teknika berri baten bila abiatu nintzen ordurarte erabiliaren frakasoa ikusiz gero eta hala ere beharrezko nuela sinisturik.

        buruan nerabilkien nahasketak bultzatu ninduen gorputz guztia ari zitzaidan lainotzen eta goizero jaiki beharrak ninderaman eskizofreni zelaiera hurbiltzeak beldurtzen ninduen.

        hezurretaraino sartu zitzaidan beldurra. eskizofreni pipiak jotzen hasia nengoen erremedio bila hasi nintzenean.

        beranduegi zela ere sarritan pentsatu nuen etsi etsian dena zegoen lekuan utziz gaixotasuna birtute bihurtzea ere bururatu zitzaidan.

        ez nengoen bakarrik aldameneko gelan zegoen azeria eta gauero amesten nuen azeriaren begi zorrotzekin.

        arraro bihurtzen hasi nintzen besoak lumaz ari zitzaizkidan jazten ezpainak luzatzen eskuak zarpatzen begiek ez zuten lehengo bizitasunik zimeltzen ari nintzelako beldurrak urdaila jaten zidan.

        amai dezadan esan nuenean berebiziko lotsak berebiziko ezinak lotarazi ninduen betiko ohe beldurtian.

        eta goizero jaikitzen nintzen goizero egozten ninduten kale hotzetara goizero zirt ala zart erabaki beharrak gosea kentzen zidan.

        ez nintzen ez nuen esnatu nahi ohe beldurtia bederen epel nuen eta ez nintzen mundu honetakoa.

        ametsaren soroan jaso nuen etxea ametsaren soroan azeria menderatu nahiean nagusi bihurtzen nintzen eta maitasuna ere lortzen nuen despertadorearen tirrina entzun bitartean.

        hitzaren bekatua ezin gainditurik alde egitea eta berriz hastea erabaki nuen.

        hastea erabaki nuenean alde egitea bururatu zitzaidan errainua bailitzan. eta hala ere ez nintzen mugitu bertan gelditu nintzen nazkaz eta amorruz gorputzaren ezina mihazkatzen.

eta nago.

eta etenago

etsipena arnastuz

azeriaren begiak zupatuz

nabil kaleetan zehar

nora bage

eguzkia esku artera eroriko zaidala

ametsetan.

 

 

© J.I. Garmendia