Joanek Aneren eskutik hartu duen zigarroa hautsontzian astindu du eta gora begira geratzen da, pareteko erdilunean ea mantxaren bat nabaritzen duen. Argia piztuta dagoela pentsatzen du eta ez itzaltzea erabaki du. Aspaldi jotzen ikasi zuen estudio baten doinua du buruan, bizi den etxeko eskailerako piano jotzaileari, eguerdian entzun diona. Zigarroaz, bere aurrean zintzilik ikusten duen lanpara estali nahi du. Begi bat ixten du eta kopeta ukitu arte hurbiltzen du beste begira. «Urrutirago egon heharko nuke» pentsatzen du. Buruan duen doinua tarareatzen hastera doa, baina Anez gogoratzen da eta pentsatzen du hobe duela isilik egon. Ez daki nork jotzen duen eguerdian etxera heltzean aditzen duen pianoa, baina eskierki neska koskorren bat izango dela iruditzen zaio. Zigarroa behatzen artean sakatzen du. Aneren ezpainetara eramatea pasatu zaio burutik, hark lehenago egin duen bezala, baina pentsatzen du beharbada hobe dela denbora pasatzen uztea, ez daki ongi zergatik. Ezkerreko zokoaren inguruan aurkitu duen pitzatu arraro baten aurpegiren edo animaliaren baten irudia imajinatzen saiatzen da, beste askotan bezala. Zigarroa behatzen artean sakatzen du. Aurreko mementoez gogoratzen da eta sentsazio astun batek hasperen bat egitera bultzatzen du. Ez du entenditzen gertatu dena, pentsatzen du. Zerbait galdetu nahi du, «zergatik esan duzu kontraproduzentea» adibidez, baina iruditzen zaio beharbada hobe dela denbora pasatzen uztea. «Zer ari zara pentsatzen» entzuten du, eta bat-batean iratzarri balute bezala goratzen da, gaiztakeriaren bat egiten harrapatu balute bezala.

        —Zer? Ba ez dakit, ezertan ez. Edozer gauza, ez naiz gogoratzen.

        «Lanpara eusten duen gakoan» gaineratzea bururatzen zaio, baina isilik geratzen da. Burua ezker aldera alboratzen duenean Aneren begiak ikusten ditu sapaira begira. Memento batez zer egin ez dakiela geratzen da.

        —Tori, erdia baino gehiago erre da dagoenekoz.

 

 

 

«Ez dit ezpaineratzen» pentsatzen du Anek Joanen eskuan dagoen zigarroari begiratzen dion bitartean.

        Memento batez besoa mugitu gabe geratzen da, oraindik esperantza galdu ez balu bezala. Joanek begiratu egiten dio eta mindu egiten da. Azkenean zigarroa hartzen dionean haren behatzak ukitzeko eran egiten du. Esplikazioren bat eman nahi luke, baina orain Joanek beldurra bezala ematen dio, ez dakiela zer esan edo nondik hasi sentitzen du. Agian zertan pentzatzen ari den galdetuko dio Joanek, eta «gure kontu honetan» edo horrelako zerbait erantzun dezakeela pentsatzen du. Mihia beheko ezpainetik pasatzen ari da. «Eta zu zertan ari zara pentsatzen» entzuten duenean. Memento batez dudatzen du.

        —Ezertan ez. Zu bezala.

        Anek zigarroa ezpaineratu du. «Beti pentsatzen da zerbait. Ezin daiteke ezer pentsatu gabe egon» entzun duenean, gustatu ez zaion zerbait nabaritzen du Joanen hitzetan. Nekatuta bezala, gauzak okertuz dijoazkiola iruditzen zaio eta haserrearen antzeko zerbait sentitzen du memento batez, kontuak ez direla ari berak espero zuen bezala ateratzen ohartzen denean. Zigarroa begi baten aurrean jartzen du, lanparari so, «beharbada berari begira egon naizela konturatuko da» pentsatuz. Joanek zerbait esaten dio lanparaz baina ez du ongi entenditzen.

        —Zer?

        —Ezin leikela osoa tapatu, lanpara. Urrutirago egon beharko luke. Edo genuke.

        —Zergatik urrutirago?

        Hitzegiten duen bitartean zerbait esateagatik ari dela ohartzen da eta «oi, ba gauzak txikitu egiten direlako urrutiratzen direnean» entzuten duenean galdera lelo bat egin duela sentitzen du.

        —Bai, klaro.

        Zigarroaren puntan papera nola erretzen den ikusten duen bitartean, Joanen erantzunaren doinuan pentsatzen du eta apur bat behintzat lasaitzen da. Biratu egiten du zigarroa behatzen artean.

        —Hartu.

        Anek besoa luzatzen du eta irribarre egiten du, sapaira begira.

        —Zenbat buelta egiten ari den zigarro gizagaxoa.

 

 

© Ibon Sarasola