textogintza honetan

anitzeko hainbestetan erabilitako

hitzez

eginen dut olgetan

(egiarik diodan ez dakit benetan)

serapio indalezio eroro ta myrian

moraren begi borobil beltzak

ipur borobilaren ipui malefikoa

den hauen herriak

texto du izena

textoan baizik bizi ez direlako

eta textoz kanpo ezer ez direlako

imajinazioka sortutako jolas batean

hizpiloa beraz

izpiluak

        myrian haizeak eraman zidan arrosa da.

        eroro mugalde herrian bizi nahi duen eta uzten ez dioten homosexuala gorputza eta lurra gehiegi maite dituelako eta geroan —iraganean lez— sinisten ez duelako gaitzetsia.

        indalezio ximximxaleta. mozkorra eta bizitzaren kantaria. serapio bere lagunarekin etxe bizigarri bat jasotzen ahalegintzen den bat.

        (beharbada mugalde herriko lagun hauekin bizi beharko nuke nik ere).

        mugalde herria. neztoroz.

        eroz eta mugaz egina. eroz muga gabea.

        eta textoa osatuz dihoa denen laguntzarekin. paper zuriaren espazio neurtuan izanen dute bizitza, beren lurra. textoa izanen da bizia eta heriotza. besterik gabe plazerrez eta haragiz egina eta heriotzaratua.

        egunero hasten delako ipuia egunero berritzen delako bizia egun ero jaiotzen direlako mugalde eta mugaldetarrak

        egunero hartzen dut bizigai den —textoarena— luma eta paper zuria.

        besterik ez dut ezagutzen.

        hau dut neure egia bakarra fikzioa.

        ene bihotzeko urdaileko arrautzetako sudurpuntako gultzurdineko zakilmuturreko maiteno kutuna agur.

        betirako izanen delako hasten dizut eskutitz bigunegi hau ahaz ez nazazun eta elkar gorrota dezagun sekulorun sekulotan.

        haragizko festa gehiegi egin dugu onak izateko gezur gehiegi esan diogu elkarri eta baratzuri zopa erre gehiegi jan behar izan dugu gosea ase nahi bagenuen zoritxarrez.

        ez ahal gara begien bistan gehiago ikusiko ezta ametsetan ere deabru maiteari eskatzen diot maldizio handienarekin.

        bizirik ustel zaitezen opa dizut mihingain puntatik zurdea dariola hitz egin dezazun barrenak kirasturik ito zaitezen nahi dut gehiegi maite izan dugulako eta ordua etorri zaigu elkar hiltzeko azkarrena denak irabaz dezala partida santu izatera deituak izanen garelako hiltzaile bihurtuko naiz.

        ganibet zorrotz bat erosi dut urdaila irekitzeko zapoen jaki bihurtu nahi zaitut eskerrik asko zure asmo onegiagatik nire gorrotoak ez du neurririk ezagutzen.

        jainkoa ehortzi nuenean errege egin ninduten eta nire odolak jaio berri guztiak bataiatzen ditu deabruak ere beldur dit eta ez esan mesedez zuk ez didazula beldurrik egunen batetan jakinen baituzu nire gaiztakeria noraino irits daitekeen.

        eskarmentu izan dadin esaten dizut hau guztia tontoek ere ikas dezaten bizitzen eta hiltzen.

        sutan goritutako labana kolkoan daramat egunero kale baztarren batetan noiz topatuko zaitudan zain orduan izanen dut orgasmorik handiena eta patsa dariola ahotik eta zakiletik mundu guztiak jakinen du nor den hiltzailerik handiena.

        deabru guztien osperako erreza ezazu maldizioa madarika itzazu eliza eta eliztar guztiak munduko jainko eta zeruetakoak goiko jaun eta behekoak azpilanean ari direnak eta larrujotzaile guztiak hankamotz eta besamotz guztiak elbarri guztiekin egin ezazu meza beltz bat akelarre bihur dadin eta sorginen maitasuna ezagu dezagun.

        gure haragiak merezi baitu horrelakorik eta gehiago.

        gaiztoegia naizela aitortzen dizut eta ez dut lotsarik handia naizela dakidalako eta pobre guztien desditxan nagusi ahalguztiduna.

        errukariok jakin ezazu zezen festa muntatzera nihoakizu eta zezenak arrosaz adornaturik plazaratuko dira eguzkiak ere lotsaz izkutatu beharko du ni bainaiz mundu honetako eguzki paregabea.

        nire esana hau da eta bete dadin nahi dut bestenaz urrezko katez loturik mila zaldiren arrastakada ezagutuko dute okerbidetik abiatu diren gizarajo guztiek.

        nire maiteno errugabea gaur zurekin amets eginen dut eta maitasuna ere bai eta maitasun gailurrera iristen garenean ez zara gehiago izanen heriotzaren hegalak izanen dituzu nitaz gogoratzeko eta neure madarikazioaz ipurzulotik darion usaiaz jantziko zaitut.

        zure biluzia ederregia izanen da goseak daudenentzat eta askatasuna aldarrikatu beharrean.

        haragia eta hezurra eskatuko du jendeak.

        larrujokalari bihurtuko gara denok gaiztoen eta birjinen onerako.

        hala bedi betierean.

 

 

© J.I. Garmendia