apunte koxkor batzuk bildu ditut paper zuri batetan eta pozik gelditu naiz don joxerramun maixuak erakutsi zidan idazten latina ere ba omen zekien don joxerramun maixuak eta musean ere bai.

        begia galdu zuenetik muslari bihurtu omen zuten lagunek hogeitamaikako kinurik egiterik ez zuelako batez ere.

        baratzuriz igurtzitako makilak ekartzen genion don joxerramun maixuari gaiztoak omen ginen eskola umeak eta makilka zuzenduko omen gintuzten zuma finaren zartakoa etzen gozoa izaten hala ere beldurrez joaten ginen eskolara eta batxiller egitea erabaki genuen.

        zertarako izanen zen gehiegi jakin gabe.

        soldaduzkara joatera behartu gintuztenean ez genuen ametsik egiten urtebeteko kartzelara sartzen ginelakoan sartu ginen geure petate eta guzti tren zahar batetan.

        nolabait bizarra ere irten zitzaigun gizondu ginelako ustean hazi gintuzten eta andregai bat egitea ere gogoratu zaitzaigun erromeri egun batetan eta etxetik irten ginen arreo eta guzti pisua erosia genuen eta gauean maitasuna egiteko asmoak gosea ere kendu egiten zigun.

        balsean ari ginela korritzen ginen denborak ahaztea zela egokiena esan ziguten egunetik makaltzen hasi ginen meza gehiegi entzun dugulako pekatuak pipi jotzen hasi gintuen eta ez zen perian erremediorik erosten.

        uso pasa hasten zenean indar berritzen ginen apur bat eta ardo beltzaren bustidura epelarekin gazta zaharra gustatzen hasi zitzaigun egarria ematen zuelako dudarik gabe ez zen samurra izaten etxera sartzea andrearen baratzuri zopak goraka eginen zigulako beldurrak mozkortzera bultzatzen gintuen garizumako sermoiak ez ziren guretzako eginak eta mezetara joateari utzi genion zerbait berririk asma beharra ikusten genuen hotz egiten hasi zuen goiko kaleko lagunaren etxea berotzeko eta zoroherriko alkatea urkatzea erabaki genuen sanjuan bezpera batetan.

        elizakoak hartu gabe hil zen gizarajoa infernuko alkate bihurtu genuen ez iezadazue ezer eska zer emanik ez dut betor datorrena ni baino handiagoren batek bultzatuko baitu eta nik egin dezakedan baino hobekiago dudarik gabe aidean dabiltzan euli hegalarien ehiztari izan nahi nuke hitzak hizkiz egindako hitzak tximeletatuz.

        ederregiak direlako eta haien ukitzeak haragizko gorputz honi poztasun apur bat damaiolako besterik gabe joko inuxenteegian hasi naizelako poza nabari dut behatz puntetan eta azkarregi dario lumaren tinta beltzak.

        textoak erakusten didan bidean zehar erromes naiz inungo elizara erromes bide egitea delako erromesarentasuna eta darrait nora ez dakidala bidea texto bihurtuz textoaren bide xarmantaz gozatuz.

 

 

© J.I. Garmendia