—I—

 

guardasola

hiztegi guztietarik desterratutako

aterkia

edo euritakoa

euskaldunok

xaguzaharraren hegalez

egin genuen

inbento nazionala

konkupiszenziaren kupula beltza

ibilaldi erromantikoren aterpea

guardasola

belaunaldiz belaunaldi

transmititu zaigun

erlikia saindua

edo Lehuntzeko

nire lagunak dioenez

parasola ere bai

euskal zibilizazioak

Hegelen piramidearena

berriro aipatuz

errotik aldatu zuen

eguzkitakoa

edo

itzalkia

Pernando Amezketarraren

lagun inseparablea

Txirritaren makulu inprobisatua

Louis XIV ere zalea omen zen

garaiko kronistek diotenez

eta guk somatzen dugunez

gentleman ororen

tresna

gailu

tramankulu

hatxamarta

edo traste

guztiz

praktiko

erabilkor

eta mesedegarri hau

nork inbentau

edo asmau zuen

jakin ez badakigu ere

beldurrik gabe erran genezake

eta erraiten ahal dugu

paleolitikotik hunat

iraun duen

huts orokorraren izpirituaren

tajuz

sortutako lore beltza dugula

anaien ausentzia

betiko itukin oportunoa

urtzen

etengabean

madarikatzen dut

burua

tantaka bustitzen didan

guardasola zaharraren

zuloa

hitzok beteko balute

poeta eta aristokraten

hornidura derrihorrezkoa

eta bitxi sofistikatua

izateaz bertze

hamaika beharretarako

ederki erabilia

hartaz baliatu baitziren

ez bakarrik

Lautreaumont küntia

josteko makinarekin

topa erazten duenekoan

baita gizon

xume

xehe eta arruntenak ere

eta adibide bat jartzekotan

neronen aitona aipatuko dut

pasada bat

iruditzen ez bazaizu

zeinak eguraldiarekilan

egin behar zukeen

eguraldiagaz

zehazkiago erran

konfunditu edo tronpatu

eta euskaraz adieraztearren

hankazuloa egiten zuenetan

txaketaren lepotik

bizkarrean behera

zintzilik

eramaiten baitzuen

gogoratzen naizenez

barrurantz dariola

zauriari

euria

barrurantz

zulaketa hotz bustian

barila tente herdoilduek

beren gauari bihurtzen dizkiote

adarrak

memoria ahula badut ere

aterki euritako parasola

eta guretzat guardasola delako

metalezko tresna

babesle zabalkorra

mota askotakoa da

gaur egun

zientziaren aurrerapenari esker

modelo berriak

ia egunero sortzen direla

ba al zenekiten

baina hala ere

gizonezkoarenak

badu bere ezaugarri aldaezina

hots

osea

c'est à dire

beltza izatea

beltxa

zure larrua bezala

baltza

unibertsitarien gibela bezala

baina ez iluna

beltza baizik

izpiritu

serios

delikat

eta landuoi dagokiguna

ez emakumezkoenak bezala

arroxak

loradunak

marraztuak

arinak eta funtsik gabekoak

begietara kalte egiten dutenak

baina hala ere

inor ez delarik biluzten

euripean

guztiek dute

elkarren arteko zera

edo tasun bori

h.d.

guardasola izaitea

plegablea edo bilkorra

garai batetan

Japandik Pasaiako portura

estraperloz ekarriak

eta nik behintzat

gitxienez dozena erdi bat

hor nunbait ahantzia

kirten-oker edo kakoduna

txit praktikoa

gerizen harrapatzeko

zankadila jarteko

edo zeinahi tabernatan

zintzilikatua ahazteko

eta poeta kaxkarren

errekurtso errepikatuak

ez kopiatzearren

hitz bitan erran dezadan

zurezkoa edo bost kilokoa

metalezkoa edo zibilizatua

lonazkoa edo apaizena

nylonezkoa edo andregaiak

erregalatutakoa

erraiteko asko lukeena

hitz bi

baino gehiago noski

gorringoetaraino baikaude

opari praktikoz

nire hamorrua mugagabea da

kontuz

mugagabea

nahiz eta

gure irudimen poetiko

harrigarriak

praktikotasunarekin zer ikusirik

ez duen

mila modutan

erabilten duen herraminta

noble eta leial hau

haizeak elektrikatzen badit

edozer astakeriaren egiteko

gauza naizen

erraiterako

sudur puntan

tente eduki

trago bakarrean

irentsi

autobus barruan

zabaldu

halakoa egin ninduen

naturak

eurizain izenda dezaket

guardasola

desafia zaitzaket

guardasola-duelora

nire aita elektrizista

eta nire ama

sagardotegiko alabaren

natura

egia erran exkaxak

zer eginen diogu

haurtzaroko oroitzapenetan

aparteko lekuan

ageri zait beti

paragueroa

 

 

© Koldo Izagirre