hala ere ez zen dena zuhaitzaren azpi edo orrietan bukatzen ezerezetik hasi behar dut.

        bai! izpiluaren aurrean errezegi ikusten zuen buru gainean zuen luma eta karnabaletan asmatutako hizkuntzan mintzatzen zitzaion dobleari.

        «ezerezetik sortutako haizeak daramazkien orriak gaituk, txori lumaz jantzitako arranoak, ez areago».

        ezereza zerbaitekin betetzen ari zelakoan izpiluan zekusan irudiak beldurra sortzen zion hanka tartean.

        goizeko lainoa eguzkiak garbitzen zuen araberan argitzen hasi zitzaizkion begi lausotuak eta ikusten hasi zen.

        karnabal gauez ikasi zuen hizkuntzan mintzatzen zitzaion dobleari «ezer ulertzekorik ez diagu arkituko ibili ibiliko gaituk nora gaueko bidexurretan zehar ibiltari izatea izanen duk gure desditxa edo zoriona, karnabalak direlako maskaratuontzat».

        eta zuhaitza orritzen hasi zen neurri gabean eta hitzez bete zuen ezerezaren gaua eta ez zen bakarrik sentitu izpiluaren aurrean.

        kristalezko zuriak liluratu zuen, begiak hasi zitzaizkion argi bihurtzen, gehiegi, ikusi besterik ez zuen egiten eta zuhaitza orriz jantzi zen eta haizeak mugitzen zituen txori lumak ginela esaten zien inguruko doble guztiei «nora ezean abiatu ginen karnabal gaueko orri zimel bidari mutu motelegiak, aurrera joateko kilima beharrean ziren izpilu aurreko kuso parragarri».

        eta hanka tarteko beldurrez baietz esatea erabaki genuen ezetzak aina balio zuena konbentziturik eta dena posible zelakoaren laberintoan murgildurik, argi motel batek erakusten zigun bidea; hizkuntza estraino eta debekatuaz bete genuen gaueko ixiltasuna, ametsik ere egin ez genezan eta hanka tarteko beldurrak urdaila txikitu ez ziezagun...

 

 

© J.I. Garmendia