Ohean sartzean maindireen hotza sentitzen du Joanek eta eskuez tapakiak leporaino igotzen ditu. Zigarroaz oroitzen da baino memento bat uzten du pasatzen eskua atera baino lehen. Hautsontzira begiratzen du. Zigarroa hartzen hasten denean «nola akordatu zara kantatzen zenuenaz» entzuten du eta geratu egiten da.

        —Nire gelatik piano bat aditzen dut eguierdietan, ikasten ari den norbait. Gaizki jotzen du oraindik, nahastu egiten zen eta berriro hasten zen. Azkenean nerbioso jarri naiz. Neri ere kostatu zitzaidan. Arratsalde guztia eduki dut bueltaka buruan. Asko gustatzen zitzaidan. Bertinirena dela uste dut, estudio bat. Kasualidadea da, ezta?

        —Ez nuen behinere entzun.

        Joanek zigarroa hartzen du eta, txikitan, lurrean eserita nola egoten zen gogoratzen du.

        —Txikitan nire aitak pianoa jotzen zuenean piano azpian jartzen nintzen. Askozaz hobeto entzuten zen.

        Bere aitak jotzen zuen pieza batez hitzegitera doa baina guztiei gauza bera kontatzen diela konturatzen da eta lotsatu bezala egiten da. «Akordatzen al zara lehen jaunartzean zeneraman liburuaz» entzuten du.

        Aneren ateraldiak ez dio graziarik egiten.

        —Zer?

        —Lehenago hortaz gogoratu naiz, ez dakit nola.

        —Ba ez naiz akordatzen. Auskalo. Emaidazu ur piska bat.

        Ezpaineratzen du baina ez du ia dastatu ere egiten.

        —Nere etxekoa askozaz ere txarragoa da. Ezin daiteke ia edan.

        Basoa luzatzen dio, aurpegiaz ea gehiago nahi duen galdetuz.

        —Ez, ez dut gehiago nahi.

        Mahai txikira begiratzean lehenago ilunpetan ukitu duen liburua ikusten du. Basoarekin bultzatu egin behar du, tokia egiteko. Portadaz behera dago eta ez du bueltatzen zein den ikusteko. Anek zigarroa eskutik kentzen dio ezer esan gabe.

 

 

Ane zigarroa hartzerakoan mugitu egiten da eta bizkarra hozten ari ziola pentsatzen du, baina ez da etzaten, orain aurpegia goitik behera bezala ikusten duelako. Eskua iletik pasatzen dio, esateko zerbaiten bila ari balitz bezala. «Bihar garbitu egin beharko dut» esaten dio Joanek, begiratu gabe, eskua hartzen dion bitartean.

        Eskua ileetatik pasatu nahi du baina ez du mugitzen orain, Joanek kariziatzen dionean.

        —Nik ere. —Hemen Donostian baina askozaz gehiago zikintzen zait.

        Eskubia luzatzen eta mahai txikian dagoen liburu bat hartzen ikusten du. Buelta ematen dio eta berehala uzten du. Burua altxatzen du hitzegiteko.

        —Zeinen gela da hau?

        —Karmenena. Ez dakit, behin edo behin ikusiko zenuen nerekin fakultadetik ateratzean. Morena bat, txikia.

        —Ez dakit.

        —Donostira joan da, astelena arte.

        —Ez dizu ezer esango?

        —Zergatik? Ah! ez, beharbada ez da enteratu ere egingo. Ohea ondo eginda utziko dut. Gainera seguru ez zaiola axola.

        Hotzak dago eta berriro etzaten hasten da. Joanek begiratu egiten dio eta besoa pasatzen dio besagainetik. Burua Joanengana alboratzen du harena ukitu arte. Denbora apur bat pasatzen da Joanen ezpainak bere masailean senti ditzan baino lehen, «zer gertatu zaigu» entzuten duen bitartean. Ustekabean hartu du eta larritu bezala egiten da.

        —Ba begira... ez dakit. Pena bat izan da.

        —Lehendabizikoan gehienetan gaizki ateratzen da.

        Zerbait pentsatzen du baina nahiago du Joanek esan duena sinistu.

        —Bai, hurrengoan, hobeto aterako da.

        Joanen ezpainak bere aho ondoan sentitzen ditu. Logurea sartzen ari zaiola nabari du. Aharrausi egitera doa baina aguantatu egiten da, Joan konturatu gabe. Bere ezpainez Joanenak ukitzen ditu memento batez.

        —Logureak akabatzen nago.

        —Bai. Oraindik ia bost ordu ditugu zazpirak arte.

        —Ez nazazu esnatu. Jeikiko naiz.

        Anek zigarroa pasatzen dio.

        —Ez dut gehiago nahi.

        —Ez da ia ezer geratzen. Kanpora aterako dut, ezta?

        Hautsontzia utzi ondoren atea ixten duenean Ane lo bezala dagoela ikusten du. Baina orain, argia itzalita ohera sartu denean, haren besoa bere gainean sentitzen du.

        Begiak itxi baino lehen hasperen bat egin du.

 

Urria - Azaroa, 1970

 

© Ibon Sarasola