—II—

 

besoak luzaturik

eskuak zabaldurik

eta euria ari duela

konprobatuz

ozenki

egiten dut galde

barka iezadazu roiloa

zergati

zergatio gaur prezisamentean

ahantzi behar nuen

guardasola

zergatik egun hain zuzen

erradazu

hasi behar züzün

kasualitatez

zaparradaka

madarikatzen dut neure fortuna

guardasola

badakizu dakizunez

euritik babesteko gailua

makila batez

eta ziriren gainean

tolesten edo zabaltzen den

ehun batez osatua

injenio guztiz liluragarria

edo arestian aipatu dizudanez

beste anitz enplegutarako

erabilgaikizunkorra

beharbada

zeuri ere bururatu zaizun

bezala

parakaidas

paraxuta

edo jauzigailu

egokiago erranik

guardakolpe

hostiakoa

berdintsua izanen bada ere

gehienetan mortala

buruia

kanpandorretik botaz gero

egiteko kapablea naiz

aurkitzen ez badut

egungo guardasolek

hau eta bestea

erranagatik

ez baitute garai hartakoen

errematea

Paseo Nuevoko uhinek

azpian harrapatzen bazaituzte

hobe duzu

guardasola zabaltzeke gorde

bariluzik geldituko baitzara

halarik ere

ezagutzen dugu

oraindik

guardasola

tinko

gogor

fermu

sendo

gotor

bat edo beste

erran nahi baita

noizean behin

lege orokorra hausten duten

aleak bakanak baina

ageri ohi direla

bi pundu

Joanes artzainak

Urbiako zelaietan

eraso ekaitzpetan

erabilia

makal luzearen irudira zuzen

haritz gogorra bezain sendo

Marx anaiek

Urgulleko bide

galdu galgarrietan

Donostiako hiru damatxoekin

ilunabarrero

muturreoan aritzen zirenean

ume lotsagabeen begiradetarik

izkutatzeko

zabaldutakoak

nire lagun batek

69ko Aberri Egunean

Elkano kaleko

portal batetan

belarriluze belarrimotz

entzunzale

ikuskari

txibato

salatari

bat

nolabait erraitekotz

gaztigatzearren

dantzatu zuena

zuhurra izan behar baituzu

guardasola erabilten

ni

bederen

beldurrak hartuta

joaten nauzu

espaloietan gaindi

eudia ari duenean

begiren bat

ez dut errepuestokorik

aterako ote didaten

barila madarikatu batez

idem ere

neska txolina hoietako batek

zeren

mutilez gogoetan doazelarik

beren aurpegi ameslariek

aditzera emaiten dutenez

ez diren kontura jiten

eta honela bada

haien ibilaldia gertatzen da

kaltekorra eta hondagarria

gurearen aldean

hain gara guadasolari trebeak

non

munduak oro aitortzen baitu

zernahi zirkunstantziatan

profitatzen garela

politikoki

geure faboretan

konkista berriak egiteko

bertzenaz

Balda iezaiozu

X.X.-ri

eurixe hasi zuen

memento gogoangarri hartan

poltsatik guardasola bilkorra

atera zuenean

ea ahantzirik ote duen

aterki transportagarria

galankiro eskuinean hartuta

ezkerreko besoa

bizkarrean zehar pasa

eta eskuaz

lepondoa ferekatu nioneko

zirarra

hotzikara

ukitu kosmikoa

aitor ezazu beraz

ebiak badituela bere abantailak

ez bakarrik

nekazaritzarako

ni orain

hamorratzen ari banaiz ere

bakarrik bainago

bakarrik

bakardaderik ere gabe

zuk ez dakizu zer den

eta guardasola barik

horretxegatik

abiatu behar izan dut

eta ez bertze deusengatik

oinez zaharrerat.

 

 

© Koldo Izagirre