«Atera ezazu hautsontzia, gela txikia da eta gaur ezin daiteke leihoa ireki» esan dio lehenago Anek, oheratu direnean. Joanek lurrean utzi du, ateondoan bertan, «usaiagatik izango da, nonbait» pentsatzen zuen bitartean. Lurra hotza egongo dela bururatzen zaio ohetik ateratzen hasten denean. «Berdin da, bota ezazu lurrera» entzuten du. Oinetakoak non ote diren pentsatu ondoren ateruntz abiatzen da.

        —Ez, igual da.

        Zigarro erreen usaian pentsatzen ari den bitartean, ilunpean manilaren islada ikusgaitza nabaritzen duela iruditzen zaio, baina espero baino lehen bere behatz-puntek zura jotzen dute. Ateak biratzean egiten duen soinu ustekabeak sustatu bezala egiten du eta ondoko geletan daudenak etortzen zaizkio burura. Hautsontzia pareta joka utzi duela gogoratzen da, eskubi aldean, eta atea gehiago ireki gabe eskua iluntasunean benturatzen du. Makalki mugitzen du, behatz txikienaz lurra ia ukitu gabe. «Joan» entzuten du eta memento batez geldirik geratzen da hautsontzia hartu baino lehen.

        —Zer.

        Joanek lurrean makurtuta segitzen du, zigarroa hautsontziaren ertzearen kontra «Bueno ezer ez» entzuten du, atea berriro itxi ala ez erabakitzen ari denean. Berriro «zer» esan behar ote lukeen pentsatzen ari den bitartean zigarroa hautsontziaren kontra jotzen jarraitzen du, ibilka iluntasunean. Geratu egiten da, ohe inguruan dagoela iruditzen baitzaio, baina berehala konturatzen da ez duela ondo kalkulatu. «Itsua izatea ere» pentsatzen du. Oraindik ez du erabaki berriro galdetu ala ez. Hautsontziak hots apur bat egiten du mahai txikia jotzean. Ohea hotza dagoela iruditzen zaio. Gezurra badirudi ere Donostian baino hotz gehiago egiten duela pentsatzen du.

        —Zer esan behar zenuen?

        —Ez, ezer ez. Baso bat ur nahi nuen.

        —Ba noa.

        —Baina ez, ez, berdin da.

        Joanek jeikitzen hasteko keinua egiten du, baina Aneren eskua sentitzen du bere besoa heltzen. «Berdin zaio» entzuten du berriro. Ez da mugitzen, ez du nahi Anek bere besoa utz dezan. Zigarroa sakatzen du.

        —Tori.

 

 

Zergatik ote duen eskua Joanen besoan pentsatzen ari da Ane, zigarroa hartzeko utzi behar duenean. Bere gelara joan nahi duela sentitzen du. Urik ez duela nahi esan duenean «orain neure gelara joan baino lehen neronek hartuko dut» gaineratzea pentsatu du, baina memento batez dudatu du eta segundoak pasatuz doazen eran argiago ikusten du ez duela beharbada nahi duena esateko modu egokiren bat aurkituko. Joanen oinak bere oina ukitu duenean gelako lurraz oroitzen da eta haren oin hotza bere oinen artean hartzea bururatzen zaio. Ohearen mugimendu bat sumatu du. Joanek eskua hartu dio, baina ba daki zigarrotik pipada bat hartzeko dela. Zigarroa Joanen ahora eramateko eta haren ezpainak, hainbatetan egin duen bezala memento batez ukitzeko elkarrengandik hurbilegi daudela pentsatzen du.

        —Itxoin.

        Anek zigarroa beste eskura pasatzen du, eta eskubiaz eutsirik soina apur bat altxatzen du Joanengana alboratuz.

        —Piztu argia faborez.

        Iluntasunean Joan mugitzen sentitzen du. Soinu batzuk entzuten ditu eta orain gogoratzen da lanpararen giltzak ez duela ondo funtzionatzen.

        —Ez dabil ondo.

        Begiak memento batez itxi behar izan ditu Anek, eta orain ere lehen aldia balitz bezala harritu dela pentsatzen du. Erdirekitzen dituenean Joanen begi erdirekiak ikusten ditu, eta haren eskua, oraindik bere besoan. Ez du irribarrerik aurpegian. Baina orain, zigarroa ahoratu dionean, Joanek bularra zabaltzen du, begiak berriro itxirik, eta ezpainak apur bat aurreratzen ditu, bere behatzak memento batez ukitzeko.

 

 

© Ibon Sarasola