—III—

 

gaur

zaparrada

noiz atertuko zain

aitor ezazu beraz

Garibay kaleko balkoipetan

gelditu behar izan dudan

ordu erdi honetan

neure aspaldiko lagun zintzo

isila

berriro bisitatu zaitut

Casa Paulista

Cafes Tostados

Garibay 9

eskaparatean

jendeari irrifarrez

aulkia atzekoz aurrera

jaka urdina

galtza kremak

kafearen aparra iduri

beti irrifarrez

Ducados bat hatz artean

zu ere zain

espaloinkari borondatedunak

sua noiz eskainiko

oh negro beltz gatibua

berriro mintzatu gara

miresten dut

zure pazientzia

zure eroapena

zure jasakuntza

ni ez bezala

hornitu zintuen naturak

noblea da zure eskaiola

flakoa nire haragia

eta

eurijasak jarraitzen badu ere

utzi egin behar zaitut

segi egin behar dut

gurutzbide nekoso huntan

posible baita

honez gero

mozkorren batek

berea zelakoan

edo listoren batek

arraza guztiz ugaria berau

beretzat

hartua izana

lehen bait lehen

behar dut arribatu

galtokira

ez nire guardasola

berezia edo apartekoa

delakotz

ez da bilkorra

udaberriko merkealdietan

erosi nuen

ez da automatikoa

izan nuen bakarra

bere gisa

irekitzen baitzitzaidan

ez gutitan

barrio humedoko

tabernetan

parrokianoen adar jotzeaz

aspertu nintzen artio

ez egundoko oroitzapenik

bururatzen didalakotz

tristea da gure bizitza

erotikoa

berria erosteko adina ere

irabazten dugu

komenio berriari esker

baina maite nuen nik

nire guardasola zaharra

jaun andreok

guardasola bat galdu da

Parte Zaharrean

gaur eguerdiko

hamabietatik ordu bietara

bitartean

tabernaren batetan

zihur aski

aurki lezanak

utz beza bertan

edo eta

999999

bederatzi bederatzi

bederatzi bederatzi

bederatzi bederatzi

urrutizkinera hots egin lezake

eskuzabalki

sarituko da

familiako oroigarria izaki

gezur hutsa

erran dukezu

egia borobila baizik

erran dizuket

ez didazu untsa ulertu

egia dela

gezurra dela

erran nahi nuela

baina

halaz guztiz ere

nire guardasola

berreskuratu nahi dut

ez da

jabego pribatuaren

goraltzea

solidaritate arazoa

baizik

nire obligazinoa da

nota utz nezake

nire dandy ezaugarria

edonoren esku zabarretan

ez nintzateke

euripean ibiliko

berrogei durogatik

ez naiz Juanito Mixeri

Bulebarreko semaforoak

pasatzen utz nazan

estoikoki

patrikak ere ezin itorik

burutik oinetaraino

blai eginda

berrogei duroz goitikakoa da

nire guardasola maitearen

balioa

funtsa

garrantzia

aurki ez baneza

Iesus Krist-en hatxurra berbera

harrapatuko dut

konszienteki eta erresponsableki

merezi baituk

nora nora joan nintekek

hi gabe

heu izanen haiz

nire suizidioaren arrazoina

Euskadik ez dik barkatuko

itxoin iezadak

konpreni ezazu

hura baitut

ligeak sinesten dizkidan

tobaritx burkide bakarra

orain agian galdua

ene Jinko Jauna

zer eginen dut nik

zer eginen dut nik

nire betiko

ezinezko amodioenaren

entzule zintzoa gabe

horregatik

hain zuzen

itzuli behar izan dut

ez nuke horditu behar izaiterik

horregatik

bakarrik

itzuli nahi izan dut

oinez

zaharrera

anaien feudora

euri hotz honek

euri zikin honek

busti nazan

izorra nazan

nire guardasola zaharra

ezin abandonaturik

Donostiako

Parte Zaharrean

Fermín Calbetón kaleko

Joxe Mari tabernan

ahantzi nuen

ahantzi ezin nuen

guardasola.

 

© Koldo Izagirre