Afrodisia alarguna
Kostis Gorria deitzen zioten, gorria zuelako ilea, isuritako odol mordoxka batez kargatua zuelako kontzientzia eta, batez ere, jaka gorria eraman ohi zuelako soinean zaldi-azokara jaisten zenean barro, nekazari izuturen bat behartzera, tupusteko hainbat heriotza-moduren arriskutan jarri nahi ez bazuen, bere zamaririk hoberena merke-merke saltzera. Mendian ezkutatuta bizi izan zen, jaioterrira zenbait orduko bidea zuela, eta bere gaiztakeriak zenbait hilketa politiko eta dozena bat ardi argalen lapurretara mugatu ziren luzaroan. Kezkatzeko beharrik gabe itzuli ahal izango zatekeen bere burdinolara, baina ororen gainetik zerupe zabalaren eta ostutako janariaren zaporea gogoko dituzten horietakoa zen. Gero zuzenbide arrunteko bizpahiru hilketak gerrarako gertu jarri zituzten herritarrak; otsoa bailitzan inguratu zuten eta basurdea bailitzan atzera eginarazi. Azkenik, San Jorge gauean lortu zuten harrapatzea, eta zelaren gainean trabeska jarrita ekarri zuten herrira, zintzurra moztuta, harategiko abelburuaren gisa, eta abenturazko bizitza hartara bultzatuak zituen hiruzpalau gazteek berak bezala bukatu zuten, balez josita eta labankadez zulatuta. Sardeetan tinkatutako buruek herriko plaza apaintzen zuten; gorpuak bata bestearen gainean zeutzan hilerriko atean; nekazari garaileak ospakizunetan ari ziren, pertsiana itxiek eguzkitik eta eulietatik babesten zituztela; eta Kostakik sei urte lehenago bide bakarti batean hildako pope zaharraren alargunak negar egiten zuen bere sukaldean, mendekua hartua zioten nekazariei pattarrez beterik eskaini berriak zizkien godaletak urez garbitzen zituen bitartean.
Begiak xukatu eta sukaldeko aulki bakarrean eseri zen Afrodisia alarguna, bi eskuak mahaiaren ertzean jarrita, eta eskuen gainean kokotsa, atso zahar batenak bezala dar-dar zegiola. Asteazkena zen, eta igandeaz geroztik deus jan gabe zegoen. Hiru egun ziren, orobat, ez zuela lorik egiten. Eragotzitako negar-zotinek bularra inarrosten zioten, artile beltzezko jantzi lodiaren tolesen pean. Logaletzen ari zen gogoz kontra, bere auhenek berek kulunkatua; jauzi batez, tentetu egin zen: ez zen oraindik siestaren eta ahanzturaren ordua berarentzat. Hiru egun eta hiru gauez, zain egon ziren herriko emakumeak plazan, mendiko oihartzunak tiro-danbada baten burrunba bidaltzen zien bakoitzean garrasi eginez; eta Afrodisiaren oihuak lagunenak baino ozenago jalgi ziren, ordurako bere hilobian sei urtez zetzan pope zaharra bezain itzal handiko gizon baten emazteari zegokionez. Ondoezik jarri zen hirugarren egunaren egunsentian nekazariak itzuli zirenean, beren zama odoltsua leher egindako mando baten gainean zekartela, eta alargunduz geroztik berex bizi zeneko etxetxora eraman behar izan zuten auzoek; baina, onera etorri bezain laster, bere mendekatzaileei edaten eman behar ziela eta eman behar ziela hasi zen. Zangoak eta eskuak artean dardarka zituela, bana-banaka hurbildu zitzaion gelan larru eta akidura kirats ia jasanezina barreiatzen zuten gizon haietako bakoitzari, eta ezinezkoa izan zitzaionez eskaini zizkien ogi eta gazta xerrak pozoiz ontzea, ezkutuka haietan tu egitearekin etsi beharra gertatu zitzaion, udazkeneko ilargia haien hilobien gainetik goratu zedila desiratuz.
Une hartan aitortu beharko ziekeen bere bizitza osoa, haien ergelkeria agerian jarri edo zituzten susmorik okerrenak egiaztatu, hamar urtez isilpean gordetzea aldi berean hain erraza eta hain gogorra izan zitzaion egia hura belarrietara oihukatu: Kostisi zion maitasuna, beraien lehenengo topaketa bide-zoko batean, bera kazkabar-erauntsitik babestua zen marugatzearen pean, eta gau ekaiztsu hartatik tximistaren bat-batekotasunaz sortutako beraien grina; nola itzuli zen herrira, gogoa guztiz asaldatuta, izuak damuak baino parte handiagoa zuen bihotz-zimikoak jota; ogia eta ura hain premiazkoago bihurtu zitzaion gizon hura bere buruari ukatzeko ahaleginetan igarotako aste eramanezina; eta Kostisi egindako bigarren ikustaldia, mendiko etxalde bat bakar-bakarrik gobernatzen zuen popearen amari irina eraman behar ziola aitzakiatzat jarrita; eta garai hartan soinean eraman ohi zuen gonazpiko horia, tapaki modura beren gainean hedatu zutena, eguzki puska baten azpian etzan balira bezala izan baitzen; eta abandonatutako karabana-geraleku turkiar bateko ukuiluan ezkutatu behar izan zuten gaua; eta igarotzean freskotasun-masailekoak ematen zizkioten gaztainondo adar gazteak; eta Kostisen bizkar makurtua, azkarregi egindako mugimendurik txikienak sugegorri bat amorrarazteko arriskua sortzen zueneko zidor haietan barrena aurretik zihoakionean; eta lehenengo egunean erreparatu ez zion orbaina, haren garondoan sigi-saga zegiena; eta lapurtutako zer edo zer preziatu bailitzan botatzen zizkion begirada gutiziatsu eta zoroak; eta bizimodu gogorrera ohitutako gizonari zegokion haren gorputz sendoa; eta lasaitu egiten zuen haren barrea; eta maitasunean beraren izena zizakatzeko zuen modu ongi berezia.
Jaiki eta keinu zakar batez uxatu zituen horma zurian burrunban zebiltzan bizpahiru euliak. Zikinkeriez elikatutako euli gogaikarriak ez ziren bizkarroi nardagarri samar batzuk bakarrik, zeinen joan-etorri zoli eta arina norberaren larruaren gainean jasan beharra baitzegoen: beharbada pausatuak ziren gorpu biluzi haren gainean, buru odoltsu hartan; beren irainak gehituak zizkieten haurren ostikoei eta emakumeen begi luzeei. Ai, ahal izan balu zapi-kolpe soil batez herri osoa suntsitu: liztor eztenak bezain mihi pozoitsuak zituzten atso zahar haiek, eta mezatako ardoaz mozkortutako apaiz gaztea, elizan bere aurrekoaren hiltzailearen kontra deiadarka jarduten zuena, eta liztortzarrak fruitu eztiz likatsu baten gainera bezala Kostisen gorputzaren kontra arrabiatuak ziren nekazari haiek. Ezin pentsa zezaketen sei urtez geroztik hilerriko bazterrik ohoragarrienean ezkutatutako pope zahar hartaz bestegatik izan zitekeenik Afrodisiaren dolua: ezin izan zien oihukatu lorategi zokoan zegoen komuneko zurezko eserlekuak adina arduratzen zuela bera mozkor hantuste haren bizitzak.
Eta hala ere, lo egitea galarazten zioten haren zurrungak eta eztarria garbitzeko zuen modu jasanezina gora-behera, faltan sumatzen zuen ia agure sinesbera eta hutsal hura, lehenik engaina zezatela eta, ondoren, itzal erakusleen pantailan barre eragiten duten senar jeloskor horietako baten gehiegikeria irrigarriaz, izu-ikaratu zezatela utzi ziena: komikotasun elementu bat gehitu zion beraren maitasunaren dramari. Eta atsegingarri gertatu zitzaien Kostisek jakapean eramango zituen popearen oilaskoei lepoa bihurritzea, hura ezkutuka presbiterioraino limurtzen zen arratsetan, eta gero azeriei leporatzea harrapaketa. Atsegingarri gertatu zitzaien, orobat, agurea platanopeko beraien maitasun-solasak iratzarrita jaiki zen gau batean, gizon zaharra leihora aterata sumatzea, haien itzalek lorategiko murruan egiten zuten mugimendu bakoitzaren zelatan, eskandaluaren beldurrak, tiro batenak eta mendeku irrikak aldi berean hartua, barregarriki. Afrodisiak Kostisi inoiz aurpegira emateko izan zuen gauza bakarra, hain zuzen ere, agure hura hil izana zen, gogoz kontra bazen ere beren amodioaren estalgarritzat balio baitzien.
Alargunduz gero, ez zion inork susmorik hartu ilargirik gabeko gauetako elkartze arriskutsu haietarako Kostisekin hitzartu izanaz eta, hortaz, ikusle baten piperra falta izan zitzaion bere pozaren platerari. Emaginen begi fidagaitzak emakume gaztearen gerri zama-berrituan pausatu zirenean, popearen alarguna saltzaile ibiltariren batek edo etxalde-langileren batek seduzitu zuela uste izan zuten haiek gehienez ere, halakoak Afrodisiak berekin oheratzen utziko liekeen horietakoak bailiran. Eta pozik onartu behar izan zituen susmo umilgarri haiek, eta goragaleari eusteko jartzen zuena baino are ardura handiagoz irentsi behar izan zuen bere harrotasuna. Eta handik aste batzuetara berriro ikusi zutenean, gonazpiko lasaien pean sabela lau, bere fardelaz hain erraz libratzeko Afrodisiak zer egin ote zuen bere buruari galdezka hasi ziren guztiak.
Inortxok ez zuen pentsatu San Lukasko santutegirako bisitaldia aitzakia baino ez zela, eta Afrodisia herritik zenbait legoatara egon zela gordeta, ordurako Kostisen ogia egostera eta haren jaka konpontzera jarria zen popearen amaren etxolan. Kontua ez zen Oso Z:aharrak bihotza biguna zuela, baina Kostisek pattarrez hornitzen zuen eta, bestalde, bera ere, gaztetan, maitasuna gogoko izandakoa zen. Eta han etorri zen mundura haurra, eta bi lastairaren artean ito behar izan zuten, katakume jaioberri bat bezain ahul eta biluzi zena, jaiotzaren ondoren hura garbitzen nekerik hartu gabe.
Azkenik, auzapezaren hilketa etorri zen Kostisen taldekide baten eskutik, eta gizon maitatuaren esku argalak gero eta kartsukiago atxikiak bere eskopeta zaharrari, eta hiru egun eta hiru gau haiek, eguzkia odoletan ateratzen eta ezkutatzen zela baitzirudien. Eta arratsean bukatuko zen dena, bozkario su batez, ordurako hilerriko atearen ondoan bildurik zeuden gasolina-bidoiak medio; lurperatzen nekerik ez hartzeko petrolioz bustitzen diren mando-haratustel horiek bezala tratatuko zituzten Kostis eta haren taldekideak, eta Afrodisiari ez zitzaizkion jada eguzki eta bakardade ordu bakar batzuk besterik geratzen dolu-aldia burutzeko.
Krisketa kendu eta hilerrira bitartean zegoen ordeka estura atera zen. Harri idorrezko hormaren kontra zeutzan gorpu pilatuak, baina ez zuen zaila Kostis ezagutzea; bera zen handiena, eta maitatua zuen. Nekazari gutiziatsu batek kendua zion txalekoa, igandean dotore janzteko; bazeuden jadanik zenbait euli betazaletako odol malkoetan itsatsita; ia erabat biluzik zegoen. Bizpahiru zakur lurreko arrasto beltzak miazkatzen ari ziren; gero, hatsanturik, itzal zerrenda mehar batean etzatera itzuli ziren. Arratsean, eguzkia kaltegabeko bihurtzen den orduan, emakume taldetxoak hasiko ziren biltzen terraza estu hartan; Kostisek bi besaburuen artean zuen garitxa hautemango zuten. Gizonek ostikoka irauliko zuten gorpua, utzi zizkioten jantzi apurrak gasolinaz bustitzeko; upela bati zotza kentzen dioten mahats-biltzaileen poz handiaz irekiko zituzten bidoiak. Pazko opari gisa Kostisi eskaintzeko bere eskuz jositako atorraren mahuka urratua ukitu zuen Afrodisiak, eta bat-batean Kostakik ezkerreko besoaren barrualdean grabatua zuen bere izenari erreparatu zion. Bereak beste begirik jausten bazen larruazal bizian baldarki marraztutako hizki haien gainera, egiak argituko zuen supituki haien adimena, hilerriko hormaren gainean dantzan hasitako gasolinaren sugarren antzera. Harrikatua ikusi zuen bere burua, harrien pean ehortzia. Ezin zuen, ordea, hain samurki salatzen zuen beso hura erauzi, edo galbidean jartzen zuten marka haiek ezabatzeko burdinak goritu. Ezin, orobat, ordurako horrenbeste odol isuria zen gorpu hari zauri bat egin.
Esteban popearen hilobia gainezkatzen zuten latorrizko koroek dirdira zegiten esparru bedeinkatuaren harresitxoaren beste aldean, eta lur-tontor konkor hark agurearen zilbor koipetsua gogorazi zion bat-batean. Alargundu ondoren, hilerritik bi pausora zegoen borda hartan zokoratu zuten pope zenduaren alarguna: bera ez zen kexu hilobiak baino hazten ez ziren leku bakar hartan bizitzeaz; izan ere, Kostis ausartu ahal izan zen zenbaitetan, ilundu ondoren, bizidunik igarotzen ez zen bide hartan barrena, eta aldameneko etxean bizi zen ehorzlea hildako bat bezain gorra zen. Hilerriko harresiak baino ez zuen bereizten Esteban popearen hobia bordatik, eta inoiz iruditu izan zitzaien hildakoaren arimaren begi-bistan segitzen zutela elkar laztantzen. Orain berriz, bakardade horrek berak emango zion aukera Afrodisiari amarrukeria eta arinkeriazko bere bizitzari zegokionaren gisako proiektu bat gauzatzeko, eta, eguzkiak zartatutako zurezko atakari bultza eginez, ehorzlearen pala eta pikotxaz jabetu zen.
Lehor eta gogor zegoen lurra, eta isuritako malkoak baino are ugariago zerion izerdia Afrodisiari. Tarteka-marteka harri-hotsa ateratzen zuen palak, baina zarata hark ez zuen inor ernatzen leku mortu hartan, eta herriko guztiak lotan zeuden bazkaldu ondoren. Azkenik, zur zaharraren zarta-hotsa entzun zuen pikotxaren pean, eta Esteban popearen hilkutxa, gitarra baten zura baino hauskorrago, pitzatu egin zen bultzadapean, eta geratzen ziren agurearen hezurren eta meza-jantzi zimurtuaren apurrak agerian geratu ziren. Pilatxo bat egin zuen Afrodisiak kondar haiekin, eta zerraldoaren bazter batera bultzatu zuen kontu handiz; gero Kostisen gorpua ekarri zuen herrestan hobirantz, besapeetatik helduta. Maitale izandakoak buru baten aldea ateratzen zion senarrari, baina zerraldoa aski handia izango zen Kostis lepamoztuarentzat. Estalkia atzera itxi, hilobiaren gainean lurra berriro pilatu, harrotu berri zuen lur-tontorra behinola eliztarren kontura Atenasen erositako koroen laguntzaz estali eta hildakoa herrestan eramana zuen bidexkako hautsa berdindu zuen Afrodisiak. Gorpu bat falta zen orain hilerriko sarreran zetzan pilan, baina nekazariek ez zituzten, hala ere, hilobi guztiak arakatuko haren bila.
Eseri egin zen arnasestuka, baina berehalakoan jaiki zen, gogoko gertatzen hasia baitzitzaion ehorzle lan hura. Kostisen burua han goian zegoen oraindik, iseken mende jarrita, sarde batean josia, herriak harkaitzei eta zeruari leku uzten dien tokian. Deus ez zegoen bukaturik harik eta berak ehorzketa-erritoa bukatu arte, eta gelditu gabe ibili beharra zeukan, baldin eta jendeak —etxe-zuloetan lo edo drakmak kontatzen edo maitasun-lanetan— kanpoan eguzkiari lekua libre uzten dioneko bero-ordu horietaz baliatuko bazen.
Herria inguratuz, jenderik gutxien ibili ohi zen pendoitza hartu zuen gailurrera igotzeko. Erdi lo zeuden zakur argalak etxe atarietako itzal estuetan; Afrodisiak ostiko egiten zien igarotzean, jabeengan kitatu ezin zuen gorrotoa haiei jaurtiz. Gero, animalia haietako bat ileak guztiz laztuta altxatu zenean intziri luze batez, une batez gelditu beharra izan zuen, hura balaku eta laztanez lasaitzeko. Goritutako burdinak bezala erretzen zuen aireak, eta Afrodisiak kopetaraino eraman zuen soinean zuen bizkar gainekoa, kontua ez baitzen egin beharrekoak bukatu aurretik seko erortzea.
Ordeka zuri eta biribil batera jotzen zuen azkenik zidorrak. Kostis bezalako etsituak baino arriskatzen ez ziren harpe ugarik zulatutako harkaitz handiak besterik ez zegoen gorago; inoiz arrotzek haietara sartzen ausartzeko imintzioa egiten zutenean, berehalakoan entzuten zuten nekazarien ahots zakarra deika. Oraindik gorago, arranoak zeuden bakarrik, eta arranoek baino bideak ez dakizkiten zerua. Kostis eta haren taldekideen bost buruek hildakoek egin ditzaketen keinu desberdinak egiten zituzten beren sardeetan. Kostisek estuturik zituen ezpainak, bizi zen bitartean konpontzeko denborarik izan ez zuen arazo bati buruz gogoeta egiten ari balitz bezala, zaldi baten erosketa edo bahiketa berri baten erreskatea kasu, eta, lagunen artean bakarra horretan, herioak gehiegi aldatu gabea zen, berez betidanik oso zurbila izaki. Hartu zuen burua Afrodisiak eta urratzen den zetaren hotsa egin zuen hark handik kentzean. Etxean ezkutatzeko asmoa zuen, sukaldeko zoruaren pean, edo berak bakarrik ezagutzen zuen harpe batean agian, eta laztandu egiten zuen gorpuzki hura, salbaturik zeudela ziurtatzen zion bitartean.
Zabalgunea baino beheraxeago, Basilio bordariaren lurretan hazten zen platanoaren pean esertzera joan zen. Bere oinetan, harkaitzek bizkor egiten zuten behera lautadarantz eta, urrutitik ikusita, goroldio finaren itxura hartzen zuten lurra estaltzen zuten basoek. Azken mugan, itsasoa ikus zitekeen mendiaren bi ezpainen artean, eta hala zioen Afrodisiak bere golkorako, Kostis olatu haietan barrena ihes egitera makurrarazi ahal izan balu, ez zela bera une hartan odolez marratutako buru bat belaunen gainean kulunkatu beharrean aurkituko. Bere deitoreak, zorigaiztoaren hasieratik eusten aritu zitzaien deitoreak, negar-zotin gartsu bilakaturik lehertu ziren, hiletetako erostarien deitoreen gisa, eta, ukondoak belaunen gainean, eskuak masaila hezeen kontra jarrita, hildakoaren aurpegiaren gainera isurtzen uzten zituen malkoak.
—Hela!, lapur hori, apaizaren alargun, zertan zabiltza nire baratzean?
Basilio zaharra, aihotz batez eta makilaz armaturik, bidearen goialdean ageri zen, eta txorimalo baten are antz handiagoa ematen zion erakusten zuen mesfidantza eta haserre itxurak. Jauzi batez altxatu zen Afrodisia, burua mantalaz estaltzen zuela:
— Itzal pixka bat besterik ez dizut ostu, Osaba Basilio, kopeta freskatzeko itzal pixka bat.
— Zer duzu mantalean ezkutatua, lapur hori, alargun txatxua? Kui bat? Sandia bat?
— Pobrea nauzu, Osaba Basilio, eta sandia gorri-gorri bat besterik ez dizut hartu. Sandia gorri bat bakarrik, bere barruko hazi beltzekin.
— Erakutsidazu hori, gezurti alaena, sator beltz gisako horrek, eta itzulidazu lapurtu didazuna.
Basilio zaharra maldan behera abiatu zen, makila astinduz. Afrodisia korrika hasi zen amildegi aldera, mantalari ertzetatik eusten ziola. Malda gero eta malkarrago egiten zen, bidea gero eta irristakorrago, sartzeko gertu zegoen eguzkiaren odolak harriak likatu izan balitu bezala. Aspaldi zen Basilio gelditua, eta oihuka ziharduen goraki, iheslariari atzera egin zezan abisatzeko; bidea ez zen jada zidor bat baino, eta jausitako harkaitz pila bat zidorra. Afrodisiak entzuten zuen, baina haizeak xehatutako hitz haietatik gauza bakarra ulertzen zuen, ihes egiteko beharra, ihes herriari, gezurrari, hipokresia astunari, egun batean jada inork maite ez duen emakume zaharra izatearen zigor luzeari. Azkenik, harri bat askatu egin zen haren oinpean, amildegian behera erori zen bidea erakutsiz bezala, eta Afrodisia alarguna malkarrean eta arratsean hondoratu zen, odolez zikindutako burua berekin zeramala.
© Marguerite Yourcenar
© itzulpenarena: Imanol Zurutuza