Bigarren kapitulua

 

Seiak eta bost; ez nauk etxerako eterdiak aintzin bederen, eta oraino... trafikoak ez bagaitu gelditzen.

        Hotza dukek txarrena geltokian; denbora ez duk berehala zukatuko, lainoak beheregi daudek: bere aire kexuarekin iduri likekez ez direla ontsa beren euriko estalgian; hartaz gabetu nahirik, urratsa arintzen ditek.

        Beha egotean ere, solasa segitzen ditek langileek: beti berak; lantegia, makinak, manataria, soldatak, politika, emazteak, ostatuak; iduri dik autokarren heltzeak zama handi batetatik askatuko dituela; karrak bere argiez keinu egiten diguk, goazen goazen!

        —Kasu! Heltzen zaigu! ken pasaiatik!

        —Utz itzazue zaharrak lehenik, otoi!

        —Pasa zaitez, neska!

        Farregari, nola iragatean ere solasean ari diren; lehenik, karra heltzean, oro beraldera doatzi, beti eleka, gure etxean uliakargira bezala, ernatuz, oin bide puntta punttara, non hainbestenarekin karrak idekitzen baititu ateak zabalgoseak eraginik, iresten ditik segonda batzuez. Nik urrunegotik nahiago diat, bitxi zaidak karrak irestea, hainbeste jendeen artean; gainera ez dituk deusez ohartzen ere; gustatzenago zaidak bakarrik iagatea, horrela bederen denetaz konturatzen nauk.

        —Nora? Laister!

        —Barrière Saint-Genès!

        —Hemendik Saint-Genès-eraino, lau libera da, zuzen.

        —Oizu.

        —Atxik ezazu ar toski txartela, kontrolatzaleak jitea arrikatzen du.

        —Gero ere, ez nau janen!

        Orain etxerako bidea ez zaidak luzatuko; hemen bero egiten dik, neure jantzi bustiak ken ditzakeat; bai eta berdin afaltzean Mari-Franceri mintzatuko natzaiok, zeren barnean daukadan asmo gaitz hori eguraldia baita bakarrik; hark ere sentidua dikek ez badit ezer esan ere; berdin ez gaituzkek aski elekatzen erran diezaizkiokeat hain arruntak, orotaz konprenigarriak.

        Azkenean zertarako gara elkarrekin? Geure arrenkuren partekatzeko agian; huts handia ez bait naiz harekin aski solastatu; etxera orduko, bi oinak mahaipean, ahoa bete janariz, eta gero ohean, haragi hunkiak; behar bada nire loeria gastotik tiratuko nindikek; gainera Marie-France-k zerbait horrelako igurikatzen dikek bere funtsean: Bai segura hori! Gaur danik aipatuko dioat.

        Saint Médard-reko jela orain! Karrak hartuen erdiak Husten ditik, blaf! Seiak eta hamar. Kanpoan regularki euria, autokarreako euri palak eskuin ezker; urak jendez bete oinbideak hozten, euria denetara sartzen, bizia, xoko moko guzietara joanki, emeki emeki, gero ta gehiago: hunkitzen duen ekaia hantzen dik, haren kolore-natura kanbiatuz. Oin-bidetaran zipuak egiten ditik; hauek zango eta begiak terreiatzen ditiztek; lehenago zipu ttipiei begira banengoan luzaz, neure begitartea zipuan emana, haize bufakoek handitzen, loditzen, itsusten edo pollitzen zitean. Orduan, zipu urak lano zirudian, bere indarrak galdurik horreratua, borobildua azken hasperen batetan, trankilki hiltzeko zulo tippienean bezala.

        Aitortu behar, guk baserrian, lanoki uzten genuela; ondotik bagindoazkion, leku ainitz baitzen ibiltzeko. Aldiz hemen, gainetik joan behar eta oinak gainetikatzean ura lanjerosten, berpizkundea sortzen zaiok oinak harrapatzean; inoiz ez nindian ohartu, zipuen ura hain beldurgarria zenik! Beharrik hemen ez bait da sartzen; laister idekidura bat aurkituko likek orotaratzeko; kar zahar hau bestenez ere itatzurei idekia dukek. Bidea idekiko liokek ere hotzari, jantzi umietan barneratuko lukek; oro hotzikaraz ginatekek. Agian kar honetan, berogailua azkar ari duk; inor ez dik pentsatzen, euri hotza sar daitekeenik.

        Berotasunak kontrako ondorioa dakarkiguk: Aurpegiak lasatzen dituk, kanpotik bustiak etorri, maletak ubeltzen dira, berotasunari idekitzen goxo goxoki; gizon emaztek Paltoak tinki tinkiak zauzkatean han hona orduko zabaltzen ditiztek bero Kirika arinaren begira. Eleak badabiltzak ozenki, segurtate berrian dituk gorputzak halabaina, memento laburrean biziko bailira; hotzak odola hormatua zian, hitz sorgia zukorik, bihotz labean mugimendu betikoak kanporatzen dik odol gorria, ibaiez ibaia lehenik goikaldean buruaren bustitzeko, munuiaren hazteko. Gero beherekaldera, besoak, birikak, gibela, barea, barabilak, zangoak oinetaraino. Kasu egiten zaionean, senditzen dituk odol bultzadak; odolak ainitz senditzen ditik denboraren aldadurak. Hotzaroan, euritsu, ahal bezain guti ureztatzen dik gorputza, hor gaudek uzkur, hotzari sargia gutienik emateko. Baina, ez gaituk usu ohartzen, odolak duela gure elasturua mairatzen; horrelako egunetan behar duk gorputz izan. Oiharzunari kasu egiteko ixilik egonez; sobera besteengain utzia duk gure trenpuaren aldaketa, gu baitan zaigulari sortzen gehienbat.

        —Station Judaique: Erna jaisteko! Zenbat diren sartzeko ez duzue ikusten; pusa, pusa gibelera!

        —Aizu, ez gara sardinak!

        —Andrea, arrazoina duzu, urdeen gisa erabiliak gara.

        —Hargatik ez dute gizonek deus erraten; zergatik ez duzu fitsik erraten zuk, ez duzu horrela pentsatzen?

        —Bai, bai, ez gara arrainak!

        Zer demontre erran behar nion bada? «ez gara arrainak», zer zozokeria! aski handia bota dioat; bestei gehiago kontu eman behar nikek, bestela zerbait gogoratuko zaiek.

        Hala ere, nola soporta horrelako jendetza? Datozkidaket oinetarra, bizkarretik pusaka, sudur ziloak nire ahoaren aintzin aintzinera, bazkarian jana ere hauteman errex duk!

        Ha! Emazte gazte hori ondoan, nola usain onak busti duen pintaka, sniff, sniff, sudurrera sartzen; haren mugimenduarekin usain onaren arraioa sudurreratzen zaidak, batean ezkarrago, bestean ahulago; zer da bada? Marie-France-k ez dik horrelakorik, dudarik gabe, ez zaiok gustatzen!

        —Barkatu, jauna, neure moltsa zure oinetara erori zait!

        Orain apalduko duk, berdin ere beso batez, niri bermatuko zaidak ez erortzeko, karraren inarrosaren gatik. Haren eskuak nire besoa gogotik tinkatuko, burua gorputzaren puntan eroria buruz gaindi, garkoa agertuko zaiok, xuri xuria, bi bazterretara ileak eskapatuko. Garko honek nire eskua terreiatzen gogorki... hain ahula delakotz, biluzirrik oinen ardan galdua. Zutituko zaidak besoa arre tinkatuz, irripar pollit batez so eginen didak erranez:

        —Milesker jauna!

        —Deusetaz, ez da fitsik pasatu...!

        Indar bat ez ditzan nire begiak hauteman; gutizia eta nazka betan, ile bustietako usain onaren inguruan josiak, zer bitxikeria. Banoak, bestenez beharritaraino gorrituko nauk...

        —Barrière d'Ornano! Fite; trafikoa blokatua diagu! Ho! Zenbat haur sartzen den orain! Nondik datoz horik oro? Hasteko irriz ari dituk gogotik, jende handiei kasu egin gabe. Nolakoak diren, haatik! Zer adin dute horiek? Hamabi, hamabost ez gehiago seguraz ere; jadanik bere buruaren jabe dituk. Nondik datorkie segurtamendu hori?

        Ni, horien adinean ikarran nenbilean: Arrunt herabe besteen desarrinjatzeaz beldur beti, sekulan ez nindian horrela farregitera menturatuko kar batean. Orain hauk lasai badabiltzak, ez diketek inon laketzeko problemarik, orotan ongi dituzkek. Zer xantza! Dudarik gabe, burrasoek libro uzten ditizkek, beren aitek seguraz ere, ez deitek deus erasiarik botatzen bazkalorduan, bestenez, ez dituk horrela ibiliko.

        —So egizu hori, haur zirtzil horik ez dute gehiago konpletzarik; aise uzten dute atso zahar bat zutik! Ez dela hala jauna?

        —Bai, andrea, bai, arrazoina duzu, ez dute gehiago konplezarik! Futitzen dira.

        Nire aitaren adinekoa duk emazte hori; ez duk estonatzeko, hasarratzen baldin bada ere! Orroitzen nauk hain zuzen, neure aitaren erasietaz Baionako bidean. Eta hori dena, adineko bati neure jarlekua ez niolakotz aski goiz utzi; gainera, denen bistan erasiak; baitziren Donapauleko jaun xapeldun batzu ere han gurekin.

        —Errak mutikoa, zertarako haiz hemen? Heure aitaren desohorearentzat ala? Ez dakik oraino haurrek handiei uzten dietela tokia autokarrean!

        Eta ontsa orroit nauk, ondotik zer mazelakoa! Baionaraino atxiki zidaian kaskaren berominak berdin barneago sartu ere. Hauek ez ditek sekulan mazelakorik hartu, seguraz ere, ez diotek jakin handien beldurra zer den; hobe haientzat zeren beldur hori jarraikitzen zaik, eta nora nahi joan hadin jenatzeaz beldur haiz. Bai, hori duk, horrengatik nauk ez ontsa jendeen artean, beldur ematen bait didate; bai bainan ez lezaketek konpreni duela hamar urte ukan mazelakoak urrun nazan jendeengandik, ez, ez hori ez lezaketekasuna!

        Zein nekatua den gizon hori bere adinarentzat, ileak biziki zuhailak ditu! Ontsa emana, hargatik, ez langile bat, seguraz ere; baina zer tristura dakarren begitartean; behar hada, hiriak du horrelakatzen horiere! Lurpezko eritasun ixil batek bezala.

        Eta herri ttipi berde batetatik jiten balitz horiere!

        Aitamak ere han ditizkek berdin sorterrian bizi oraino! Dudarik gabe, laborari aberatsak estudio handien pagatzeko! Ilusionez betea zitekean hau ere, hastean: Denborarekin laketu duk orain hirian, bazter eskasa ere ez dik sendi gehiago; tristurak hargatik agertarazten huts baten oihartzuna.

        Edo bestela, ez duk baserritarra: Zer den ez dakik; baserriko landa, pentze, soroen urratsa, ipuruz ipuru zuhaitzen betetasunean. Behar hada, sekula ez dik belar moztu berriaren usain mozkorgarria, arresteilu ukaldi erraza ematen dian hura; neguan egunero bildots sortu berri baten pentzean aurkitzeak; bizi berriari ohartarazten hauen gutizia!

        Ha, eta nik hori dena dudala galdu etxetik joatean! Ez dakikek honek larrazkenean onjoen bilatzean zer min ona ematen dion lepoari, xokoz xoko miatzeak!... aurkitzeak!

        Horri zenbait gizaldituko mina diokek lotua, bakarrik zenbait! Aitatxi eta amatxi berdin edo aitatxi bakarrik: Piso batez hazi haurra. Botarik sekulan haur horrek, inoiz ez lohian erori, beti garbia zitekean, ez ni bezala uraren beldurti banintzen.

        Azkenekotz arrazoin diketek: gizaldi zenbaitzutatik landa, gizona hirirako duk; sakrifizio batzuen ondotik. Lehen gizaldi xahutua, ni, nukek; beraz Marie-France jadanik hiritartua duk osoki, hirugarren pisoan dituk bere ametsak! Zein on den halere orroitzapenetan galtzea, oraingo zorigaitzak argitzen ditik. Euriak piska bat zoratzen nindian nik uste; oraingo samatsean izpiritua galtzeko ordez, historiari bermetzea hobe duk segur. Dena den pazientzaren hartzea diat, berez presatuko zaidak, euriak ez dik bakarrik bustitzen, itotzen, ikuzten ere dik.

        —Barrière de Pessac!

        Hainbeste jende: hauk langileak, aise ageri, beren jantzietatik; jestu asko dariotek, beren eskuak mintzatzeko erabiliz. Azkenik Tragan den hori?

        Aah marokarra naski! Irringari duk nola bera baztertu den; ez dik xantzarik eta gaizoak, zeren deserriratzearen pizuaren gainean badik bere azalaren kolore. Ni ezazolkeriaz inguratua naitek bakarrik, hori aldiz hisioz iresten.

        —Haugi nirekin Peio! Ez gaituk hor egonen, halere!

        —Erran duzu, ontsa ginela hemen!

        Emaztea. Autokar guzia trebeskaru ondoan, hara sartu duk: Semearen bi begi hor daudek guri so, harrituak, ama, ni, marokarra, berriz ni, ama eta bestea errepasatuz ari duk. Gaixo haurra! Begiak ez dituk koloeari ohituak; usatuko haiz bai, amaren aholkuak ongi segituz; hemendik ikusiz, amaren begiak mintzatzenago dituk, ezpainak baino. Nahiz hauek ere baduten halako trebeska trukes bat; erdi idekiak, aintzineko pala hortzek gogorki ausikitzen ditek behereko ezpaina: Iduri dik barnean dauzkanak kanpora bota beldur dela. Tarteka hortzen tinkadura laxatuko lukek, barneko eldar perde bat ateratuko eldarra hortzen arteketarik agertuko, haguna hastean fina, gero ta handiago, gero ta perdeago, ezpain guzian barrezta perdeago, ezpain guzian barreatzen. Uholde bat osoa.

        Orain haguna ezin atxikia. Hortzez ezpaina nahi bezain bat tinkaturik ere; badariok. Begien kliskadura bakoitzean ere eldarra ateratzen zaiok, jaisten ahoraino. Bi eldarrak orain batu dituk.

        Lehenagoko bere bizi batetan, seguraz ere, emazte hori apo bat zukean; atxiki dik ur zikin zikinen gostua, ahotaraka edan dik hortarik eta barnean berotu, sokorritu, perdetu zaizkiok; eldartu. Matrailaren mogimendua emazte izanik ere, ez dik aldatu: Begi kliskek matrailaren ez ere, ez dik aldatu: Begi kliskek matrailaren ezpainen mogimenduek oro bat eldar haguna betan hantzen ditek.

        Senditzen ote ditu hotz ta euria? Hainbeste barneko pasioek hartua diketek; bere buruaz ez du karkularik egiten ere honek. Bai, hori da segur. Edo ahantzi nahi ditu bere arrenkurak bertzeen baitan begiak fitsatuz; berdin ere zahartzarekin jiten zaik halako segurtamen itsu bat, heure buruaz; hala duk.

        Ez diat oraino aski bizitu biziaren ulertzeko. Hirian ez nauk aski egona, neure denbora eta nerau betetzeko besteen hurbilkeriaz; hori duk hemen zailena. Hainbeste jendekin bizi behar, eta ez elez baina hunkika. Norberaren izatean sinetsi, besteenean ere; inguru baten kreatzea, bai hori garrantzitsuena. Mugak neureak ditiat huts oinpean. Egunero zerbaiti bermatu behar hortxeko krakoari bezala.

        Marie-France-k badik bere ingurua. Nola ez nintzen ohartu oraino! Horrekin hainbeste bizi eta... hori inguru horren erregina duk: Denak menpean daduzkak, sukaldea, logela, pollitgailuak, larunbat arratsaldeko dendeen bisita, asteroko orraztaldia. Ni, lehenagoko mugetan bizi bait nauk; eremu berri hautan alde guzitara huxatua nauk; bai, hala duk. Euria. Egun ta gauaren junta. Eremua zabal, ixiltasun lasai baten laguntza. Hori guzia ez duk hemengoa, bistan dena. Beraz berantolatu behar diat, neure bizia. Euriaren sorginkeriak haizatuko ditiak, ez bait du hirian eremurik, luraren iretsahalik; Barneratzeko baretzeko; hemen istilatan dagok azalean, zimentak sortzea debekatzen diolako, gaistotzen duk, sobera kasu egin bazaio, nahasten dik burua.

        Ez diat gibelera joan beharrik: Har idia adarretarik, jan ogia den lekuan mamitik. Ez duk niretzat aterabiderik herrian, segur hori!

        Orduan gertakizunak utz jitera; zenbait egun hautan kenka txar bat diat jasan behar; joanen duk tristurak, herri minak inor ez dik behin ere hil!

        —Barkatu jauna, desarrinjatzen zaitut...

        —Ez, ez zer duzu? Ametsetan nengoen!

        —Datorrena Saint-Genès da, ez ta?

        —Bai datorrena azkena da, ez duzu tronpatzerik.

        —Jakizazu piskat galdua naizela hemen!

        Beti bestei bidea eskatzeak jenatzen nau alta! Poitiers tik nator, estudioen jarraitzeko, eta zu?

        —Ni Donapauletik. Ez duzu ezagutzen behar bada?

        —Ez, non dago?

        —-Euskal herrian, hiri xume bat.

        —Bizia triste zatekeen hau?

        Nik ez ditiat maite hiri ttipiak; horrengatik utzi nian Poitiers hona etortzeko. Sekulan ez duk inor ikusten hiri ttipi honetan ez duk uste?

        —Bai behar bada... hor duzu Saint-Genès...

        Arrazoin dik, ez diat neure burua orroitzapenenek jatera utzi behar. Euria kontseilu txar emaile...

 

 

© Jon Casenave, Mattin Larzabal