zeta zaharra jolasean zeta dariolantea debaldeko bihurturik ezer esatekorik gabe nora ezean baina aurrera higidura betiarrean.

        zeta zaharra jolasean zeta zahar dariolantea.

        indar hartu emanak indar agintaritza eta gobiernu guztiak berdinak literatura maila garbi izan dadin lekuan lekuko gauzak jartzen ikas dezagun eta nahiz oinetakorik ez ukan abia gaitezen maldan zehar.

        beltzez- jantzitako gizonaren erreinuak itsutu zuen indalezio eta gabanaren patriketan eskuak, kalean gora abiatu zen mozkor antzean.

        hatz puntak hozten zitzaizkion goizero eta goizero hartzen zuen kafesnean nahiko zuria izaten zen bere amonaren konseilurik onenak buruz zekizkielako eta esnezale purrukatua zelako.

        esaidak noiz arte izan behar dudan hire erreinu arraro beltzez jantzitako gizonaren erreinuak itsutu zuen indalezio.

        erotzat hartzen zuten herrian, goizero praka motxetan goiko kaletik beheko kalera beko kaletik goiko kalera korrika saio luze bat egiten zuen; izerdi patsetan etxeratzen zenean kafesne zopak hartzen zituen, gogoko zitzaion patxadan gosaltzea ondoren dutxa hotz bat hartzeko prest zegoen.

        inork ez zuen uste izan indalezio gaixotuko zenik, zeramakien bizimoduak sasoi onean eusten zion korrika saioak gosari onak patxadan ibiltzen siesta luzeak korrika saioak bazkari onak erre ez zuen egiten alkoholik ez zuen gehiegi hartzen bazkalondoan kopatxo bat digestioa laguntzeko lepoa ondo estalita hotz egiten zuenean griperik ez harrapatzeko lana egiten zuen, gutxi, probetxurïk ez omen zion ikusten lanari diru beharrik berriz ez zuen izaten jatekorik bazuen nun lo egina ere bai praka motxak oraindik berriak ziren denetik zuen lanik zertarako egin.

        nazkarte herriko tabernariek ez zuten negozio handirik egin indaleziorekin jaietako txuria besterik ez zuen hartzen joxeparenean eta noizik behin salda bero bat.

        inoiz baino lehenago jaiki zen egun hartan, praka motxak jantzi eta kalera abiatu zen korrika saioa egitera goiko kaletik beheko kalera beheko kaletik goiko kalera zazpi joan etorri egin zituen izerditan zegoen kopetan painuelo bat jarri zuen izerdiarekin begiak ez erretzearren.

        berrogei joan etorri egiteko media ibiltzen zuen egunero, aspaldi pentsatua zuen ehun egitera irixtea, bezperan hartu zuen erabakia bihar ehun joan etorri, goiko kaletik beheko kalera beheko kaletik goiko kalera izerdi patsetan kopetan painueloa praka motxetan goizeroko korrika saioa eta gero kafesne zopa ugariak.

        larogeigarren joan etorria zuen nekatzen hasi zen, goiko kaletik beheko kalera kopetako painueloa bustia zuen gorputz guztia zuen izerditan arnasa hartzea gero eta gehiago kostatzen zitzaion beheko kaletik goiko kalera eta beste joan etorri bat gehiago larogei ta boskarrena.

        indalezio korrikalaria zen herriko jendearentzat jendea inuxente xamarra zen indaleziorentzat nazkarte herriko alkate jaunak ez zuen bandorik jotzen eta sakristaurik gabe bizi ziren herrian joxepa tabernariak ardoaren prezioa igo zuenean boikot antzeko zerbait egin zuten herriko gazteenak beheko kaletik goiko kalera goiko kaletik beheko kalera indalezio korrikalaria izerdi patsetan galtza motxetan ehun joan etorri egitea lortu zuen kafesne zopak hartzen ari zela euli bat erori zitzaion katilura gorakadak eman zion hurrengo egunean ez zuten indaleziorik korrika ikusi.

 

 

© J.I. Garmendia