Marko Kralievitxen heriotza

 

        Hil kanpaiak entzuten ziren, ia jasangaitz izateraino urdin ageri zen zeruan. Beste inon baino ozenago eta durunditsuago ziruditen, oso gora aditzera eman nahi izan balute bezala, fedegabeen eskualdeen mugan kokatutako herrialde hartan, ezen jotzaileak kristau zirela, eta kristau, orobat, lurperatu behar zuten hildakoa. Baina behean, patiotxo estuekiko hiri zurian, gizonak itzal aldean kokoriko jarri ohi ziren lekuan, oihu eta deiekin nahasian baino ez ziren aditzen, ardien marraka, zaldien irrintzi eta astoen arrantzen artean, partitu berria zen arimaren aldeko emakumeen otoitz eta auhenekin nahasita tarteka, edo herritarren doluak hunkitzen ez zuen lelo baten barrearekin. Eztainuztatzaileen auzoan mailuen harrabotsak estaltzen zuen kanpai-hotsa. Kolpetxo lehorrez ur-txarro baten mokoa kontu handiz bukatzen ari zen Stevan zaharrak atartea ixten zuen oihala zabaltzen ikusi zuen. Amaitzen ari zen arratsalde hartako berotasun gehixeago eta eguzki beheitituaren errainuak sartu ziren denda ilunean. Andrev adiskidea sartu zen bere etxea bailitzan, eta hankak gurutzatu zituen alfonbraren mutur batean.

        — Ba al dakizu Marko hil dela? Han nintzen ni —bota zuen.

        — Bezeroek esan didate hil dela —erantzun zion agureak, mailua utzi gabe—. Kontatzeko gogoarekin zaudenez, kontadazu lanean ari naizen bitartean.

        — Lagun bat dut Markoren sukaldeetan. Jaiegunetan mahaia zerbitzatzen uzten dit: beti harrapatzen da mokadu onen bat.

        — Gaur ez da festa eguna —esan zuen agureak—, kobrezko mokoa laztanduz.

        — Ez, baina beti jaten da ondo Markoren etxean, baita lanegunetan ere, eta bijili egunetan ere. Eta beti izaten da jende ugari mahaian; zahar elbarriak lehenik, Kosovon eman zituzten kolpe ederrez solastatzeaz inoiz aspertzen ez diren horiek. Baina horietakoak urtetik urtera gutxiago etortzen dira, eta baita urtarotik urtarora ere. Eta besterik ere bazuen gaur Markok gonbidatuta, merkatari handiak, handikiak, herrietako buruzagiak, mendian bizi direnak, turkiarrengandik hain gertu non elkarri geziak jaurti baitiezazkiokete harkaitzen artetik amiltzen den urlasterraren bazter batetik bestera, eta udan ura ahitzen denean odola isurtzen baita bertatik behera. Urtero bezala turkiarren zaldikoak eta ganadua bereganatzeko prestatzen ari diren espedizioa zuten mintzagai. Platerkada handiak zerbitzatzen genituen, gozagarririk falta ez zutenak; janari astuna, koipeagatik eskuetatik irrist egiten duena. Eta hor ari da Marko hamarrek adina jaten eta edaten, eta jan baino are gehiago hitz egiten du, edan baino are gehiago barre egiten eta ukabilkadak jotzen. Eta tarteka-marteka, harrapakina zela-eta aldez aurretik liskartzen zirenean bi, berak baretzen zituen.

        «Eta guk morroiok esku guztietara ura isuri eta hatz guztiak lehortu ditugunean, jendez gainezka zegoen patio handira atera da. Hirian denek dakite nahi dituztenei banatzen zaizkiela hondarrak, eta hondarren hondarrak zakurrentzat izaten dira. Jende gehienak ontzi bat ekarri ohi du, txikia nahiz handia, edo goporra, edo saskitxo bat bederen. Ia guztiak ezagutzen zituen Markok. Ez zen bera baino hoberik aurpegiez eta izenez oroitzeko, eta aurpegi bakoitzari zegokion izena egokitzeko. Bati, makuludun bati, Konstantino bey-aren kontra elkarrekin borrokatu ziren garaiaz mintzatzen zitzaion; zitarajole itsu bati, gaztea zenean bere ohorez gizon hark egindako balada baten lehen kopla kantatzen zion ahapeka; atso itsusi bati kokotsetik heltzen zion, eta aspaldiko garai onetan elkarrekin etzanak zirela gogorazten zion. Eta zenbaitetan, plater batean arkume laurden bat hartu eta hala esaten zion baten bati: «Jan!» Azken batean, egunero bezalaxe zen.

        «Eta bat-batean, banku batean eserita, aurrealdean hankak zintzilik zegoen aguretxo baten aurrera iritsi da.

        «— Eta zuk —hara non diotson—, zergatik ez duzu ekarri goporra? Ez naiz oroitzen zure izenaz.

        «— Batzuek honela deitzen didate, eta besteek hala —dio aguretxoak—. Ez du axolarik.

        — Aurpegiz ere ez zaitut ezagun —dio Markok—. Mundu guztiaren itxura bera duzulako izango da beharbada. Nik ez ditut gogoko ezezagunak, ezta eskean ez dabiltzan eskaleak ere. Eta menturaz turkiarrentzat espiatzen ariko bazina?

        «— Bada denbora guztian espiatzen ibiltzen naizela dioenik —dio agureak—. Baina oker daude: nahi duena egiten uzten diot nik jendeari.

        «— Eta nik ere bai, nahi dudana egitea dut gogoko —hara non oihu egiten duen Markok—. Ez zait gogoko zure aurpegia. Atera hemendik!

        «Eta zangotraba egin dio, bankutik erorarazi nahirik bezala. Baina harrizkoa ematen zuen aguretxoak. Edo hobeto esanda, ez; ez zuen beste edozeinek baino itxura sendoagoa; eskalapoiz jantzitako oinak zabuka zituen aurreko aldean, baina ez zirudien Markok ukitu zuenik.

        «Eta Markok bizkarretik heldu dionean altxarazteko, antzera. Burua kulunkatzen zuen agureak.

        — Altxa zaitez eta egizu borroka gizonek bezala —oihu egin dio Markok, aurpegia guztiz gorrituta.

        «Aguretxoa jaiki da. Benetan txikia zen; Markoren sorbaldaraino baino ez zen iristen. Bertan geratu da, ezer esan eta egin gabe. Marko gainera oldartu zaio, txikitu beharrean. Baina bere kolpeek hura ez zutela ukitzen ematen zuen, eta, hala ere, Markoren ukabilak odolduta zeuden.

        — Zuek —egin die oihu Markok bere eskoltakoei—, ez zaitezte honetan nahasi. Neuri baino ez dagokit oraingo honetan.

        «Baina hatsantu egiten zen. Bat-batean, behaztopatu eta fardo baten gisa erori da. Zin degizut agurea artean mugitu gabe zegoela.

        — Erorketa gaiztoa duzu, Marko —esan dio agureak—. Ez zara berriro jaikiko. Uste dut bazenekiela hasi aurretik.

        «— Turkiarren kontrako espedizio hori dugu, ordea, dagoeneko prestatua: egindako kontua zen, esan liteke —bota du lurrean zetzan gizonak nekez—. Baina horrela denez, horrela da.

        «—Turkiarren kontra ala alde? —galdetu dio aguretxoak—. Jakina da zenbaitetan alde batetik bestera igarotzen zinela.

        — Gorteiatzen nuen neskari, hori esan zidanean —esan du hilzorian zegoenak—, eskuineko besoa moztu nion. Eta gatibu bati baino gehiagori ere moztu izan diot lepoa, agindua banien ere... Baina dena ez da txarkeria, azken finean. Eman izan diet popeei; eman izan diet pobreei...

        — Ez zaitez hasi kontuak ematen —esan du agureak—. Goizegi edo beranduegi da beti, eta ez du ezertarako balio. Utzidazu, hobe, neure jaka zure buruaren azpian jartzen, lurrean hobexeago egon zaitezen.

        «Erantzi du jaka, eta esan bezala egin du. Harrituegi geunden guztiak hura harrapatzeko. Eta gainera, ongi pentsatuta, ez du ezer egin. Zabal-zabalik zeuden ateetara jo du. Bizkarra pixka bat makurtuta, ordura arte baino eskale antz handiagoa zuen, baina ezer eskatzen ez duen eskale batena. Bi zakur zeuden atarian kateatuta; oso gaiztoa den Beltz Handiaren buruan pausatu du eskua igarotzean. Beltz Handiak ez dizkio hortzak erakutsi. Ordurako Marko hilda zegoela jakinda, sarrera aldera bueltatuak ginen guztiok, joan zihoan agurea ikusteko. Kanpoan, bidea, dakizunez, zuzenean urruntzen da bi muinoren artetik, orain gora, gero behera, gero gora berriro. Urruti zegoen jada. Hankak arrastaka antzera hauts artean zihoan norbait ikusten zen, galtza motzek izterretan kolpatzen zutela eta atorra airean. Arin zihoan agure bat izateko. Eta haren buru gainean, zeru huts hartan, basa-antzara talde bat ikus zitekeen hegan.»

 

 

 

© Marguerite Yourcenar

© itzulpenarena: Imanol Zurutuza

 

 

"Marguerite Yourcenar / Ekialdeko kontakizunak" orrialde nagusia