bat, mutikoa: Ez sobera mintza heure... nor da?

        —Marie-France!

        —Beraz, Marie-France; ez mintza... zepoan izanen haiz, heure eleak heure kontra itzuliko dizkik... andreak kokinak dituk...

        Boon... joan behar nauk hemendik, zeren honek kenduko dit neure mintzatzeko gogoa, ouf... burua bero diat, soberasko edan berdin, ibiltzean pasatuko zaitak agian.

        —Sartu behar diat, zinez kezkatuko zaitak bestenez. Agur bihar artio. Gau on pasa!

        —Adio Kaiet, habil fite, xahu haiz Marie-France-ekin...

        Ez naik horrek, kuraiagabetuko!

        Aintzinetik hartuko diat problema: Neure aitak erraten zian beti elez arrinjatzen direla gauzak. Inportanteena horretaz ohartzea: Badiat hori... ez diat airatzera utziko eskuko xoria!

        To! Euria! Busti nazak, busti! Ez nauk xoratuko orainkoan. Begiak zabal ditiat, birikak suko brasa bezain bero. Orain erre nezakek eguerdiko hotz hura. Bai, hor dagok, leihoan dakusaiat argia; sukaldekoa. Nire begira, dudarik gabe, goizik uzten baitu lana! Beranta diat bai, halere ez duk afalordua oraino. Janariaren prestatzen ahantzi zaiok denbora.

        Ez nauk berehala sartuko! Xirrina jo behar diat beste norbait naizela sinets dezan. Lan zaia kentzen emanen dik denbora. Kezka piska batekin idekiko dik atea. Ni ikustean orain segurtatuko duk.

        «Hi haiz, uste nian galdua hintzela, beldur eman didak debru xoroa!» Hor berean, atarian besarkatuko diat aho ahoan, sakelara emanez beso ustaia...

 

 

© Jon Casenave, Mattin Larzabal