ezkerretik zetorren haizeak eskubi aldeko zuhaitzen orri zimelak zeramazkien nora ez jakin batetara. zezenak ikulutik irten zirenean odol usaina sentitu zuten eta adarretan zekarzkiten arrosa gorriak malkoz bete ziren. goizeko ihintza zela pentsatu zuen norbaitek, mozkorrak zetozela aldarrikatu zuten kale bazterretik. karraxien entzuteak haurdun zegoen andreari erdi minak sortu zizkion. eguzkiari hegoak jarri zizkioten gau batetan jaio zen haurra inork ez zuen negarrik egin biolinaren intziri luze bat entzun zen egunsentian.

        mozkor mozkor eginda etxeratu zen aita maitasuna egin behar zutelako andrea ohean aurkitu zuenean, ardoz okiturik utzi zuen andre gajoa ardoz okituriko seme bat erdi zuen san juan bezpera batetan.

        ximeletak gustatzen zitzaizkion semeari. kale bazterrean arrosarik aurkitu ez zuelako ardo edateari ekin zion gizondu zenean. ez zuen neskarik izorratu ez zuen haur mozkorrik munduratu ximeletei abestea ardoz okiturik zen bere deseorik handiena.

        «arrrrrd aaaaaard ooa ooa ardoz okiturik tabernaz taberna nabil ardoz okiturik eta ximeletei kantari».

        goizeko haize zurrunbiloak zezenaren adarretako arrosak eraman zituen nora ez jakin batetara. zezenaren odol usainaz ximeletak okitu ziren. urteak joanda jakin zuen mozkor abeslariak, nunbait urrutian, ximeleta okituek zezenaren arrosekin maitasuna egiten zutela. eta haurrik egin beharrean, ardoz okitutako zapo kantariak erditzen zituztela. haizearen hegaletan entzun zuen berria mozkor mozkor eginda ximeleten maitasunak abesten ari zen gau batetan.

«ximximxaleta ximximxaleta

haizea dabil ximximxaletaka ardandegian

ximeleten maitasunak loarazten»

        tabernako ateak inoiz baino lehenago itxi zituzten san anboto gau hartan. elizdorreko hil kanpaiak zekarzkien haize madarikatuak belarritako mina egiten zion mozkor abeslariari. ximeletak maitasuna egiteaz aspertu zirenean mozkorrari deusolai egin gabe hil ziren. arrosak zezenaren adarretan zimeldu ziren betirako. zezenaren odol usaina ez zen odol usain harrez geroz, usteltzen ari den arratoi usain baizik. eta mozkorra zegoen bakarrik hil kanpaiak entzuten. ardorik ez zelako sosmoak entzun zituen eta egia izanen zelakoan bere buruaz kito egitea erabaki zuen ximeleten maitasun abestia txistukatzen zuen bitartean.

ttipittipittakan ttipittipittakan

toropotopoto toropotopoto

ttipittipittakan...

toropotopoto...

        ximximxaletaka hil zen mozkorraren abestirik ez zen gehiago herri hartako tabernetan entzun.

 

 

© J.I. Garmendia