Joanek eskubia luzatzen du zigarroa hartzeko, eta erantzun bezala sudurretik haizea botatzen du kolpe batez, Aneri begira irrifar eginez. Hitzegiteko gogoa du orain baina ez daki nola hasi edo zer esan. «Zertan ari zara pentsatzen» galda dezake berriro baina irtenbide arrunta iruditzen zaio eta isilik geratzen da, beste zerbaiten bila. Zigarroari begiratzen dio eta sakatu egiten du behatzen artean biratuz. Albora begiratzen du eta memento batez dudatzen du. Azkenean besoa emeki mugituz zigarroa ahoratzen dio, haren ezpainak memento batez ukituz. Anek begiratu egiten dio eta zerbait ezaguna nabari du orain haren irribarrean. Zigarroa ahotik kentzen dionean kea irentsi gabe berehala botatzen duela konturatzen da. Anek hitzegiten hasteko keinua egiten duela iruditzen zaio, baina tua tragatzen du eta isilik geratzen da.

        —Zerbait esatera zijoazen, ezta?

        —Zer?

        Berriro galdetzera doanean «ba lehenago zai egon naizela esatera nijoan» entzuten du Joanek.

        —Zeren zai?

        Anek eskuaz zigarroa seinalatzen duela ikusten du, «horren zai» esaten duen bitartean. Memento batez dudatzen du.

        —Iruditu zait.

        —Eta zergatik ez duzu egin?

        Joanek ez daki ongi zer esan eta ezkerreko behatzak zabaltzen ditu apur bat erantzun bezala. Esku berbera burutik pasatzen du tximak zerbait orraztu nahi balitu bezala. «Garbitu egin beharko nuke» pentsatzen du.

        —Ba ez dakit.

        Elkarrizketak har dezakeen tankeraz ohartzen da eta hobe dela moztea pentsatzen du.

        —Ez al duzu kea tragatzen?

        —Zer?

        —Tragatzen al duzun kea, erretzean.

        —Bai, zer ba?

        —Azkenengoan ez duzu tragatu.

        —Ah! Ez naiz konturatu.

        Joanek zigarroa ahora eramaten du eta kea irentsi gabe sudurretik eta ahotik botatzen du. Keak sudurretik pasatzean gusto arraro bat sentiarazten dio.

        —Nik nahita ez dut tragatzen, batzuetan. Gusto espezial bat du sudurretik botatzean, txikitako denborak gogoratzen dizkit.

        Joan memento batez kolejioaz gogoratzen da. Anek ez dio erantzuten. Pentsatzen du beharbada aspertzen hasi dela. Begiratu egiten dio eta iruditzen zaio hitzegiten segi dezan zai dagoela.

        —Gogojardun batzuetan ikasi nuen erretzen. Ez dakit... bai, hamabosteren bat urterekin.

        —Ah.

        —Loiolan. Kolejioarekin joaten ginen urtero, bueno, azken urteetan, kurtso guztia. Denbora asko pasa behar genuen bakarrik, bakoitza bere gelan sartuta, meditazioen artean. Orduan leihoan jartzen nintzen zigarro batekin.

        Anek besoa bere aurrean jartzen dio eta indizea eta erdikoa luzatzen ditu. Memento batez isiltzen da baina berehala jabetzen da zigarroa eskatzen diola. Behatz luzatuen artean ezartzen dion bitartean haren eskuan fijatzen da.

        —Hasieran uste nuen ez nuela inoiz ikasiko.

 

 

Anek mekanikoki eramaten du zigarroa ahora. Albora begiratzen du eta Joan sapaira begira ikusten du. Dudarik gabe zerbaitez gogoratzen ari da, txiki-denboretako zerbaitez seguru asko. Kea irentsi gabe botatzen du. Berak ez duela ezer espezialik nabaritzen esatera doa, baina hobe dela isilik geratzea pentsatzen du. Joanek irribarre bat egiten du, nabarmenkiegi, hitzegiten hasteko aitzekiren bat behar balu bezala, edo berak zerbait galda diezaion agian. Kontatzen duena ez zaio gehiegi interesatzen eta zigarroari begiratzen dio.

        —Begira nola belztu den filtroa.

        Joanek lehendabizi berari begiratzen dio eta gero zigarroari. Ondoren ezer esan gabe berriro sapaira begira jartzen da. Tua tragatzean eztarria lehorra duela sentitzen du Anek. Bere gelaz oroitzen da. Memento batez dudatzen du.

        —Aizu.

        Joanek begiratu egiten dio. Ezer esan diezaion baino lehen keinu berezi batez hitzegiten dio.

        —Ekartzen didazu ur basoa?

        Ezer erantzun gabe, Joan jeikitzen hasten da. Ane haren bizkar hezurtsuan fijatzen da.

        —Ba dakizu non den sukaldea ezta?

        Besoa mugitu egiten du, tapakien gainetik haren bizkarra ukitzeko, baina bide erdian geratzen da, «garrafoikoa ezta?» galdetzeko Joanek burua apur bat itzultzen duenean.

        —Uste dut bukatu egin dela. Bai. Iturritik, berdin da. Bihar erostera joan beharko da. Ea akordatzen naizen.

        Ohe ertzean eserita ikusten du eta lurreko baldosez oroitzen da, eta oinetakoez, baina ez du ezer esaten. Ateruntz joaten ikusten duenean bat-batean bereganatu zaion Joanenganako sentimendu esplikagaitzak harritu egiten du. Pasiloan ezkuta dadin baino lehen begiratu egiten dio berriro. Mementu batez Joanekin bizitzen imajinatzen du bere burua. Joan zerbait txistukatzen hasi da, inoiz entzun ez duen zerbait, baina berehala isiltzen da, den orduaz jabetu balitz bezala. Zigarroa hautsontzira eramatean gelan bakarrik dagoela sentitzen du. Iturriaren zaratak memento batez sustatu egiten du. Ondoko geletan daudenak etortzen zaizkio burura. Joan bigarren aldiz basoa betetzen ari den bitartean imajinatzen saiatzen da. Aurreko orduez gogoratzen da, Joanen lehen musuaz eta leuntasunik gabeko kariziaz. Ezintasun sentimendu bat barneratzen zaio «zergatik ote dira gauzak hain konplikatuak» pentsatzen duenean. Oin-soinu ia entzunezin bat aditzen du eta ate parean ikusten du basoa eskuan duela. Begira geratzen zaio.

        —Zer zen kantatzen zenuena?

        —Txikitan jotzen nuen gauza bat, pianoan. Jelatuta nago.

        —Ez naiz harritzen, oinutsik eta ezer gabe. Eskerrik asko.

        Ane, basoa hartu baino lehen, ohean eseri da, bizkarra paretaren kontra jarriz. Zigarroa ematen dio eta ohera sartzeko hautsontzian uzten duela ikusten du.

 

 

© Ibon Sarasola