Kali lepamoztua

 

        Kali, jainkosa beldurgarria, Indiako lautadetan barrena dabil batera eta bestera.

        Aldi berean topo egiten da berarekin Iparrean eta Hegoan, eta aldi berean leku santuetan eta azoketan. Emakumeak dardaratu egiten dira hura igarotzean; gizon gazteak, sudur-zuloak zabalduz, atarietara ateratzen dira, eta marruka diharduten haurtxoek badakite jada beraren izena. Kali Beltza lazgarria da, eta ederra. Hain du fina gorpuzkera, non bananondoarekin alderatzen baitute kantuak egiten dizkioten olerkariek. Sorbalda biribilak ditu, udazkeneko ilargi-jalgitzearen gisakoak; zabaltzeko zorian dauden kimuen gisa puztutako bularrak; elefantekume jaioberriaren tronparen gisa zabu egiten dute beraren izterrek, eta aldaska berrien gisakoak ditu oin dantzariak. Bizitza bezain beroa du ahoa; heriotza bezain sakonak begiak. Aldizka ikusten du bere burua gaueko brontzean, egunsentiko zilarrean eta iluntzeko kobrean islatua, eta eguerdiko urrean begiesten du. Baina haren ezpainek ez dute sekula irribarre egin; hezur sorta batek inguratzen dio bere lepo meharra, eta gainerako gorputz atalak baino argiago duen aurpegian aratz eta triste ageri ditu bere begi handiak. Kaliren begitartea, beti malkoz bustia, zurbila da, eta ihintzaz estalia dago, goizaren musu urduria bezala.

        Doilorra da Kali. Bere burua paria eta kondenatuei eskaintzearen eskaintzeaz galdu zuen bere jainkozko kasta, eta legenardunek musukatutako haren aurpegia astro-zarakar batez estalia da. Hotz handiengatik bere burua inoiz garbitzen ez duten Iparraldetik etorritako gameluzainen bular hazteritsuen kontra etzaten da; zorriz jositako ohantzeetan sartzen da, eskale itsuekin; brahmanak besarkatzen ditu orain, hilotzak bainatzeaz arduratzen diren dohakabeak gero, arraza zikineko horiek, argitasunaren narrio direnak; eta sutarako egur-pilen itzal piramidalean luze-luze eginda, errauts epelen gainean abandonatzen du bere burua Kalik. Zakar eta indartsu diren bateltzainak ere maite ditu; bazarretan zerbitzatzen duten beltzak berak ere, zamariak baino jipoituago horiek, onartzen ditu; fardelen harat-honatak larrututako haien bizkarren kontra igurzten du burua. Ur freskorik eskuratzea lortzen ez duen emakume sukarrak joa bezain triste, herriz herri joaten da, bidegurutze batetik bestera, atsegin hits berberen bila.

        Gogotik dantza egiten dute haren ointxoek dilin-hotsak jaurtitzen dituzten zango-uztaien pean, baina haren begiek ez diote malkoak isurtzeari uzten, haren aho mingotsak ez du musurik ematen, haren betileek ez dituzte laztantzen besarkatzen dutenen masailak, eta haren aurpegiak eternalki zurbil segitzen du, ilargi orbangabe baten gisa.

        Behinola, Indraren zeruan erreinatzen zuen Kalik, perfekzioaren nenufarrak, zafiro baten barruan bezala; goizeko diamanteek haren begiradan distiratzen zuten, eta beraren bihotzaren taupaden arabera kizkurtu edo hanpatzen zen unibertsoa.

        Baina Kali, lore bat bezain perfektua, ez zen jabetzen bere perfekzioaz, eta, eguna bezain aratz, ez zen bere araztasunaz ohartzen.

        Jainko zelatiek eklipse-arrats batean barrandatu zuten Kali, itzal-kono batean, planeta konplize baten hegian. Tximistak moztu zion lepoa. Odolaren lekuan, argi-uhin bat isuri zen haren garondo ebakitik. Bitan banatutako gorpua, Jeinuek leizera jaurtia, jainkoen argia hauteman ez edo uko egin diotenak negar-zotinka herrestan dabiltzan Infernuen hondoraino amildu zen. Haize hotzak jo zuen, eta kondentsatu egin zuen argitasuna, non hasi baitzen zerutik erortzen; geruza zuri bat pilatu zen mendi gailurretan, iluntzen hasia zen espazio izarreztatuen pean. Jainko-munstroek, jainko-abereek, hamaika beso eta hamaika zangoko jainkoek, bira dagiten gurpilen gisa, ihes egin zuten ilunpeetan barrena, beren aureolek itsututa, eta Hilezkor izu-ikaratuak damutu egin ziren beren krimenaz.

        Munduaren Teilatuan behera jaitsi ziren jainko dolutuak, inoiz izandakoak herrestan dabiltzan kez betetako leizera. Igaro zituzten bederatzi purgatorioak; pasatu ziren barrengo harrak jandako fantasmak egindako hutsegiteez damutzen direneko lokatz eta izotzezko ziegen aurretik, eta beste hildako batzuek, alferreko gutizia batek tormentatzen dituela, egin ez zituzten hutsegiteengatik negar dagiten sugarrezko presondegien aurretik. Harritu egiten ziren jainkoak Gaizkiaren mugagabeko irudimen hura, plazeraren eta bekatuaren baliabide eta grina zenbatezin haiek aurkitzeaz gizonengan. Hiloztegiaren barrenean, aintzira batean, loto-lore baten gisa zabu zegien Kaliren buruak, eta igeri zegiten inguruan haren ile beltz luzeek, ur gaineko sustraien gisa.

        Jaso zuten debotki buru eder odolustua eta behinola hura gainean eraman zuen gorputzaren bila hasi ziren. Gorpu lepamoztu bat zetzan ur-bazterrean. Hartu zuten, Kaliren burua haren sorbaldaren gainean kokatu eta bere baitara ekarri zuten jainkosa.

        Brahman gazte baten meditazioak nahasten saiatzeagatik hil zuten prostituta batena zen gorputz hura. Odolik gabe geratua, gorpu zurbil hark aratza zirudien. Jainkosak eta emagalduak orin berdin-berdina zuten ezkerreko izterrean.

 

 

        Kali ez zen itzuli sekula, perfekzioaren nenufar, Indraren zeruan erreinatzera. Haren jainkozko burua itsatsi zioten gorputz hark ospe gaiztoko auzoen nostalgia zuen, debekatutako laztanena, emagalduek, isilpeko lizunkeriez gogoeta eginez, pertsiana berdeetan barrena bezeroen etorrera zelatatzen duteneko gelena. Haurren limurtzaile bilakatu zen, agureen zirikatzaile, gizon gazteen maitale despota, eta hiriko emakumeek, beren senarrek bazter utziak izaki, alarguntzat jotzen zuten bere burua, eta sutako garrekin alderatzen zuten Kaliren gorputza. Estoldetako arratoia bezain lohia izan zen, eta landetako erbinudea bezain gorrotatua. Tripaki-saltzaileen mahaitik errai zerrenda bat osten den bezala ostu zituen gizonen bihotzak; abaraskek likisten duten bezala likisten zizkioten eskuak fortuna urtuek. Atsedenik gabe, Benarestik Kapilavistura, Bangaloretik Srinagarrera, Kaliren gorputzak berekin zeraman jainkosaren buru desohoratua, eta haren begi argiek negar egiten segitzen zuten.

 

 

        Goiz batean, Benaresen, Kali, mozkor eginda, akiduraz keinuka, emagalduen kaletik atera zen. Landan, simaur pila baten bazterrean eserita lerdea zeriola patxada ederrean zegoen ergel bat altxatu egin zen bera igarotzean, eta ondotik abiatu zitzaion. Jada ez zuen jainkosagandik haren itzalaren luzerak baino bereizten. Kalik moteldu egin zuen ibilera eta hurbiltzen utzi zion gizonari.

        Hark utzitakoan, berriro ekin zion bideari, hiri ezezagun baterantz. Haut batek limosna eskatu zion; Kalik ez zion abisu eman haginka egiteko gertu zegoen suge bat goratua zela bi harriren artetik. Bizitza duen ororekiko haserre bizia errotua zen beraren baitan eta, aldi berean, haien kontura bere substantzia emendatzeko desioa, kreaturak deuseztatuz bere burua asetzekoa. Hilerri inguruetan aurkitu ohi zuten, kokoriko jarrita; lehoien ahotzarrak bezala kraskatzen zituen hezurrak haren ahoak. Beren arrak irensten dituzten intsektu emeek bezala hil izan zuen; bere umaldiaren gainera oldartzen den basurde emeak bezala zanpatu zituen erditutako haurrak. Suntsitzen zituenak, gainean dantza eginez akabatzen zituen. Odolez zikindutako ezpainek sarraski-kiratsa botatzen zioten, baina beraren besarkadak kontsolagarri zitzaizkien biktimei, eta beraren bularraren berotasunak kalte guztiak ahaztarazten zituen.

 

 

        Basoaren hegian, Jakintsuarekin topo egin zuen Kalik.

        Zangoak gurutzatuta zegoen eserita, ahurrak bata bestearen kontra jarrita, eta sutarako prestatutako egurra bezain lehor zuen gorputz ihartua. Inork ezingo zukeen esan oso gaztea ala oso zaharra zen; dena ikusten zuten begiak apenas ikusten zitzaizkion betazal erorien pean. Aureola-forma hartua zuen argitasunak haren inguruan, eta Kalik erraietatik jalgitzen sentitu zuen susmoa ezen, gertu zuela behin-betiko atseden handia, munduen geldiera, izakien askapena, bizitza eta heriotza zein baino zein alferrago izango ziren zoriontasun-eguna, Dena berriro Deusezak irensten duen sasoia, otu berri zitzaion ezerez huts hura artean jaio gabeko haurraren gisa ikaratuko bailitzan bere baitan.

        Errukitasun handiaren Maisuak eskua goratu zuen iragaile hura bedeinkatzeko.

        — Ahalkeizunari erantsi zioten nire buru guztiz aratza —esan zuen Kalik—. Nahi dut eta ez dut nahi; sufritu egiten dut eta hala ere atsegin hartzen dut; ikaratu egiten nau bizi beharrak eta izutu hil beharrak.

        — Guztiok gara osagabeak —esan zuen Jakintsuak—. Guztiok gaude erdibituta, zatiak gara, itzalak, iraupenik gabeko mamuak. Guztiok uste izan dugu, mendeen mendeetatik, negar egiten genuela eta atsegin hartzen genuela.

        — Jainkosa izan nintzen Indraren zeruan —esan zuen emagalduak.

        — Eta ez zeunden gauzen kateaketatik libreago, ezta diamantezko zure gorputza lokatz eta haragizko zure gorputza baino babestuago ere zoritxarretik. Beharbada, zorionik gabeko emakume, desohoratuta bideetan barrena zabiltzala gertuago zaude formarik gabeko denera iristeko.

        — Nekatuta nago —esan zuen jainkosak intzirika.

        Orduan, errautsez zikindutako txirikorda beltzak ukituz, honela mintzatu zitzaion Jakintsua:

        — Desioa zein hutsal den irakatsi dizu desioak; atsekabetzea zein alferreko den erakusten dizu atsekabeak. Izan pazientzia, oi, guztiok parte garen Oker; oi, Akastun, zeini esker hartzen baitu perfekzioak bere buruaren kontzientzia; oi, Sumindura, nahitaez hilezkor ez zarena...

 

 

 

© Marguerite Yourcenar

© itzulpenarena: Imanol Zurutuza

 

 

"Marguerite Yourcenar / Ekialdeko kontakizunak" orrialde nagusia