—Ez dakit, burua nahasturik dut.

        Anek hasperen nekatu bat egin du, makalki. Arnas apur bat hartzen du.

        —Pasa egidazu zigarro bat. Ez dakit. Ba ote duen sentidurik pentsatzen dut.

        —Zer?

        —Sentidurik ote duen. Honek.

        —Nola sentidurik.

        Joanek tapaki azpitik eskua ateratzen du, mahai txikiruntz. «Ez dakit. Beharbada kontraproduzentea da guzti hau» entzuten du. Hotza sentitzen du beso biluzian ohe barrutik iluntasun etsaira ateratzen duenean. «Kontraproduzentea» pentsatzen du eta aurreko mementoez gogoratzen da. Kristala behatzen puntaz ukitzen du, han eta hemen, paketea aurkitu nahiz. Orain arte ez da konturatu mahai txikiak kristal bat duela gainean. Liburu bat iruditzen zaion zerbait jotzen du. Kontraproduzentea. Argia piz dezakeela ari da pentsatzen paketearekin topo egiten duenean. Behe aldetik hartu eta iraultzen du, eta memento batez, ez daki zergatik estankoko atsoa pasatzen zaio burutik, haren esku-higidura paketea ematean. Zenbait zigarro atera direla nabaritzen du. Bat hartzen du, besteren batek lurrera erortzean egiten duen soinua aditzen duen bitartean. «Piztu egidazu faborez» entzuten du. Konturatu gabe, «zer» esaten du eta «zigarroa pizteko» birrentzun baino lehen, beste eskua Aneren eskutik berezi du, emeki, «pospolo-kaxa hartzeko da» esan nahi balu bezala. Nekaturik bezala dagoela sumatzen du eta aurreko gauean zenbat orduz lo egin duen kalkulatzen hasten da. Eskierki kalefakzioa itzalita dagoela pentsatzen du, zigarroa ahoratzen duenean, Anek bere eskua ateratzean tapakien azpira gelako giroa barneratzen denean. Pospoloaren argiaz erlojuaren orratzei begiratzen die.

        —Ordu biak hamar gutxi.

        Zigarroa pizten duen bitartean hurrengo eguneko eginbeharraz oroitzen da, bost ordu barru, eta zerbait arraroa bereganatzen zaio orain, aurreko orduetan pentsatzen duenean.

 

 

Anek Joanen eskutik zigarro piztua hartzen du, iluntasunean nabari den puntu gorri hilak gidaturik. Ukondoan oinazearen antzeko zerbait sumatzen du. «Jarrera txarren bat» pentsatzen du, eta mugitu gabe geratzen da. Bere gelara joan nahi duela sentitzen du berriro. Lehen jaunartzearen eguneko liburua etortzen zaio burura, azal nakareztatuak eta letra handiko orri lodiak, eta aspaldi honetan ikusi ez dituen irudi haiek, aingeruak eta oin bat sugea zapaltzen. «Zergatik kontraproduzentea» entzuten duenean tua tragatzen du.

        —Ez dakit.

        Beharbada zerbait gehiago esan beharko lukeela bururatzen zaio Aneri, baina azal nakareztatuko gurutzean eta bere ahizpagan pentsatzen segitzen du. Zergatik oroitu ote den bere ahizparen liburuaz jakin nahi du baina berehala etsi egin behar du. Ordu biak hamar gutxi. Seguru asko hurrengo egunean ez zen klasera joango. Aurrekoetan ere ez dela joan bururatzen zaio. Zigarroa berriro ahoratzean begiak ixten ditu kearen sentsazioa bularrean hobeki dastatu nahiz. Mihia ezpainetatik pasatzen du. Burua alboratzen du eta begiak irekitzen ditu.

        —Tori. Kontuz errautsarekin.

 

 

© Ibon Sarasola